Prentsa Oharren banner

Kultura Zerbitzuak hitzarmena sinatu du Arabako Ilusionisten Elkartearekin, Magialdia nazioarteko jaialdia antolatzeko

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Arabako Ilusionisten Elkartearekiko  lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur, Magialdia nazioarteko jaialdia antolatzeko.

Kultura Zerbitzuaren eskumenetako bat da kultur programak antolatzen laguntzea, hiriaren bizitza kulturala dinamizatzeko eta herritarren eskaerei erantzuteko, eta nazioartean aitortutako ibilbidea eta ospea duten ekimenei sostengu berezia ematea.

Horrenbestez, Udalak 80.000 euro jarriko ditu  Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatzen duen Magialdia nazioarteko jaialdiari laguntzeko; irailaren 11tik 17ra egingo da aurten. Orobat,  Magiari buruzko Nazioarteko Jardunaldiek XXIX. edizioa beteko dute.

Horretaz gain, Udalak Principal antzokia, Federico García Lorca antzokia, Europa biltzar jauregia eta Espainia plaza erabiltzen utziko du jaialdiarekin lotutako jarduerak egiteko.

Share

Urtaranen gobernuak Hiri Paisaiaren Zerbitzurako garabi-kamioia erosteko lehiaketa deituko du

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udaleko Hiri Paisaiaren Zerbitzurako garabi-kamioi bat erosteko prozedura abiaraztea onetsi du. Lehiaketa-aurrekontua 112.000 euro da, BEZa barne. Ibilgailu berezi hori hiriko berdeguneak mantendu, hobetu eta onik zaintzeko lanetan erabiliko da, bai eta paisaia eraldatu eta hobetzeko lanetan ere. Gehien bat inausketetan eta adar ihartuak edo ale gaixoak nahiz egoera fitosanitario eskasean daudenak kentzeko erabiliko da.

Hiru lekuko ibilgailua izango da, eta ezaugarri teknikoen arteko nabarmengarriena da Euro 6 emisio-maila duen diesel motorra izan beharko duela, hau da, ingurumen araudiko zorrotzena. Zamarako espazioak bost metro luze edo gehiago izan beharko du, eta garabiaren altxatzeko ahalmenak, gutxienez 3,8 tonakoa.

Enpresa esleipendunak gehienez 150 egun izango ditu ibilgailua emateko kontratua izenpetzen denetik. . Orain arte, horrelako kamioiren bat behar zuen bakoitzean, alokatu egiten zuen Udalak, baina bat erostea erabaki da, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin.

 

Share