Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  7 ekaina 2017 17:00

‘La gestión de polígonos industriales a debate: Compartiendo experiencias’ jardunaldia inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, ekainak 8

Ordua. 9:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Gasteiz aretoa

————————-

Vitoria-Gasteizko V. Konkurtso jardunaldiak inauguratzea

Parte hartzaileak. Alkateorde Itziar Gonzalo

Eguna. Osteguna, ekainak 8

Ordua. 09:15

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

—————————

Sociedad Española de Radiología Vascular e Intervencionistas (Servei) elkartearen XV: Biltzar Nazionala inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, ekainak 8

Ordua. 11:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, María de Maeztu auditorioa

————————–

Prentsaurrekoa. Eraztun Berdearen bizikleta bira aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; Goiena Mendi Klubeko presidente Alberto Llorente; eta birako koordinatzaile Javier Antúnez

Eguna. Osteguna, ekainak 8

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:43

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Udaltzaingoak koordinaturik bide publikoan txakurren gorotzak kontrolatzeko egin duten kanpaina amaitu delarik, hamar salaketa jarri zaizkie txakur-jabeei animaliek sortutako zikinak ez garbitzeagatik. Orotara 57 arau-hauste salatu dira. Gorotzengatik ez ezik, beste arrazoi hauengatik abiarazi dira dosierrak: txakurrak mikrotxipik ez zuelako (1), txakurra uhalik gabe eramateagatik (11), arriskutsu izan daitekeen txakurra uhalik gabe eramateagatik (5),  arriskutsu izan daitekeen txakurra ahokorik gabe eramateagatik (11), arriskutsu izan daitekeen txakurra baimenik gabe eramateagatik (8), arriskutsu izan daitekeen txakurra erregistratu gabe izateagatik (9), arriskutsuak izan daitezkeen bi txakur batera  eramateagatik (1), eta arriskutsuak izan daitekeen txakurra birsailkatzeagatik (1). Kontrol eta ikuskapen kanpainan parte hartu duten agenteen arabera, “bide publikotik txakurrarekin zebiltzan pertsona gehienak egoki jokatzen ari ziren, araudia betez“.

Kanpaina apirilean  egin zen, informatu, zaindu eta arau-hausterik egiten zen kontrolatzeko eta jabeen jokabide okerrak zuzentzeko. Ingurumen Sailak kontratatutako pertsona talde batek eta Udaltzaingoaren ingurumen taldeak osatu zuten antolaketa. Lehen fasean informazioa eman zen, eta apirilaren 12tik 27ra bitartean indartu egin ziren kontrola eta zaintza. Leku hauetan egin zen kanpaina: Prado parkea, erdialdeko oinezkoentzako alderdiak, Florida parkea, Vicente Goikoetxea kalea, Santa Barbara plaza, Frai Francisco Vitoria eta Senda ibilbideak, Erdi Aroko hirigunea, Frai Zacarias Martinez kalea, Zaldiaran plaza, Iparraldeko parkea, Judimendi, Astronomoak, Ekialdeko parkea, Aranbizkarra, Arana, Laudio plaza, Arriagako parkea, Katalunia plaza, Ignacio Aldekoa plaza, Euskaltzaindiaren plaza, Ibaiondoko lorategi eremuak, Iruñea kalea, Etxanobetarren parkea eta Antonio Machado kalea. Olarizu, Armentia, Zabalgana eta Salburuko berdeguneak ere zaindu ziren.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:22

Datorren ostiralean, Tokiko Gobernu Batzarrak  Gizarte Politiken Plan Estrategikoa (2016-2020) onetsiko du. Gizarte Politiken Saileko profesionalek, hiriko gizarte-entitateek eta herritarrek berek hartu dute parte diseinuan, gizarte zerbitzuen erabiltzaileak barne. Arloko zinegotzi Peio López de Munainek aurkeztu du gaur agiria, zeinak lau ildo estrategiko eta ia 60 ekintza —horietako batzuk dagoeneko abian dira— aurreikusten baititu.

