Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 ekaina 2017 18:12

2017ko Andre Maria Zuriaren Jaietako kartela aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Ostirala, ekainak 2

Ordua. 10:30

Tokia. Espainia plaza

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:48

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalak AENORen ISO 50001 ziurtagiria jaso du udal eraikinen energia kudeaketa dela eta, azken urteetan energia termikoaren kontsumoa % 28 murriztea lortu baita, eta kontsumitutakoaren % 15ek iturri berriztagarria baitu.

“Ziurtagiri horrek bermatzen du gure instalazioetan kontsumitzen den energia zuzen kudeatzen dela, eta lanean jarraituko dugu kontsumoak murrizteko eta erabiltzaileen erosotasuna handitzeko”, azaldu du Udal administrazioaren zinegotzi Carlos Zapaterok. Harekin batera izan dira AENORen Euskadiko ordezkaritzako zuzendari Luz Emparanza eta GIROAko zuzendari nagusi Juan Manuel Tarazena; azken enpresa hori arduratzen da udal eraikinen energia kudeaketaz.

Garatu den metodologiari esker, 2010az geroztik udal eraikinen multzoan energia termikoaren kontsumoa % 28 murriztea lortu da; orotara 350 instalazio dira, gizarte etxeak, kiroldegiak, ikastetxeak, egoitzak, zentro sozialak eta bulegoak barne.

Orobat, % 40 gutxitu da atmosferara isurtzen den CO2 kopurua, energia-eraginkortasunaren hobekuntzari eta energia berriztagarriko iturriei (biomasa) esker. Baso-hondakinak baliatzen dituen energia mota hori 13 instalaziotan ezarri da, besteak beste, zenbait gizarte etxe, kiroldegi eta igerilekutan, Europa biltzar jauregian, eta Gamarrako zentro sozialean.

 

Energia berriztagarriak

Gaur egun, udal eraikinetan kontsumitzen den energia termikoaren % 15ek du jatorri berriztagarria (biomasa eta eguzkia), bat ere karbono emisiorik gabea.

“Datu horiek kontuan hartuta esan dezakegu Gasteiz klima-aldaketaren kontrako borrokaren abangoardian dagoela, Parisko gailurrean ezarritako helburuak betetzen ari baikara, bai eta Euskadiko Energia Estrategian eta udalaren iraunkortasun eta ingurumen plan estrategikoetan ezarritakoak ere”, esan du Carlos Zapaterok.

Giroako zuzendari nagusi Juan Manuel Tarazenak, berriz, Gasteizek duen pribilegiozko lekua nabarmendu du, “ingurumenaren alorrean lehen postuetan baita. Mugarria da udal eraikin guztiak ziurtatzen ditugun lehenak eta Estatuko gainerakoentzat erreferentziazko eredua izatea”.

AENORen Euskadiko ordezkaritzako zuzendari Luz Emparanzak azaldu du, ildo beretik, Gasteizko Udala “nabarmen gainditzen ari” dela “Europar Batasunak ezarritako helburuak. EBren politikak betetzen lagundu du, kontsumoak nabarmen murriztuz”.

Etorkizunari begira, Udal Administrazioaren Sailak biomasa instalazio berriak jartzen jarraituko du, kontsumitzen den lehen mailako energiaren % 50 berriztagarria izan dadin; argi guztien ordez led teknologia jartzen eta energia fotovoltaikoa handitzen ere jarraituko du.

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:42

 

 

 

Gasteizko Udalak harrera egin dio gaur goizean CAME-Argentinako Enpresa Ertainen Konfederazioari, Euskadira bisitan etorri baita hiriguneetan merkataritza eta turismoa garatzeko politikak, estrategiak, antolakuntza eta ekintzak zuzenean ezagutzeko. Berrogeita hamar pertsona inguru (enpresaburuak, enpresa ertainetako kudeatzaileak eta zenbait alkate) izan dira ekitaldian, bai eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria, Gasteiz On elkarteko ordezkariak eta Udalbatzako ordezkariak ere.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak adierazi du oso garrantzitsua dela esperientziak trukatzea mundu globalizatu batean eta merkataritza ereduak aldatzen ari diren honetan. CAMEren lehendakariorde Juan Carlos Uboldik, berriz, lankidetzarako estrategiak garatzen jarraitzearen alde egin du, merkataritza metatze handien eredu alternatibo bat defendatzearren.

