Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 ekaina 2017 17:00

Vitoria-Gasteizko Coronación auzoko guztizko birgaitze energetikoaren proiektuko aurkezpena

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós; Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola; Giroako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena; eta Errotazahar auzo elkarteko César Caño.

Eguna. Astelehena, ekainak 19

Ordua. 09:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————

Kontratazio Publiko Arduratsuaren inguruko Esperientzien Topaketa aurkeztea

Parte hartzaileak; Nerea Melgosa, Enplegu eta Garapen Ekonomikoa zinegotzia

Eguna. Astelehena, ekainak 19

Ordua. 09:45

Tokia. Europa biltzar Jauregia, Gasteiz aretoa

—————————

Prentsaurrekoa. Alzehimerra duten pertsonen aldeko ‘Oroimena da etorkizuna’ lasterketa solidarioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munain; eta AFARABAko presidente Maribel Perea

Eguna. Astelehena, ekainak 19

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————

Prentsaurrekoa. Luis Aranburu musika eskolako Ikasturte Amaierako Kontzertua aurkeztea

Parte-hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Astelehena, ekainak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, ekainak 16

  • Alkate Gorka Urtaranek eta Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapaterok parte hartuko dute Hogar Navarro etxeak antolatu duen “Sabores de Navarra” topaketa gastronomikoan 19:00etan.
  • Alavesekin hitzarmena duten kluben urteroko jaian izango da Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto 20:00etan, BAKHen.
  • Arabako Etxeak ekipamendu sektorearen jaian izango dira Jaione Agirre eta Isabel Martínez zinegotziak 20:00etan, Artium museoan.

 

Larunbata, ekainak 17

  • Berdintasun zinegotzi Jaione Agirrek parte hartuko du Arabako Baserritar Inguruko Sareak antolatu duen topaketan 9:30ean, Elorriagako Batzar Etxean.
  • Bizikidetza eta Dibertsitate zinegotzi Nerea Melgosak parte hartuko du Dibertsitate Ibilaldian, funtzio dibertsitatea duten pertsonekin eta beste elkartekin batera. Topaketa Prado kalean hasiko da Katedral Berriaren aurrean, 11:00etan.
  • Lehen alkateorde Peio López de Munain Landazuri Elkartearen 2016ko sari banaketan izango da 12:30ean, Santuaren Etxean (Armentia).

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:51

Tokiko Gobernu Batzarrak 2017an eta 2018an Gasteizko fatxadetan  paisaia-muralak margotzeko lehiaketa onetsi du gaur; Isabel Martínezen ardurapean dagoen Partaidetzaren eta Gizarte Etxeen Sailak deituko du lehiaketa.

Kultura-ondare garaikide eta gizatiartua sortzea da helburua, lehendik dagoen hiri paisaia edertu eta turismoarentzako erakarguneak sortzeko, eta aldi berean gizarte kohesioa eta boluntariotza sustatzeko.

Gobernuko taldeek Ahal Dugurekin lortu zuten aurrekontu akordioari esker, partida 30.000 eurotik 90.000 eurora igo zen, beraz, 2017an eta 2018an gutxienez hiru horma-irudi egin ahalko dira.

Gainera —eta hori da berritasun nagusia— hainbat multzotan banatuko dira proposamenak eta hartara lehiaketan parte hartzen duten enpresa edo pertsonek nahi beste multzotara aurkeztu ahalko dira. Auzoen arabera banatu dira multzoak:

  • 1. multzoa:  Aldabe–Pilar–Iparralde (Alde Zaharra, Koroatzea, Zabalgunea, Lovaina, Gazalbide, Txagorritxu, San Martin, Pilar, Aranbizkarra, Zaramaga).
  • 2. multzoa:  Ibaiondo – Lakua – Zabalgana (Ibaiondo, Lakuabizkarra, Abetxuku, Ehari-Gobeu, Sansomendi, Lakua 05, Lakua-Arriaga, Zabalgana).
  • 3. multzoa: Judimendi–Hegoalde, Salburua (Santiago, Arana, Arantzanbela, Anglo, Judimendi, Santa Luzia, Babesgabetuak, Adurtza, Errekaleor, San Kristobal, Aretxabaleta, Mendizorrotza, Ariznabarra, Salburua).

Multzo bakoitzaren aurrekontua 30.000 euro da, BEZa barne

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:33

 

 

 

 

 

 

EBA SL enpresari esleitu zaio kontratua, 323.260 euroan, eta 16 asteko gauzatze-epea ezarrita.