Plan Estrategiko horren xedea da “Gasteiz gizarte kohesioaren eta giza garapenaren hiria bihurtzea. Gizarte-zerbitzuak berraztertzeko premia partekatu batetik sortu da, ahots berriei entzunez ikuspegi aldaketa sustatzeko premiatik, pertsonen ahalduntzearen alde eginez eta horiek gure jarduera guztien erdigunean jarriz“, azaldu du López de Munainek.

Azken plana 2011n amaitu zen, beraz, “agintaldi oso bat hutsean igaro da, nora eta norengana iritsi nahi dugun eta nola zehazten duen estrategiarik eta bide-orririk gabe. Horregatik, plana inoiz baino beharrezkoagoa da, Gasteizen dauden premia-egoeren eta profil desberdinen aniztasunari eta konplexutasunari aurre egiten lagunduko baitigu”, esan du Gizarte Politiken zinegotziak.

Izan ere, azken urteetan pobrezia-tasa igo egin dela egiaztatu da: 2008an % 4,1ekoa zen eta 2014an, berriz, % 8,2koa. Orobat, haurren babesgabetasun egoera gehiago antzeman dira, emakumeen kontrako indarkeria-kasuak handitu egin dira, populazioa nabarmen zahartu da, eta adineko gehiago dago bakarrik…

Egoera horiei eta beste askori aurre  egiteko, eta “gure hirian bizi diren pertsona guztiei bizi-kalitate duina bermatzeko” , 2016-2020rako Gizarte Politiken Plan Estrategikoak ia 60 ekintza proposatzen ditu, lau ildo estrategikotan banatuta:

  1. ILDOA: Udal baliabideak gizarte-zerbitzuen arau-esparrura egokitzea, herritarrei eskubide subjektiboko zerbitzu eta prestazioak baliatzeko aukera bermatzeko.
  2. ILDOA: Eredu komunitarioa finkatu eta garatzea, eta, bereziki, prebentzioaren ikuspegia eta arretaren pertsonalizazioa.
  3. ILDOA: Sortzen ari diren premiak detektatzea eta premia- eta ahultasun-egoeren aniztasunari eta konplexutasunari erantzutea.
  4. ILDOA: Udalaren gizarte-zerbitzuen egitekoa sendotzea, herritar guztientzako gertuko erreferente gisa.

Ildo estrategiko horietan aurreikusitako jardueretako batzuk dagoeneko abian dira, esaterako gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programa pilotua, eta beste batzuk agintaldi honetan jarriko dira martxan. Adibidez:

  • Haurrak babesik gabe daudeneko egoerak detektatu eta horietan garaiz esku hartzeko programak, bereziki jaio aurretik eta 0-5 urte bitartean.
  • Adinekoekiko tratu ezegokia edo tratu txarrak eta genero-indarkeria detektatu eta horietan esku hartzeko prozesuak aztertu eta sendotzea.
  • “Mentore programa”: gizarte zerbitzuen erabiltzaileen esperientzia baliatu nahi da beste erabiltzaile batzuei sostengua eta akonpainamendua eman dizaieten.
  • Baliabideen eskuliburua egitea.
  • Eta beste.

2016-2020rako Plan Estrategikoak oso garbi uzten ditu Gizarte Politiken Sailak datozen urteetarako bere egindako erronketako batzuk:

  • Gizarte-zerbitzuen erabileraren normalizazioa sustatzea.
  • Premia-egoeren aniztasunari eta konplexutasunari aurre egitea.
  • Baliabideak Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuaren arabera antolatzea.
  • Elkarteekiko sinergiak baliatzea.
  • Gizarte eta osasun espazioaren garapena baliatzea lehen mailako arretan arlo sozialaren eta osasun arloaren arteko zubiak sortzeko.
  • Informazio eta komunikazio teknologiak aplikatzea.
  • Gizarte-zerbitzuen alorrean esperientzia berritzaileak garatzea.

