Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 ekaina 2017 17:00

Masterplan Centro proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, ekainak 9

Ordua. 09:00

Tokia. Dendaraba, Araba auditorioa

——————————

Emakumeen Lasterketari buruzko Feria irekitzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Ostirala, ekainak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Iradier Arena

—————————–

Gazteentzako III. Nanoipuinen Lehiaketako sari banaketa

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Ostirala, ekainak 9

Ordua. 19:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:55

Urte osoan ehuneko horri eustea aurreikusi da, eta egindako inbertsioa 20-24 hilabetetan amortizatzea

Estíbaliz Canto zinegotzia buru duen zuzendaritza-kontseiluak hala erabaki zuelarik, Luis Aranburu udal musika eskolan kontsumo txikiko luminaria berriak (LED) instalatu ziren duela hilabete, argiaren kontsumoan eta fakturan % 35 aurrezteko asmoz.

2017ko aurrekontuetan jasotako “Energia-kontsumoa murrizteko plana” partidaz baliatuz, eta Mantentze Zerbitzuaren laguntzarekin, 8.424,40 euro inbertitu ziren, eta 20-24 hilabetetan amortizatzea aurreikusi da.

Lehen hilabetean bakarrik, 406,68 euro aurreztu dira iazko aldi beraren aldean: 2016ko maiatzean 1.151,86 eurokoa izan zen faktura, eta 2017an, 745,18 eurokoa.

“Hartara, Eskolak dirua eta energia aurrezteko helburua betetzen du, bai eta gizarteari balio erantsia ematen dion eta gai publikoen kudeaketa arautu behar duten printzipio etikoei eraginkortasunez erantzuten dien kudeaketa egiteko helburua ere” , esan du Cantok.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

cartel XIII Vuelta Anillo Bici_017

folleto XIII Vuelta Anillo BTT_017

Gasteizko Udalak Eraztun Berdeko Bizikleta Biraren 13. edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Goiena mendi taldeak antolatzen dute. Aurten ekainaren 18an egingo da lehia-asmorik gabeko martxa, zeina aukera paregabea baita Eraztun Berdean barrena ibiltzeko. Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentrotik abiatuko da, 9.30ean, eta 14 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte. Dagoeneko eman daiteke izena, udalaren web-orrian eta Aldabe, Pilar, Hegoalde, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua eta Salburuko gizarte etxeetan. Lekuak mugatuak dira: 300.

Parte-hartzaileen eta Goiena taldearen lanari esker egiten den jarduera guztiz sendotuta dago Udalaren ingurumen eskaintzan. “Kontzientziazioaren alorrean, funtsezko ekitaldia da, herritarren artean izaera ‘berdea’ eta ingurumenarekiko errespetua sendotzen laguntzen baitu”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

Lehia-asmorik gabeko martxa tropelean egiten da, eta aukera paregabea da Eraztun Berdearen 31 kilometroak osatzeko. “Eraztun Berdeko espazio naturalak benetako birika berdeak dira sustatu nahi dugun Gasteiz Green honetan. Hiri inguruko parkeak, gainera, nekazaritza eta hiri esparruen arteko trantsizioa dira, eta gozatzea merezi dute. Horregatik uste dut interesgarria dela herritarrek ezagutzea eta bertatik ibiltzea”, esan du Iñaki Prusillak. Hauxe da Goienak koordinatu duen ibilbidea: Ataria-Salburua-Nebera gaina-Zubigarai-Olarizu-Gardelegi-Lasarte-Armentia-Zabalgana-Gobeu-Atxa-Abetxuku-Gamarra-Eskalmendi-Alegria ibaia-Ataria. Antolakuntzako kideak joango dira tropelaren hasieran eta bukaeran, nahitaezkoa izango da kaskoa erabiltzea eta bitan banatuko dira jan-edanak.  Parte hartzaileei opari bana emango zaie.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:08

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak ekonomia zirkularrari buruzko mahai-inguru batean hartu du parte gaur goizean,  Málagan aste honetan egiten ari den “Greencities” hiri adimen eta iraunkortasunari buruzko 8. foroan. Alorrean espezializatutako enpresetako, Málagako Unibertsitateko eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko ordezkarien aurrean, Gasteizko Udalean ekonomia berdearekin lotuta garatzen ari diren alorrei buruz hitz egin du Melgosak.

Ekonomia eredu zirkular bat garatzeko proiektuen artean Nerea Melgosak Basaldea izan du hizpide nagusi. Udalak 20 hektarea jarri ditu baratzezaintza ekologikoko enpresen mintegia sortzeko, eta egokitzeko lanak egin ondoren aurten hasiko da funtzionatzen, nekazaritza ekologikoaren, lurraren babesaren eta nekazaritza eremuko paisaiaren alorretan prestakuntza-ekoizpena-banaketa-sentsibilizazioa zikloa ixteko.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziak, halaber, eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorra sustatzeko ekimenak eta Gasteiz Biosphere helmuga izendatzea aipatu ditu. Lehenengo kasuan, 200 profesionali baino gehiagori prestakuntza eman zaie eraikuntzaren sektorearen krisia arintzea ahalbidetzen duen enplegu-nitxo batean, lurrari kalte gutxiago egiten dioten eta hondakin gutxiago sortzen duten teknika berriak sustatzearekin batera. Bigarren kasuan, turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria lortzeak bultzada eman dio sektore ekonomiko hori garatzeko aukeratu den ereduari, hots, ingurumena errespetatzen eta tokiko eskaintza turismoari zein biltzarrei begira espezializatzen duen ereduari.