CAMEk 1.500 merkataritza eta industria ganbera baino gehiago biltzen ditu. Gaur Gasteizera etorri den taldean Argentinako 15 herri daude ordezkatuta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Uztailaren 11tik aurrera, hamar ikuskizun (komedia, umorea, musika eta entretenimendua) eta 21 emanaldi eskainiko ditu Udal Antzoki Sareak

 20170601 PROGRAMA

Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak Udal Antzoki Sarearen 2017ko udako programazioa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Ohi bezala, jazza, Euskal Herriko Gazte Orkestraren bisita, eta jaien aurreko zein Andre Maria Zuriaren jaietako musika entretenimendua eta antzerkia sartu dira egitarauan.

Orotara hamar ikuskizun eta 21 emanaldi izango dira, komedia, umorea, musika eta entretenimendua nagusi direlarik.

Gasteizko Jazzaldiaren barruan antolatzen den XXI. Mendeko Jazza zikloak emango dio hasiera denboraldiari,  uztailaren 11tik 15era. Askotariko bost proposamen dira, jazz talde ezagunek eginak:

·        Uztailak 11: Konexioa: Hasier Oleaga Trio + Jorge Rossy

Sarrerak dagoeneko salgai daude; informazio osoa jaialdiaren web-orrian eskuratu daiteke:  www.jazzvitoria.com

EUSKAL HERRIKO gazte orkestrak (EGO) udako bisita egin ohi du Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñeko entzunaretoetara; Principalera uztailaren 21ean etorriko da, 20:00etan.  Programa bikoitza eskainiko du:

  • SHEHERAZADE, Rismky Korsakov-ena, mila gau eta bat gehiagoko istorioetan inspiratua.
  • WEST SIDE STORY, Leonard Bersteinen lan ezagunena, musikaltasun eta lirismoz betea.

 

Jaien aurretik, uztailaren 27, 28 eta 29an, RUMBA, EL MUSICAL DE MAYUMANÁ ikuskizuna iritsiko da Principal antzokira. Rumba musikalak arrakasta handia lortu du denboraldi honetan Madrileko Gran Vía-n. Perkusioa, dantza, erritmoa (Estoparen kantuak oinarri hartuta) eta Mayumanáren estilo ospetsua, dagoeneko ezaguna zaiguna.

Abuztuaren 4tik 9ra, berriz, Andre Maria Zuriaren jaietako antzerki-programazioaren barruan, publikoak azken komediekin dibertitzeko aukera izango du, bai eta antzezle eta umoregile ospetsuak —Lolita, Luis Merlo eta Mariano Peña, besteren artean— ikusteko ere. Hiru lan dira, eta 10 funtzio emango dituzte.

  • Abuztuaren 4an eta 5ean, PREFIERO QUE SEAMOS AMIGOS komedia, Lolita eta Luis Mottola antzezle direla eta TAMZIN TOWNSENDen zuzendaritzapean —zeina bitan agertzen baita udako programazioan—; bidaia barregarri batean, Lolitak abestu eta dantza egiten du, eta bikote batek nola ikasten duen elkar maitatzen erakutsiko digute.
  • Abuztuaren 6an eta 7an, EL TEST; Luis Merlo, Maru Valdivieso, Itziar Atienza eta Antonio Melero dira “Zer duzu nahiago, ehun mila euro oraintxe bertan ala milioi bat hamar urte barru?” galderarekin hasten den deabruzko jokoaren pertsonaiak, gu guztiok prezioa ote dugun zalantza sortuz.
  • Azkenik, abuztuaren 8an eta 9an, OBRA DE DIOS komedia, New Yorken urteak daramatzana arrakasta lortzen; orain MARIANO PEÑAren eskutik (Aida edo Allí Abajo saioengatik ezaguna) heldu da Espainiara. Bibliako istorioak eta hamar aginduak umoregile handi horrek berridatzita dira komedia honen osagaiak, eta bisitatzen dituen antzoki guztietan arrakasta ziurra lortuko duela dirudi.

Sarreren salmenta betiko lekuetan egingo da, ekainaren 22tik aurrera, leihatilan (10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko ohiko ordutegian), kutxazainetan, internetez, kutxabanken eta www.principalantzokia.org web-orrian.