Plana lantzean jarraitu den lan-ildo parte-hartzaile eta gardenari eutsiz, garatzen den bitartean ekintzak etengabe behatu, neurtu eta aztertuko dira, betetzen direla bermatzearren. Gizarte Politiken elkarguneak ere hartuko du parte jarraipenean.

Horri guztiari esker, Udalaren gizarte-zerbitzuak gizarte solidario, kohesionatu eta inklusiboagoa eraikitzen protagonista izatea lortuko dugu“, amaitu du Peio López de Munainek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:03

 

 

 

 

 

 

  • Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Gorka Urtaran alkateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Vitoria-Gasteizko hiriburutza sustatzen jarraitzeko
  • “Gasteiz 2020 Proiektuak”, kanonaz gain, etxebizitza, enplegua eta gizarte-politikak; osasun-azpiegiturak; hezkuntza eta kultura; eta garapen ekonomikoaren eremuak hartuko ditu hiriburua hobetzen jarraitzeko eta herritarrentzako bizi-kalitatearen eta ongizatearen helburuari eusteko

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gorka Urtaran alkateak gaur goizean lankidetza-hitzarmena sinatu dute, “Gasteiz 2020” proiektua sustatzeko. Gobernuak 40 milioi euro bideratuko ditu hiriburutzara, herritarrentzako bizi-kalitatearen eta ongizatearen erreferente gisa hobetzen jarraitzeko. Bi arduradunek balioa eman diote hiriburutzaren kanonerako zenbatekoa bikoizteko aukera eman duten erakundeen arteko lankidetzari.

Gaur eguerdian sinatu da Eusko Jaurlaritzaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Vitoria-Gasteiz EAEko erakunde komunen egoitza gisa sustatzea finantzatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du “Gasteiz 2020” proiektua “hiriburuarentzako etorkizuneko apustua” dela eta bere Gobernuarentzako “lehentasunezkoa”, izan ere, bere programaren zatia da. Azaldu duenez, ekarpena urtero egingo da, bi ataletan: “hiriburua sustatzeko kanona” (7,5 milioi euro urtean); eta “hirirako ekipamendu berri”etarako inbertsioak (2,5 milioi euro urtean).

Bestalde, Vitoria-Gasteizko alkatea pozik agertu da Eusko Jaurlaritzak hiri honetan erakutsitako inplikazioagatik. “Hori agerikoa da, hiriburutzaren kanona bikoiztu egingo delako legegintzaldi honetan. Gainera, kanonaz gainera, Urkullu lehendakariaren Gobernua, pasa den legegintzalditik, inbertsio handiak egiten ari da sektore estrategikoetan, eta hala egiten jarraituko du legegintzaldi honetan ere, Vitoria-Gasteizen garapenerako, besteak beste, osasunean, hezkuntzan eta mugikortasunean”. Gorka Urtaranek, halaber, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko sintonia azpimarratu du. “Erakunde-lankidetza bikaina da, eta, hori dela eta, Euskadiko hiriburuari hiri modernoa, aitzindaria eta berritzailea izaten jarraitzeko aukera ematen dioten proiektuetan aurrera egin daiteke”, esan du.

Akordioaren zehaztasunak

Lehendakariak deskribatu ditu Eusko Jaurlaritzak 2017. urte honetan akordio honen esparruan egingo dituen jarduketa batzuk. Akordioak honako eremu hauek barne hartuko ditu, besteak beste: etxebizitza, enplegua eta gizarte-politikak; osasun-azpiegiturak; hezkuntza eta kultura; eta garapen ekonomikoa.

–        Laudio plazako konfigurazio berria

–        San Anton plazaren inguruko jarduketa.

–        San Ignacio Loiolakoaren kaleko obrak

–        Konstituzio plazaren irisgarritasuna.

–        Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko lanak.

–        Birgaitze-obrak auzoetan.

–        “Bost Enparantza” proiektua, bost plaza publiko berritzeko, Santa Barbara plazako lehen fasearekin hasita.