Bestetik, Nerea Melgosak udalaren beste programa batzuk aipatu  ditu, hala nola Karbono maila txikiko ekonomia programa, energia-kontsumoan aurreztu nahi duten enpresei laguntzeko, eta Itun Berdea, ingurumenarekin konprometitutako enpresen komunitatea, 200 enpresatik gora biltzen dituena.

“Gasteizek iraunkortasun-politiken arloan egindako ibilbide luzea dela eta, ekonomia berdeak gero eta leku garrantzitsuagoa du makina bat jardueratan. Greencities foroan egotea, eta beste hiri askorentzat eredugarri izatea, alor askotan egiten ari den lan onaren aitorpena da”, adierazi du Nerea Melgosak.

Greencities foroa hiri adimentsuentzako soluzio espezializatuen eskaintza eta eskaera batzeko elkargunea da, eta bertan biltzen dira administrazio publikoetako teknikariak, hainbat alorretako profesionalak (arkitektura, ingeniaritza, hirigintza, ingurumena eta turismoa), enpresetako teknikariak, eta instalazioetako kudeatzaileak eta administratzaileak, besteak beste. Erakusketa eremuan ehun enpresa, antolakunde eta erakundetik gora daude aurten, eta 105 hizlarik hartuko dute parte jardueretan.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:59

Ostiralean, ekainak 9, haurren eta nerabeen parte hartzerako Aktiba(tu) programaren amaierako jaia egingo da Sefarad plazan. 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 20:00etara hainbat jarduera egingo dira Judimendiko gizarte etxearen aurreko plazan, elkartzeko eta parte hartzeko gune ludikoa bihurtuta:  jolas erraldoiak, lantegiak, ginkana, batukada, lankidetzazko grafitia, etab.

Goizean, Aktiba(tu) programan parte hartu duten ikasle taldeek —Escolapios, Divino Maestro, Santa María, Mendebaldea, Judimendi eta Ángel Ganivet ikastetxeetako ikasleak— beren esperientziak partekatu eta programaren emaitzak elkarri azalduko dizkiote. Horretaz gain, ikasturtean zehar parte hartzeko erabili dituzten dinamikak ikusaraziko dituzte, talde lanean, sorkuntzan eta jolasean oinarritutako ekintzen bidez.

Orobat, haur eta nerabeen eskubideak aldeztu eta sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko zenbait herritar entitatek hartuko dute parte: AVAIM, Garenok, Movimiento contra la Intolerancia eta Itaka Escolapios.

Arratsaldean, hiriko ume guztiek izango dute Aktiba(tu) Planeta izeneko jaian parte hartzeko aukera.

Aktiba(tu) programa 2015-2016 ikasturtean sortu zen, proba gisa, eta sendotuz joan da. Hiru lan-ildo ditu: haur eta nerabeen eskubideak sustatzea, haur eta nerabeen parte hartzea, eta haur eta nerabeen eskubideei eta parte-hartzeari buruzko zabalkundea eta sentsibilizazioa.

Ikasturte honetan 2.000 umek baino gehiagok hartu dute parte Aktiba(tu) programan. Alkatea horien ordezkaritza batekin bilduko da datorren asteartean, ekainak 13, udaletxeko harrera aretoan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:59

 

 

 

 

 

 

Gaur goizean “Industrialdeen kudeaketa eztabaidagai-Esperientziak partekatzen” jardunaldia egiten ari da Europa biltzar jauregian. Berrogeita hamar teknikari espezialista inguruk (enpresa-elkarte, enpresa, gizarte-agente eta administrazio publikoetakoak) industrialdeak kudeatzeko eta horietan esku hartzeko ereduei buruz hitz egingo dute.  Galizia, Asturias, Katalunia, Andaluzia eta Euskadiko hizlariek hartuko dute parte.

Gorka Urtaran alkateak inauguratu du jardunaldi teknikoa, eta nabarmendu du aukera ona dela industrialdeen orainaz eta etorkizunaz sakon hausnartzeko. Urtaranek industriak Gasteizen duen garrantzia gogoratu du, bertako  esku lanaren laurden bat baino gehiago enplegatzen baitu, eta gakoa baita krisi ekonomikoa gainditu eta kalitateko enplegua sortzeko udal gobernuak egin duen erronkan. Alkateak alor horretan egindako jarduerak nabarmendu ditu, hala nola Industria Zerbitzua sortzea, industrialdeetan erabiltzen ez diren lursailen inbentarioa egitea eta Industria Mahaia abian jartzea.

Sei aurkezpenek eta bertaratuen zein hizlarien arteko azken eztabaidak osatuko dute gaurko programa, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzako esperientziak, industrialdeak dinamizatzeko ekintzak, enpresak elkartzeko proiektuak eta industrialdeak garatu eta etengabe hobetzeko tresnak ezagutu ahalko dira.

 

 

 

 

Share