Orotara, Europa jauregiko sotoak 225 aparkaleku izango ditu; horietako 7 dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako dira, beste 7 ibilgailu eraginkorrentzat, eta 5 udal zerbitzuentzat, eta bizikletentzako lekua ere izango da.

Urtaranek gobernuak Europa biltzar jauregiaren lurpeko aparkalekua egokitzeko obretarako kontratuaren esleipena onetsi du gaur, “herritarrei indarreko araudia betetzen duen azpiegitura bat eskaintzeko, eraikinaren sarbideak eta ebakuazio-baldintzak zein prestazioak nabarmen hobetuz. Azken batean, biltzar jauregiaren ezaugarriekin bat datorren aparkalekua edukitzea da helburua, jauregiko biltzarretara datozen erabiltzaileen zein erabiltzaile pribatuen beharrak asetzeko balioko duena” azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

EBA-Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SL enpresa gertatu da esleipenduna, 323.260 euroan, eta lana gauzatzeko 16 asteko epea ezarri da, zuinketa-akta sinatzen denetik kontatuta.

Lan hauek egingo dira: batetik, hego-mendebaldeko zatia biltzar-jauregiko ekitaldietara datozen pertsonei zerbitzu emateko utziko da; bestetik, aparkaleku pribatua berrantolatuko da. Oro har, orain dauden 206 lekuen ordez 225 leku izatera iritsiko da.

Orotara, Europa jauregiko sotoak 225 aparkaleku izango ditu; horietako 7 dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat erreserbatutako dira, beste 7 ibilgailu eraginkorrentzat, eta 5 udal zerbitzuentzat.

Esan bezala, aparkalekuan bi eremu bereiziko dira: batak 3.181 metro koadro eta 129 leku izango ditu, erabilera pribaturako; besteak 2.310 metro koadro eta 96 leku, biltzarretako erabilerarako. Bigarren eremu horretan bizikletak aparkatzeko lekua ere egokituko da, 52 metro koadro.

Proiektuak, orobat, beste lan hauek aurreikusten ditu: igogailu eta erauzgailu berriak instalatzea; Txile kalera ematen duen larrialdiko irteera jartzea; hezetasunak kentzea; suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistemak, sistema elektrikoak, argiztapena eta seinaleztapena hobetzea, eta abar.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri duenez, garbiketako enpresa-elkartearekin “hasierako akordioa” lortu da, azken egunetan “aurrerapauso garrantzitsuak” eman baitira negoziazioan. Kaleak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzua ematen duen enpresarekin lortzear den hitzarmenak kaleratutako bost pertsonak berehala hartzea eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren bitartekaritza barne hartzen ditu gatazka behin betiko konponduko bada. Organo juridiko horrek aztertuko ditu Udalak eta garbiketako enpresa-elkarteak baldintza-agiriaren 36. klausula interpretatzean dituzten ezadostasunak, eta horri buruzko irizpena egingo du. Hain zuzen ere, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateratuaren 211. artikuluak aurreikusten du Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari irizpena eskatzea horrelako ezadostasunak sortzen direnean.

Alkateak azaldu du, halaber, organo horren ebazpenaren ostean sor daitezkeen ondorioak negoziatzen ari direla; une oro “bermatuko da zerbitzuaren jarraipena, enpresa kontratistari inolako kalte-ordainik ez ematea, oraingo plantillaren egonkortasuna eta indarrean dagoen hitzarmenean jasotako lan-baldintzak mantentzea”.

Gorka Urtaranek gogorarazi du udal Gobernua “oso zorrotza” izan dela  FCC eta GMSM enpresek osatutako ABEEari kontratua bete dezan eskatzean, eta agintaldiko lehen egunetik bertatik iragarri zuela Udalak ez duela “euro bakar bat ordainduko hirian eman ez diren zerbitzuengatik”. Beste batzuetan bezala, berretsi du ez diotela “enpresari inola ere onartuko sinatu zen kontratuaren barruan sartu gabeko erreklamazio edo eskaerarik“. “Gasteizen interes orokorra aldezten saiatu gara eta orain Udalak eta enpresak dituzten ezadostasunak gardentasunez argituko dira, eta kontratuan zein legeak aurreikusitako prozedurak baliatuz”. Negoziazioak zailak dira, eta ezadostasun nagusia absentismoari buruzkoa da.

