Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 ekaina 2017 17:00

Foro de Innovación Educativa ekitaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Peio Lopez de Munain

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 9:15

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

—————————-

Prentsaurrekoa. IGIko udako agenda aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko presidente Iñaki Prusilla; eta Atariako koordinatzaile Gorka Belamendia

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————–

Erakunde-adierazpena irakurtzea LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Parte hartzaileak. Udal taldeko ordezkariak

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 12:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————-

Harrera ekitaldia CEA de Control Inteligente izeneko sinposioko parte hartzaileei

Udalak harrera egingo die CEA de Control Inteligente izeneko sinposioko parte hartzaileei.

Parte hartzaileak. Alkateorde Itziar Gonzalo

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 19:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:22

Ostiralean, ekainak 30, bukatuko da enpresak sortzeko laguntza ekonomikoak emateko aurtengo deialdira eskabideak aurkezteko epea, hilaren hasieran ireki zena. Gasteizko udalerrian kokatuta dauden enpresa txiki sortu berriei zuzenduta daude laguntzak, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 2016ko uztailaren 1.az geroztik alta emanak direlarik. Enpresa eratzeko nahiz martxan jartzeko gastuei aurre egiteko izango dira diru-laguntzak, baita aktibo finko berriko elementuetan egindako inbertsioei aurre egiteko ere.

Guztira, 100.000 euroko diru-kopurua du deialdiak, nahiz eta handitzerik izango den eskabide guztiei horrekin erantzutea ezinezko gertatuz gero. Diruz lagundu daitekeen gutxienez 5.000 euroko inbertsioa egina izan beharko dute aurkezten diren proiektuek, eta Udalaren laguntzak gehienez ere inbertsioaren % 40 hartuko du, onuradun bakoitzeko eta urteko 8.000 euroko mugarekin.

“Ekintzaileen 28 proiektu berrik ikusi zuten argia iaz, laguntza-deialdi honi esker. Hainbat esparrutan lanpostuak sortu eta jarduera sustatzea ahalbidetu zuen horrek. Enpresak sortzeko laguntzen bitartez, hainbat alderdi bultzatzen ari gara, hala nola berrikuntza, proiektu bat planteatzen diguten lantaldeen kualifikazioaren hobekuntza edo ekimen bakoitzak gizartearekin eta ingurumenarekin duen konpromiso-maila.  Horrela, kalitateko enpleguaren alde egiten dugun apustuarekin batera, enpresa-ehun dinamiko eta lehiakor bati laguntza ematen diogu”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, gehienez sei hilabeteko epea izango da laguntza eman edo ukatzen diren ebazteko.

Informazio gehiago: Enpresak sortzeko laguntzak

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, udal taldeek adierazpen bat irakurriko dute bihar, eta argiztatu egingo dira udaletxeko eta Arkupeetako fatxadak.

Aldiro udalean biltzen den Berdintasunerako Mahaiak gaur jakinarazi duenez, udalak aurrera jarraitzen du Gasteizko LGTBI taldearen errealitatearen diagnostikoa egiten. Ikerlan honek LGTB taldeak hainbat arlotan –espazio publiko, hezkuntza, lan, osasun eta aisian– bizi duen egoera ezagutu nahi du ikuspegi feminista eta intersekzional batetik. Hartara, hobeto ezagutu nahi da talde honek pairatzen duen bazterkeria, balizko esku hartze ildoei ekiteko. Proiektu hau beste zenbait proiekturekin lotuta dago, hala nola Emakumeen Etxearekin, IV. Berdintasun Planarekin eta indarkeria matxista prebenitzeko estrategiarekin.

Udaleko Berdintasun Zerbitzua Gasteizko LGTBI taldekoen egoeraren diagnostikoa egiten hasi da, berdintasun arloko politika publikoek “sexu eta genero aniztasuna, sexualitateak eta desio anitzak ikusarazten eta LGTBI taldekoen kontrako diskriminazioari, estigmazioari eta indarkeriari aurre egiten lagun dezaten” adierazi du Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek.

Ikerlan honek LGTBI pertsonen egoera azalduko du ahalik eta fidelen. Ikerlan horren ondorioetatik aterako dira lehentasuneko lan-esparruak eta jarduera-ildoak, eta egun prestatzen ari den Berdintasunerako IV. planean sartuko dira. Orobat, diagnostiko honekin erantzun egiten zaio indarkeria matxistaren kontrako “Feministok Prest! 11 eraso 12 erantzun” manifestaldia zela eta Mugimendu feministak 2016ko martxoan udalbatzari egindako proposamenetako bati.

