Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 ekaina 2017 13:02

Ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan, 1969an Stonewallen izandako matxinadak gogoratzen dira, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen askapen mugimenduaren jatorritzat jotzen baitira. Bidegabekeriaren eta bazterketaren kontra, gizartearen eta poliziaren etengabeko eraso eta jazarpenaren kontra herritarrak altxatu zireneko egunaren oroitzapena, hark sorrarazi baitzuen mundu osoan eskubide zibilen eskubide afektibo-sexualen aldeko herritar mugimendua.

  1. urtean, LGTBI pertsonen giza eskubideak mundu osoan aitortu daitezen eskatuko da, herrialde askotan oraindik legez jazartzen baitira orientazio afektibo-sexuala eta genero-identitatea, ILGAren eta Amnesty International erakundearen txostenek agerian uzten dutenez; horien arabera, homosexualitatea 72 estatutan dago jazarrita, eta horietako 13tan heriotzaz zigortzen da.

Munduan LGTBI pertsonen giza eskubideak urratzen direlarik ezin gara isilik geratu, eta herritarrek ere eskatzen dute beren erakundeek argi, irmo eta eraginkortasunez esku har dezaten giza eskubideak urratzen dituzten estatu eta eskualdeetako jazarpenaren eta lege zigorren aurrean; izan ere, hala sexu bereko pertsona helduek nahita dituzten harremanak nola LGTBI eskubideak defendatzen dituzten erakundeak eta aktibistak jazartzen dituzte leku horietan.

Bestetik, aurtengo ekainaren 28an Espainian LGBTI Harrotasunaren lehen manifestazioa egin zeneko 40. urteurrena betetzen da, 1977an izan baitzen. Bartzelonan egindako manifestazio horrek gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartze mugimenduaren hasiera markatu zuen 40 urteko diktaduraren ondoren demokraziaranzko trantsizio prozesuan zegoen estatu batean; hain zuzen ere, LGBTI kolektiboko gizon eta emakumeak izan ziren erregimen frankistaren errepresioak gehin zigortutako taldeetako bat.

LGTBIfobiaren gaitzaren aurrean, hezkuntza da tresnarik eraginkorrena bazterkeriaren eta intolerantziaren kontra borrokatzeko. Ahaztu gabe berdintasunaren aldeko borroka ez dela osoa aldi berean beste ezberdintasun batzuen kontra borrokatzen ez badugu, besteak beste, matxismoaren eta arrazakeriaren kontra.

Eta gaurko egunean badelako zergatik borrokatu, les-, homo-, trans- eta bifobia indartsu baitabil hainbat esparru ideologikotan zein gizartearen zati batean.  Eta gainerako herritarrek dituzten eskubide berdinak —legez onartutako ugalketa sistemetarako sarbideak, despatologizazioa, hezkuntza sistemaren barruko aukerak edota enplegu duina lortzekoak— eskuratzeko urratsak emateke daudelako.

Ekainak 28ko egun honetan, argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual zein bisexualen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri zein kaleetan, ikastetxeetan, familia zein lagunartean, lantokietan, publizitatean, aisialdian eta baita erakundeetan ere.

Aniztasun afektibo sexualaren borroka guztiona eta egunerokoa delako ustean, Udal honek LGTBIfobiaren espresio ezberdinen aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, Gasteizko herritarren eskutik.

Orobat eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari aztertu eta/edo berrikus dezan indarrean dagoen Transexualei buruzko Legea, elkarteekin batera, LGTBI pertsonen eskubideak bermatzearren.

Azkenik, Udalbatzak, Gasteizko herritarren izenean, berretsi egiten du LGTBI Harrotasunaren ospakizunari, Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Eskubideen Nazioarteko Egunari, emandako sostengua.

Share