Urtaranen Gobernuak eta enpresak oraindik itxi gabe dauden zenbait alderdi negoziatzen jarraitzen dute. Gasteizko Udaleko talde politikoekin eta kontrataren enpresa-batzordearen izandako bilera batean ere iragarri da hasierako akordioa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:29

Tokiko Gobernu Batzarrak Hiesaren aurkako Arabako Herritarren Batzordearekiko bi hitzarmen onetsi ditu gaur, GIB/HIESaren eta sexu bidezko beste infekzio batzuen aurkako prebentzio proiektuak garatzeko. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak ia 46.000 € jarriko ditu bi programa horiek egiteko, “prebentzioa baita transmisioa geldiarazteko modu bakarra. Kutsatzeko arrisku handiena duen populazioa ez ezik gainerakoak ere prebenitu eta informatu behar ditugu”, azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

Lehen hitzarmenak 23.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du, eta hainbat informazio-jarduera egiteko helburua du:

  • Kontsulta eta informazio zerbitzua, telefonoz, aurrez aurre eta online.
  • Prebentziorako materiala banatzea.
  • GIB/HIES eta sifilia detektatzeko proba azkarrak egitea.
  • Aholkularitza eta akonpainamendu zerbitzua.
  • Ekintza publikoetan parte hartzea: Hiesaren Mundu Eguna, GIB probaren Eguna, etab.

 

Hiesaren aurkako Batzordearekiko bigarren hitzarmenaren bitartez, “Gayen Artean” programa garatuko da, gizonekin harremanak dituzten gay eta gizonen artean GIB prebenitzeko. Udalak 22.921 € jarriko ditu hainbat ekintza gauzatzeko, besteak beste, sexu seguruari buruzko lantegia, kontsultei erantzuteko zerbitzua, eta infekzioak detektatzeko test azkarrak egitea.

Beste hitzarmen batzuk

Bestetik, Tokiko Gobernu Batzarrak  Los Angeles, San Mateo eta San Pedro parrokietako adinekoen elkarte soziokulturalekiko hitzarmenak onetsi ditu, parrokia horien inguruan bizi diren adinekoentzako aisialdi eta denbora libreko jarduerak garatu ditzaten. Elkarte bakoitzak 10.335 euro jasoko ditu.

Ildo beretik, Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 1.400 euro emango dizkio Hirugarren Adinekoak Hartzeko Emakume Boluntarioen Elkarteari, Zaramaga auzoan adinekoei sostengua eskain diezaieten, bereziki bakarrik dauden adineko emakumeei.

Elkartearen beste helburuetako bat da auzoko emakume erretiratuak aktibo izaten jarrai dezaten, eta horretarako lantegiak eta beste jarduera batzuk antolatzen dituzte, zahartze aktiboa sustatu eta bakardadea eragozteko.

Azkenik, Udalak 3.959 euroz finantzatuko du AFAARABA-Alzheimer eta bestelako buruko gaitzak dituztenen senitartekoen eta lagunen elkartea, “Zurekin” boluntariotza programa abian jartzeko; buruko gaixotasunen bat duten pertsonei beren etxeetan eta ospitaletan laguntzeko jarduerak proposatzen ditu programak, eta familiei sostengua eta atsedena eskaintzea.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:21

 

  • Lan horien bidez merkataritza eta ostalaritza sustatu nahi dira, eta Campezo Obras y Servicios enpresa arduratuko da egiteaz, 5 hilabeteko epean
  • Parterreak kenduko dira, oinezkoen igarobidea errazteko

Gasteizko Udalak San Anton plazaren ingurua eraberrituko du, oraingo egiturak traba ugari jartzen baitio oinezkoak igarotzeari; parterreak eta lore-askak kenduko dira, espazio garbiagoak sortu eta bertako merkataritza eta ostalaritza establezimenduak sustatzeko. Urtaranen gobernuak lanak Campezo Obras y Servicios enpresari esleitzea erabaki du gaur goizean, 449.176,07 euroan (BEZa barne). Hasierako aurrekontua 600.342,24 euro zen, eta zortzi enpresa aurkeztu ziren lehiaketara. Enpresa esleipendunak bi urteko bermea gehitu dio eskaintzari, eta bost hilabeteko epean burutuko ditu lanak. Espazio Publikoaren Zerbitzuak aurreikusi du lanak uztailaren erdialdera abiatzea.