–        Hiriko inbertsio-proiektuak, herritarrek parte hartzeko prozesuekin eta auzo-ekimenekin lotuta: hiri-baratzeak; Latinoamerika plaza; Arana inguruko aparkalekua; Europa parkinga edo Gasteiz Antzokia.

Datozen urteotan, gaur sinatutako hitzarmenari dagozkion eranskinen bidez, akordio honen kargura finantzatuko diren inbertsio eta obrak ezarriko dira.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:56

Gasteizko Udalak hirigunearen barruan “Vasco-Navarroaren bide berdea” identifikatzeko 25 seinale jarri ditu. Iaz, bizikletentzako azpiegitura Zubigaraitik Gamarraraino (Arkatxa, Erraimun Olabide, Triana, Herrandarren eta Ballester Apezpikuaren kaleetan barrena) osatzeko lanak egin zituen Udalak. Garai batean Lizarra eta Bergara Arabako hiriburuan barrena lotzen zituen trenbidearen trazadurari jarraitzen dio ibilbide horrek, eta balio handia du turismo familiar eta iraunkorraren ikuspegitik. “Orain beste urrats bat egin dugu, garai bateko trenbidetik bizikletaz doazenei lagunduko dieten seinale horiek jarrita. Eguraldi ona lagun, uste dugu txirrindulari asko etorriko direla Gasteizera bide berdeari jarraituz. Lehen hiria “puntu beltza” zen, ez baitzegoen ez seinalerik ez bizikleta azpiegitura egokirik. Azken hilabeteetan, hiria hegoaldetik iparralderaino zeharkatzen duen ibilbide ezagun hori duina izatea lortu dugu”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Izan ere, Udalak 250.000 euro inguru inbertitu zituen iaz bizikleta sarea osatzeko, bizikletentzako bide bereizi eta babestuak sortuz edo margotze-lanak eginez. Duela gutxi errepidetik doazen zati batzuen zorua ere hobetu da, bizikletentzat erosoagoa izan dadin.

Bide batez, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak jarritako seinaleetan Gasteizko leku interesgarri batzuk (Erdi Aroko hirigunea edo tren geltokia) erantsi dira, edo Landa eta Lizarrarako noranzkoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:58

 

 

 

 

 

 

Ekainaren 10era arte (larunbata) eman ahalko da izena

DanZálava proiektuak sorkuntza laborategia antolatu Gasteizen, Mala Kline koreografo, dantzari eta idazle esloveniarraren zuzendaritzapean. Artium museoan egingo da, uztaileko lehen astean eta azaroko hirugarrenean. Amaitzeko, jendaurreko erakustaldia egingo da azaroaren 19an, XIV. Bernaola nazioarteko musika jaialdiaren barruan, Espacio Sinkro taldearekiko lankidetzan.

 

Ekainaren 10era arte eman ahalko da izena danZálavaren jarduera horretan; inprobisaziorako ahalmen handia izanik proiektua parte hartu nahi duten dantzari edo performerrek eman ahalko dute izena.

Mala Kline lizentziaduna da Filosofian, Literatura Konparatuan eta Antzerkian. Zenbait lan sortu ditu (Eden, Scores for Dreaming, Dream Hostel, Genesis), eta besteak beste, “dreamwork” izeneko ikerketan dihardu. Haren lan artistiko eta teorikoa ametsekin lotuta dago.

Bestetik, iragarri zen bezala, ekaineko azken astean Iñaki Azpillaga dantzariak profesionalentzako bost eguneko lantegia eskainiko du José Uruñuela udal dantza kontserbatorioan, eta koreografia asistentzia emango dio Nerea Martínezi.

Horretaz gain, zaleentzako bi eguneko lantegia emango du Artium museoan. Dantza profesionalei sostengua eta prestakuntza eskaintzeko danZálava proiektuaren arduradunek proposatu dute lantegi hori, dantza garaikidearen lengoaiarekin lotutako mugimenduak praktikatuz publikoa sentsibilizatzearren; prestakuntza atletikoa duten eta dantza arte adierazpide gisa interesatzen zaien zaleei zuzendutako lantegia da.