 

Denboraldiaren aurrerapena

Bide batez, Cantok udazkeneko denboraldiko hiru lan aurreratu  ditu.

Batetik, irailaren 23an, AURRESQ taldeak Lurra Ardoa Dantza proposamena aurkeztuko du: 20 musikari eta dantzarik ardoa egiteko prozesua antzeztuko dute, Juanjo Monago aktoreak gidatutako eszenografia zaindu betez. Sarrerak ekainaren 22an jarriko dira salgai.

Bestetik, urriaren 6tik azaroaren 26ra bitartean egitekoa  den Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren XLII. edizioan, bi lan hauek eskainiko dira Principal antzokian:

  • GOLEM,  1927 konpainiaren ekoizpena, Salzburgoko jaialdiarekin, Parisko Théâtre de la Ville-rekin eta Londresko Young Vic Theatre-rekin batera; urriaren 31n, ikusizko jai batera gonbidatuko gaitu, dantza eta animazioaren erabateko sinbiosira, Espainiara egiten duen lehen bisitan.
  • LOS VISITANTES, ASIER ETXEANDIArekin; KHEA ZIATER  konpainiaren ekoizpena talk show bat da, zuzeneko musikaz lagunduta, eta publikoari oso jolas dibertigarria proposatuko dio.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:18

Gorka Urtaranek hitzaldi bat emango du European Green Week ekitaldiaren barruan, zeinean 2019ko Europako Hiriburu Berdea aukeratuko baitute

 Gasteizko alkate Gorka Urtaranek European Green Week jardunaldien amaiera ofizialean hartuko du parte bihar, Essen-en (2017ko Green Capital), bai eta 2019ko Europako Hiriburu Berdea hautatzeko zeremonian ere. Alkateaz gain, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko Iraunkortasunerako Informazio eta Berrikuntza Arloko buru Juan Carlos Escuderok ordezkatuko du Gasteizko Udala bi ekitaldi horietan.

Gorka Urtaran alkateak hitzaldi bat emango du European Green Week-en barruan, Ingurumeneko europar komisario Karmenu Vellak lagunduta. 2012an European Green Capital izendatu zutenetik bost urte igaro direla eta, Gasteizko alkateak iraunkortasunaren hiru dimentsioak (ingurumena, gizartea eta ekonomia) kontuan hartuta hiri iraunkorragoa izateko xedez Arabako hiriburuan ezarritako eredua azalduko du Essenen. Gorka Urtaranek izendapenetik Gasteizek izandako bilakaera aztertuko du, beti ere helburu batekin: “etorkizun iraunkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzea, karbonoari dagokionez hiri neutroa sustatuz eta berotegi-efektuko gasen eta klima aldaketaren kontra borrokatuz”. Ildo horretatik, Gasteizen arlo “berdean” garatzen ari diren proiektu izarretako batzuk gogoraraziko ditu alkateak, hiri-azpiegitura berdearen aldeko apustutik —“biztanle bakoitzeko 42 metro koadro berdegune duen hiri batean”Gorka Urtaranek aipatu duenez— mugikortasun iraunkorreraino —joan-etorri aktiboak nabarmen hazi eta zenbait proiektu aurreratu dituelarik, hala nola tranbiaren luzapena eta BRTa—, turismo iraunkorra eta pobreziaren kontrako borroka barne.

Ekitaldi horrek, gainera, hasiera emango die Gasteiz European Green Capital izendatu zuteneko bosgarren urteurrena ospatzeko jarduerei. “Etorkizuna iraunkortasunaren ikuspegitik diseinatzen jarraitu nahi dugu, tokiko gobernuok aurre egin beharreko erronka garrantzitsuenetako bat baita. Funtsean, argi dugulako ‘green’ izatea ez dela kolore batekoa izatea, ez eta berdegune asko edukitzea ere. Autoatseginkeriatik urrun, aurrerago jo nahi dugu“, esan du alkateak. Hain zuzen ere, Gasteizek bost urte hauetan ingurumenaren ikuspegitik izan duen eboluzioa ebaluatuko da, eta hausnarketa prozesu bati ekingo zaio kolektiboekin, gizarte-eragileekin eta alderdi politikoekin batera, hiriak European Green Capital den aldetik hartu behar duen bidea definitzeko. Alkateak azaldu duenez, “hausnartzeko, etorkizunerako erronkak definitzeko eta orain arte egindako lana nabarmentzeko” balioko du horrek. Programazioa ‘Green Capital +5’ deituko da, eta oraindik ez da edukia zehaztu.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:57