Ekainean diagnostikoaren proiektua eta metodologia aurkeztu zaizkie talde feminista eta LGTBI kolektiboari, horien artean, TransBolloMarika Sarea, Errota Zaharra, Eoncult, Bizirik, Gure Soroa eta Arabako emakumeen asanblada. Ikerketaren ardatz izango den esparru politiko eta teknikoa eskaintzeaz gain, elkarren artean prestatu zen informazioa biltzeko lanabesetako bat izango den galdetegia. Proiektuak 6 hilabete irautea aurreikusi da, abiatzen denetik kontatuta.

Bihar, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, erakunde adierazpena irakurriko dute udaleko talde politikoek. Era berean, ortzadarraren koloreekin argiztatuko dira udaletxeko fatxada eta Arkupeetako eraikina.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

20170627 Dossier Actividades Iradier Arena Fiestas de la B…

Iradier Arena erabilera askotarako eraikinean Andre Maria Zuriaren jaietan bederatzi jarduera kultural, ludiko eta aisialdikoak egingo dira, horien artean, pilota, zirkua, haurrentzako ikuskizuna eta bigantxak azpimarratzen dira. Halaxe aurkeztu du gaur programa prentsaurrekoan Kultura, Hezkuntza eta Kiroleko zinegotzi Estíbaliz Cantok.

“Polemika artifizialak alde batera utzita, iazko amaiera aldera aurreko enpresariak uko egiteak eta gero izangai gehiago ez agertzeak ezinezko egin zuten ohiko zezenketak programatzea”. Zentzu horretan, Cantoren esanetan “gure sailean Iradier zabalik izateko eta jarduera ezberdinak programatzeko apustua egin genuen, eta lanari ekin genion argi geneukalako zezenketak ez izateak ez ziela jaiei eragingo, eta jaiak arrakastatsuak izaten jarraituko zutela gure hirian; gainera, zezenkarik ez izatea aukera ere bazela Iradier Arenan bertan ere berritasunak sartzeko”.

Horrexegatik, Kulturaren arduradunak berritasunak sartzearen alde egin du: “Udalerrietako jai herrikoiak mugitzen diren ikurrak dira, urtez urte tradizioa eta berritasunak uztartzen dituztenak, eta beraz, urtetik urtera ere tradiziozko elementu batzuk desagertu egiten dira beste berritasun batzuei tokia egiteko, betiere herritarrek haietara bertaratzearekin udaleko talde politikoei azaltzen edo eskatzen dietenaren arabera”.

Jarduerak goizez (10:30etik 12:00etara) eta arratsaldez (18:00etatik 20:00etara) izango dira, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5 eta 6an, eta arratsaldez bakarrik abuztuaren 7, 8 eta 9an.

Lehenengo hiru goizetan (uztailaren 25ean eta abuztuaren 5 eta 6an) ohiko jarduerak izango dira bigantxekin. Eta arratsalde horietan Super Grand Prix, Humor Amarillo eta errekortadoreen lehiaketa, uztaien modalitatean.

7an arratsaldez (Blusaren eta Neska Txikiren eguna) haurrentzako euskarazko ikuskizuna programatu da, “Pupu eta Lore Haizearen Herrira” izenekoa, Katxiporretak aurkeztuta. Imanol Urbietaren haur-kantak oinarri hartuta, hiru lagunek umeei parte hartzeko gonbita egingo diete, kantuak, dantzak eta jolas interaktiboak erabilita.

8an “Xarivari Blues” ikuskizuna “Circo Los” konpainiaren eskutik; zirku garaikideko konpainia honek malabareak, ohe elastikoaren gaineko oreka-jokoak eta akrobazia zorabiagarriak erabiliko ditu “The Blues Brothers” filma irudikatzeko. Beteranoentzako bereziki diseinatutako jarduera.

9an, azkenik, Pilotaren inguruko jarduera izango da. Frontoi eramangarri oso berritzailea instalatuko da eta taldeka partekatuko da.

Prezio ezberdinak izango dira jardueraren arabera. Bigantxak 4 euro izango dira. Grand Prix, Humor Amarillo, zirkua eta pilota 3 euro izango dira. Haurrentzako ikuskizunak 4 euro balio izango du, eta azkenik, uztaien ikuskizunak 7 euro. Sarrerak datorren uztailaren 10etik aurrera eros daitezke web gunean www.iradierarena.grupodisport.es edo leihatilan jardueraren egunetan, 9:30etik 12:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:44

Vitoria – Gasteiz. 16-07-2016. X CERTAMEN DE PINTURA
AL AIRE LIBRE “VITORIA-GASTEIZ”
“Pintando la Almendra Medieval de Vitoria-Gasteiz”. Nuria González

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

“Lovaina, Vitoria-Gasteizko erdialdeko hiri-espazioa” izango da aurtengo gaia.