Mugimendua, dantza  eta adierazpen eszenikoa landuko dira. Lan dinamika exijentzia fisiko handikoa da. Proposatutako gaiak oso lotuta daude antzezpenarekin, eta neurri handi batean eguneroko esperientzietatik edaten dute. Hori dela eta, aktoreek zein zirkuan, ikuskizunetan eta kirolean dihardutenek ere parte hartu ahalko dute. Jendearen aniztasuna oso aberasgarria gertatzen da, bakoitzak ikuspegi ezberdinetik ekiten baitio lanari, eta hartara askotariko emaitzak lortzen baitira.

 

 

 

 

 

Iñaki Azpillaga dantza sorkuntzako laguntzailea da Última vez konpainian, eta irakaslea ere bada. Ikuskizunaren arloko profesionalei dantza lantegiak eta ikastaroak ematen dizkie, eta dantza eskoletan ere irakasten du. Besteak beste, pieza hauek sortu ditu lantegietan: Cyclopes (Tokio 2010), Jeffrey.1 (Kopenhage 2011), The Olympic spirit #1 (Tokio 2013) eta Turbador (Brusela 2016). 2014an Ultima Vez konpainiaren errepertorioan oinarritutako lan bat birsortu zuen Anberesko (Belgika) Artesis eskolan.

20170607 Dossier danZálava

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:55

Datorren ostiralean, hilak 9, 18:30ean izango da Udal Musika Bandaren kontzertua Arka plazan. Banda zenbait kontzertu ematekoa da plaza horretan “Aire zabaleko musika” zikloaren barruan,  aparteko lekua baita musika zabaltzeko lanerako. Erdi-erdian dagoen lekua izanik, jende asko igarotzen da bertatik, eta beraz, bandaren emanaldien jarraitzaile fidelei musika eskaintzeaz gain, publiko berriak ere erakarri nahi dira, batetik bestera doazen bitartean musikari gasteiztarren kalitatea ezagutzeko aukera emanez.

Orobat, KaldeArte programa antolatu da asteburu honetarako, beraz, kontzertuaren ondoren El Mono Habitado taldearen Primatium lana ikusi ahalko du publikoak. Hartara, bi publiko elkartuko dira, espazio berean bi kultur ikuskizun eskainiz.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:51

 

 

 

 

 

Ekain, uztail, abuztu eta iraileko zenbait larunbat eta igandetan, biltzar jauregiko zati berdeena eta lorategi bertikala ezagutzeko bisitak eskainiko dira

Udako hilabeteetako zenbait asteburutan, Europa jauregiak terraza irekiko die herritarrei.  Jauregiko zati berdeena ikusteko gogoa duten pertsonek terraza eta lorategi bertikala ezagutu ahalko dituzte larunbatetan, goiz eta arratsaldez, eta igandeetan, goizez, aldez aurretik erreserbatu gabe.

Bisitek ordu erdi iraungo dute. Eraikinak Gasteiz hiribidean duen sarrera nagusitik aterako dira, 11:30etik aurrera goizez (azken bisita 13:00etan) eta 17:30etik aurrera arratsaldez (azken bisita 19:30ean).

Bisita gidatuen datak:

Ekainak 10,11, 17 eta 18.

Uztailak 22 eta 23.

Abuztuak 26 eta 27.

Irailak 2 eta 3.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:28

 

 

 

 

 