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, lan horiek “inguruko auzokoen eta negozioen eskaerari erantzutea ahalbidetuko dute, urteak baitzeramatzaten eraberritzeko eskatzen. Oinezkoen igarobidea erraztuko dugu, orain espazioak zatikatzen dituzten parterreak eta zuhaixkak kenduta. Gasteizek espazio garbi eta zabala irabaziko duelakoan gaude, auzokoei zein saltoki eta ostalaritza establezimenduei ikusgarritasuna eta segurtasuna emango diena. Bide batez, esku-hartzeak ingurua ekonomikoki dinamizatzen lagunduko du”.

Datozen hilabeteetan Gasteiz fisikoki eta sozialki aldatzen lagunduko duten eta dagoeneko lehiaketa fasean dauden esku-hartze multzo bateko lehena da: “proiektu garrantzitsuak ditugu hirirako, berriki Udalak onetsitako aurrekontuari esker gauzatuko direnak“, azaldu du Gasteizko alkateak. Ondoren leku hauetan egingo dira lanak: Laudio plaza, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, San Ignazio Loiolakoaren kalea, eta Santa Barbara plaza eta inguruak (Bost Enparantza proiektua); azken obra irailean hastea aurreikusi da.

Ingurumen Sailak San Antonerako diseinatu duen proiektua Frantzia kaleak, Estenaga Apezpikuaren kaleak, Pedro Orbea kaleak eta Arana kaleak mugatutako espazioan gauzatuko da. Oraingo egiturak traba ugari jartzen dio oinezkoak igarotzeari, lorategi eremuak parterre eta eta hormatxo ugari baitu. San Anton plazaren ekialdean, esate baterako, hormigoizko hiru lore-aska goratu daude, oinezkoen pasabidea bitan zatitzen dutenak. Zuhaitz aleak balio gutxikoak dira, eta egoera txarrean daude. Lanen bidez lorategi esparru horiek eta hormatxoak kenduko dira, beste landare batzuk aldatuko dira, eta altzari berriak jarriko. Orobat, drainatzeko sare bat osatuko da, eta parterreak dauden lekuan granitozko lauzak eta berreskuratutako galtzadarriak jarriko dira.

Pedro Orbean, berriz, espazio publikoa itsusten duten lau parterre daude. Horrenbestez, parterre horiek eta balio gutxiko landareak kenduko dira, baina sekuoiak eta zedro bat utzita. Estenaga Apezpikuaren kaleko zatian, zuhaitz ilara bat kenduko da irisgarritasuna hobetzearren, hazkunde handiko espezie batekoak baitira, eta fatxadatik oso gertu baitaude. Arana kalean ere hormigoizko hormatxo batzuk kenduko dira, lekua “itxi” egiten baitute. Haurrentzako jolasak daudenean utziko dira.

Aldi berean, hiri-altzari zahar guztiak kendu eta berriak ipiniko dira. Ingurumen Sailak argiztapena ere hobetuko du, eraginkortasun eta iraunkortasun irizpideei jarraituz. Bestetik, AMVISAk inguruko hornikuntza eta saneamendu sarea berrituko du, administrazio-kontseiluak erabaki zuenaren ildotik.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:17

Tokiko Gobernu Batzordeak Lakua 03ko kirol esparruko futbol-zelaia berritzeko kontratazio-dosierra onetsi du gaur. Batzarrak Lakua 03ko zelai erabiligabea berreskuratzeko dosierra onetsi du, 888.315,93 euroan; Mantentze Zerbitzuak eta Kirol Zerbitzuak —Carlos Zapatero eta Estíbaliz Canto gidatzen dituzte, hurrenez hurren— koordinaturik egingo dira lanak.

Estíbaliz Cantok azaldu duenez, “kirol-instalazioek denbora luzeegia eman dute geldirik, eta kuantitatiboki eta kualitatiboki mantentzeko premia handia dago. Kirol Zerbitzuaren arduradunaren hitzetan, gaiak “hasieratik kezkatu gaitu, eta horretan jardun dugu; lehiaketa honek erakusten du gure instalazioak eraberritzea gure lehentasunetako bat zela. Cantok erantsi duenez, “konpromisoa dago gainerako kirol-instalazioetan ere urratsak egiten joateko, gobernuaren konpromisoa delako”.