20170627 Bases Certamen Pintura al Aire libre

Uztailaren 15ean izango da Gasteizko Udalak antolatzen duen Aire Zabaleko Pintura Lehiaketaren XI. edizioa.

Parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute uztailaren 3tik 13ra bitartean, bi egun horiek barne. Udalaren web-orriaren bitartez, baita 010 telefonora deituta ere (Gasteiztik kanpo deituz gero: 945 161100).

“Lovaina, Vitoria-Gasteizko erdialdeko hiri-espazioa” izango da aurtengo gaia.

Larunbat goiz osoan zehar ikusi ahal izango dituzte gasteiztarrek lehiaketan parte hartutako artistak Lovaina eta inguruetako kaleetan zehar eta plazetan haien lanak sortzen: Maria Inmaculada Katedraletik Abendañora; Gasteiz Etorbidetik joanda, Justizia Jauregitik Europa Jauregira, eta Siervas de Jesus kaletik Probintzia Plazara.

Bukatutako lanak 17:00ak baino lehenago aurkeztuko dira, eta 19:30ak arte egongo dira ikusgai Antso Jakitunaren kaleko pergolan. Ondoren, epaimahaiaren erabakia jakingo da.  Lehenengo saria, 1.600 eurokoa izango da; bigarrena, 1.400 eurokoa; eta, hirugarrena, 1.200 eurokoa. Horrez gain, 500 euroko 2 accesit emango diete sarituak izan ez diren bertako artistei.

Udalaren web-orrian argitaratuko da sarituen zerrenda. Saritutako lanak, baita accesita eskuratzen dutenak ere, Gasteizko Udalaren jabetzako bihurtuko dira.

Vitoria – Gasteiz. 16-07-2016. X CERTAMEN DE PINTURA
AL AIRE LIBRE “VITORIA-GASTEIZ”
“Pintando la Almendra Medieval de Vitoria-Gasteiz”. Nuria González

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:35

Gainbalioaren zergaren 159 likidazio baliogabetu ditu Gasteizko Udalak joan den martxoaren 1.az geroztik. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak egun horretan eman zuen epaian, balio-gehikuntzarik gertatzen ez den kasuetan zerga ez galdatzeko obligazioa ezarri zen. Baliogabetu diren likidazioetatik, 146 kasutan itzuli egin da kobratutako dirua, guztira 764.148,83 euro. Beste 13 kasutan, berriz, ordainketa egin aurretik baliogabetu da zergaren likidazioa —guztira 137.148,91 euro—. Dena bat eginik, 901.296 eurora iristen dira baliogabetu diren kobrantzak.

Gainbalioaren zergaren inguruko arau berriak aintzat hartzeko orduan Udalak prestutasunez, sentikortasunez eta modu koordinatuan lan egin duela nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak, datu horiek ematean. “Bidegabea da zerga hori ordaintzea jabe den familiak irabazirik izan ez badu. Horregatik, 900.000 eurotik gora itzuli dizkie Udalak egoera horretan zeudenei. Gainera, zerga arautzen duen foru-araua egokitu dadin laguntzen ari gara. Balio-galera izan denean gainbalio-ordainagiririk bidal ez dadin lanean ari gara, eta balio-galera izan den kasu guztietan itzuli egingo dugu ordaindutakoa”, adierazi du Urtaranek.

Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak epaia eman zuenez geroztik, lurzoruaren balio-gehikuntzarik izan ez den Gainbalioaren likidazio guztiak, administrazio-bidean edo errekurtso ekonomiko-administratiboaren bidean zeudenak, baliogabetu egin dira eta diru-kopuruak itzuli. Era berean, prozesutik kanpoko akordioen bitartez eman dira bukatutzat administrazioarekiko auzi-bidean zeuden zergaren likidazioak, balio-gehikuntzarik ez dela izan egiaztatu den kasuetan.

Aldi berean, zerga hori dela eta egindako kontsulta eta eskabide guztiei erantzuteko, eta Ogasun Sailean ezarritako bideak baliatuz horretarako, arreta espezializatua emateko zerbitzua jarri du Gasteizko Udalak herritarren eskura —aurrez aurre, telefonoz nahiz posta elektronikoz balia daitekeena—, zein bere lana normaltasunez egiten ari baita.

Gogoratu beharra dago, Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren ondorioz emandako premia fiskaleko arautze dekretuan ezarritakoaren ildotik, epai horren aurretik egindako Gainbalioaren zergaren likidazioak, dagoeneko irmotzat jotzen direnak, ezin direla errekurritu, eta, beraz, ez dagoela horietan zuzenketarik, lehengoratzerik edo itzulketarik egiterik.

Share