Ekainaren 10ean ECOGORBEA mugikortasun iraunkorraren feriaren bigarren edizioa egingo da Gorbeia kalean; alderdi horretako merkatarien elkarteak antolatu du, Gasteizko Udalaren eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren laguntzarekin. Iaz arrakastatsua gertatu zenez, saltokiek eta entitate zein erakunde laguntzaileek bigarren feria antolatu dute; egitarauak ibilgailu iraunkorren erakustaldiak, jarduera ludiko eta pedagogikoak, informazio standak, produktuen dastatzea eta elkarteko establezimenduen eskaintzak barne hartzen ditu.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Gasteizko Ahal Duguko bozeramaile Jorge Hinojalek eta Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteko zuzendaritza batzordearen ordezkariak Ana Luisa Angarita eta Rubén Samperiok aurkeztu dute ekimena. “ECOGORBEA ferian inplikazio zuzena dute merkatariek, laguntzaileek eta kontsumitzaileek, beraz, aukera ezin hobea da Green Capital izatera eraman gaituzten iraunkortasun-printzipioak kalean erakusteko. Gainera, guztiz bat dator Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoaren bidez bultzatu nahi ditugun dinamizazio-ekintzekin”, adierazi du Nerea Melgosak.

Ahal Dugu taldeak 2017ko aurrekontuari egindako ekarpenek ahalbidetu dute ECOGORBEAren bigarren edizioa antolatzea. Talde moreak Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteari ematen zaion laguntza 9.000 euro handitzea lortu zuen, eta hartara hitzarmena 15.000 euroraino iritsi zen. “Merkatariek laguntza eskatu ziguten, urtero egiten duten jarduera-programaren finantzaketa bermatu behar zutelako, eta lagunduko geniela hitz eman genien. Funtsezkoa da hiriaren pultsoari eustea zerbitzuen sektorearen bitartez, eta arduragabea litzateke erdigunetik kanpo bizitza duen kale bakarretako bat hiltzen uztea”, azpimarratu du Ahal Duguko bozeramaile Jorge Hinojalek.

Gorbeia kaleko Merkatarien Elkarteko lehendakari Rubén Samperiok, berriz, ECOGORBEA ekimenak mugikortasun iraunkorreko alternatibak eta produktu ekologikoak ezagutarazteko egiten duen ekarpena nabarmendu du. “Gasteiztarrak garraioaren erabilera arduratsuaz sentsibilizatzeaz gain, bezero potentzial berriei hurbiltzeko modu ona da. Kalea aire zabaleko merkataritza-gune bihurtzen du, eta hirian mugimendua sortzen”, azpimarratu du.

ECOGORBEA feria 10:00etatik 14:00etara egingo da, Badaia kalearen eta Gurutze Zuriko kalearen arteko zatian. Zati hori trafikorako itxita egongo da, beraz, oinezkoek eta ibilgailu iraunkorrek hartuko dute kalea, bai eta standek, informazio-guneek eta saltokiek ere.

Jarduera hauek antolatu dira:

  • ibilgailu iraunkorren erakusketa eta proba (auto, bizikleta eta triziklo elektrikoak).
  • Umeentzako lantegiak, material birziklatuak erabiliz.
  • Umeentzako puzgarriak.
  • “Doctor Bike” standa: bizikletak mantentzeko lantegia.
  • Laguntzaileen opariak.
  • Produktu ekologikoei buruzko informazio-guneak eta dastatzeak.
  • Eko-deskontuak elkarteko saltokietan.

 

ECOGORBEA ferian Gorbeia kaleko elkarteko establezimendu guztiek hartzen dute parte, eta beste zenbait entitate, enpresa eta erakundek.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Larunbatean, ekainak 10, ateak irekitzeko ohiko jardunaldia egingo du Agirrelandako suhiltzaileen etxeak. Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak lanerako erabiltzen duen materialaren zati bat erakutsiko du, eta erakustaldiak ere egingo ditu, larrialdietan nola jokatzen duten ikusterik izan dezaten bisitariek.

Jardunaldia 10:30ean hasiko da, suhiltzaileen ibilgailuen erakusketa batekin. 11:00etan, zirkulazio istripuetan harrapatutako pertsonak askatzeko maniobra egingo da.

12:00etan, erakustaldia egingo da altueretarako ibilgailuak baliatuz, eta simulakroa NBQ larrialdietan (nuklear, biologiko edo kimikoak) erabiltzen den material bereziaz.

Jardunaldiak 13.30era arte iraungo du, eta txikientzako gaztelu puzgarriak ere izango dira.

Share

Aurrekoak »