Zehazki, Lakua 03ko futbol-zelaietako batean belar artifiziala jarriko da, orain dagoenaren ordez, ez baita egokia jokatzeko, eta instalazioa osatzeko behar diren lanak ere egingo dira: saneamenduak, ureztapena, kirol-ekipamendua, etab. Hartara futbolean eta errugbian aritzeko prest utziko da.

Hamaikako futboleko, zazpiko futboleko eta errugbiko entrenamenduak eta partida ofizialak egin ahalko dira.

1999an ordeztu zen hareazko azalera belar artifizialekoaz, eta 2006an hasi zen hondatzen, erreaktibotasun kimikoko zepek sortutako sabeltzeak agertu baitziren. Aldez aurreko ikerketan hiru lagin hartu eta zelai osoa aldatu beharra zegoela ikusi zenez, horrek proiektua atzeratu eta zertxobait garestitu egin zuen.

Laminaren neurriak 105 x 65 metro izango dira (6.825,00 m2). Ureztatze, saneamendu eta drainatze instalazioa ere berrituko da, eta barandak jarriko dira zelaia eta ikusleen eremua banatzeko. Orobat, behar den kirol-ekipamenduaz hornituko da futbol-zelaia: ateak, eserlekuak, banderatxoak eta inguruko baranda.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:03

Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailaren proposamenez, gainera, Artiumentzako transferentzia eta Arabako Argazkilarien Elkartearekiko hitzarmena onetsi ditu

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko Azkena Rock jaialdia babesteko kontratua onetsi du, bai eta Maratlón elkartearekiko hitzarmena ere, 2017ko “Vitoria-Gasteiz Triatloia” antolatu eta gauzatzeko. Orobat, Arabako Argazkilarien Elkartearekiko lankidetza hitzarmena eta Artium Fundazioarentzako aurrekontu transferentzia onetsi ditu.

Beste urte batzuetan bezala, Udalak babestu egingo du hiriko ekitaldi handietako bat, 2017ko Azkena Rock jaialdia, zeina ekainaren 23 eta 24an izango baita; zehazki, 270.000 euroko kontratua sinatuko da ekitaldia antolatzen duen ARF Vitoria-Gasteiz SL enpresarekin.

Uztailaren 9an, berriz, hiriko beste ekitaldi handietako bat egingo da, 2017ko Triatloia. Sailak, kirolaren promozioak eta sustapenak duten garrantziaz jakitun, lehiaketa arloa barne , 90.000 euro jarriko ditu Maratlón kirol eta kultur elkartearekiko hitzarmenerako, hark antolatzen baitu ekitaldia.

Orobat, Arabako Argazkilarien Elkartearekiko lankidetza hitzarmena onetsi du Batzarrak. Izan ere, Sailaren eskumenetako bat da kultur programak antolatzea, hiriaren bizitza kulturala dinamizatze aldera. Arabako Argazkilarien Elkarteak hainbat jarduera antolatzen ditu urtero: ikastaroak, prestakuntza jardunaldiak, hitzaldiak, lankidetzak, lantegiak, eta VIPHOTO izeneko argazki feria nazionala, argazkigintza garaikidea dinamizatu eta zabaltzeko eta espazio berritzailea sortzeko asmoz. Udalak 8.000 euro jarriko ditu programazio hori finantzatzen laguntzeko.

Azkenik, Artium Fundazioaren Patronatuko kide den aldetik, Udalak 90.000 euro jarriko ditu hura finantzatzeko. Gobernu Batzarrak transferentzia onetsi du gaur.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:01

Orobat, Lanbide Heziketa bultzatu eta garatzeko partzuergoaren aldeko transferentzia onetsi du

Tokiko Gobernu Batzarrak “2017ko Musika bai!” musika udalekuen programa diseinatu, gauzatu, koordinatu, zuzendu eta kudeatzeko kontratuaren esleipena onetsi du, 65.000 euroan; 2017ko ekainaren 23tik uztailaren 21era garatuko da programa.  Ikodea XXI SL enpresa gertatu da esleipendun.

Orobat, Gobernu Batzarrak Lanbide Heziketa bultzatu eta garatzeko partzuergoaren aldeko transferentzia (163.336,82 euro) onetsi du, Fundación Dicocesanas-Jesús Obrero Fundazioak (EGIBIDE) urtarriletik abuztura arte egingo dituen jardueretarako.

Share