Datorren astelehenean, ekainak 5, hasiko da izena emateko epea 2017ko bigarren seihilekoko enplegurako prestakuntza-eskaintza osatzen duten aurrez aurreko 28 ikastaroetan. Horietako bederatzik profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko aukera emango dute; Lanbideren bermea duen agiri ofizial horrek dagokion lan-jardueran aritzeko behar den kualifikazioa egiaztatzen du. Aurreko edizioetan bezala, ikastaroetan sartzeko lehentasuna izango dute 30 urtetik beherako eta 45 urtetik gorako langabeek, eta horiei emakume langabeak gehituko zaizkie, emakumeek neurriz beherako ordezkaritza duten jarduera-sektoreetan.

Programatutako bost prestakuntza arloetan bi nabarmentzen dira bereziki: informazio eta komunikazio teknologiak eta eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorra. Lehen multzoan orotara zazpi ikastaro eskainiko dira, eta horietako bi (diseinu grafikoa eta Java garapena) “Bide OneTIC” ibilbide formularen bitartez garatuko dira: laguntza teknikoarekin, ikasleek beren profil propioa malgutasunez diseinatu ahalko dute, aurretik duten prestakuntzaren eta esperientziaren arabera. Arlo horretako ikastaroetan gai berriak landuko dira: zibersegurtasuna, fabrikazio gehigarria, robot eta droneen muntaketa edo online saltokiak sortzeko plataformak. Bigarren multzoan, berriz, zazpi ikastaroetako lautan profesionaltasun ziurtagiria emango da; pintura, zurgintza, altzariak, iturgintza, zoladura, alikatatua eta instalazio elektrikoa landuko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzako gainerako arloei dagokienez, bost ikastaro aurreikusi dira industrian eta automozioan, sei enplegu berdearen eta iraunkortasunaren arloan, eta hiru pertsonentzako eta komunitaterako zerbitzuen sektorean.

Horietaz gain, bada online ikasteko aukera zabala ere, e-learning bidezko 200 modulu baino gehiago, CETICen bertan edo internetez egin daitezkeenak.

2017ko bigarren seihilekoko enplegurako prestakuntza-eskaintzaren barruan zabalkunde jardunaldiak antolatu dira halaber: batetik, jardunaldi teknologikoak, IKTen arloko enplegurako aukera berriak ezagutarazteko; bestetik, eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorrari buruzko jardunaldiak, Ingurubideren laguntzarekin.

Orobat, Gasteizko Udalak enplegu-bilaketa hobetzeko bi programa eskaintzen ditu: lan aktibazioko lantegia, eta 45 urtetik gorako nahiz 30 urtetik beherako pertsonentzako coachinga.

Azkenik, Ekintzaileei Laguntzeko Plan Integrala dugu, zeinaren barruan 140 ordurainoko prestakuntza, tutoretza saio praktikoak eta aholkularitza pertsonalizatuko 10 ordu eskaintzen baitira enpresa bat sortzen laguntzeko. Irailaren 4tik aurrera eman ahalko da izena planaren urteko bigarren ediziorako.

“Azken urtean bakarrik, Gasteizen 2.200 langabe gutxiago zenbatu dira, eta udalaren enplegurako prestakuntzaren bidez joera horri jarraitzeko asmoa dugu, hiru faktoreri esker: lanbide prestakuntzaren alorreko eragileekiko koordinazio gero eta handiagoa, prestakuntza behar handiena duten profilei bideratuagoak dauden ikastaroen diseinua, eta enplegagarritasuna handitzeko neurri multzo bat, prestakuntza gako dutelarik”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Esan bezala, aurrez aurreko prestakuntzarako izena emateko epea astelehenean hasiko da. Online egin daiteke, edo aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoetan, San Martineko bulego teknikoetan, OMIJ-Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, CETIC-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zentroan edo Ignacio Ellacuría ikastegian.

Informazio gehiago: 2017ko 2. seihilekoko enplegurako prestakuntza-eskaintza

 

 

Share