Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 ekaina 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Hondakinak birziklatzea eta sailkatzea hobetzeko aplikazio mugikor berri bat aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; Ingurumen diputatu Josean Galera

Eguna. Astelehena, ekainak 5

Ordua. 10:00

Tokia. Green Capital plazako edukiontziak

————————

Prentsaurrekoa. Emakumeen Lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Luna; Arabako Aeccko presidente Patxi Ormazabal; Asammako ordezkari Txus Aguirrezabal; eta Emakumearen Lasterketako presidente Martín Fiz

Eguna. Astelehena, ekainak 5

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea

—————————–

Prentsaurrekoa. 21 Eskola Agendaren ingumen adierazleak aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusilla; eta Plangintza eta Ingurumen Kudeaketaren Zerbitzuburu Andrés Alonso

Eguna. Astelehena, ekainak 5

Ordua. 12:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:31

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak “Uda Falerinan” izenez bataiatu du Falerina lorategiko programazio berria, aurten udal-administrazioak berreskuratu baitu horren kudeaketa; hain zuzen ere, igandean abiaraziko da, 13:30ean, TAXIren kontzertuarekin.

Cantoren esanetan, ”lema horren bidez Erdi Aroko hiriguneko espazio hori topagunetzat aldarrikatu nahi dugu, helduek zein umeek aire zabaleko zenbait ikuskizunez gozatzeko aukera izan dezaten udako hilabeteetan”.

Ekainetik urrira arte, bertako taldeek, hala nola Taxi eta Jazz Band (Déu n’hi Do) nahiz hiriko musika eskoletako taldeek kontzertuak emango dituzte eguerdian. Ilunabarrean proiekzioak ikusi ahalko dira, eta Lindy-hop klaseak ere izango dira dantza mota hori ezagutu nahi dutenentzat.

Orobat, Kaldearte eta Txotxongilo txoroak egitarauen barruko ikuskizunak eskainiko dira. Gainera, akuarela eta argazkigintza lantegiak eta magia ikuskizunak antolatu dira, aldi berean ondo pasa eta ikasteko.

Informazio gehiago: www.montehermoso.net.
EKAINEKO EGITARATUA

2017ko ekainaren 4an, 13:30ean
TAXI. Kontzertua

2017ko ekainaren 7an, 19:00etan
KONBOAK. Luis Aranburu musika eskola

2017ko ekainaren 11n, 12:30ean eta 19:00etan
WILBUR. Kaldearte

2017ko ekainaren 15ean, 18:30ean
6. Jam session. La Hucha Literaria

2017ko ekainaren 17an, 11:00 – 15:00
Txalaparta jaialdia (Oihaneder Euskararen Etxea)

2017ko ekainaren 22an, 20:30ean
ZINEMA GAUR: “Living Stars”, proiekzioa eta guatekea

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, ekainak 2

  • Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla Eusko Ikaskuntzak 16:00etan, Europa Jauregian antolatu duen topaketan izango da.
  • Lehen alkateorde Peio López de Munain eta zinegotzi Carlos Zapatero eta Jaione Aguirre Rocio jaian izango dira 20:30ean, Centro Andaluzen.

 

Larunbata, ekainak 3

  • Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusilla VI. Argazki Maratoiaren inaugurazioan izango da 10:00etan, plaza Berrian.

 

Igandea, ekainak 4

  • Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaian, 11:00etan, Zabalgana auzoan.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:47

 

 

 

 

 

 

 

AUDIOA – GORKA URTARAN

 

Essen-en, Gorka Urtaranek iragarri du Hiri Agenda bat garatzeko asmoa duela, 2022 lehen helmugatzat jarrita

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek 2012an Gasteiz Green Capital izendatzeko balio izan zuten iraunkortasun politiketan aurrera egiteko konpromiso sendoa  adierazi du gaur Essen hirian (Alemania).  “Duela bost urte jaso genuen saria. Ilusio eta harrotasun arrazoia izateaz gain, hiriak ulertu zuen saria ez zela helmuga edo helburua, bitartekoa baizik, hiri iraunkorraren ereduan aurrera egiteko bidea. Saria horrela ulertzeak aurrera egiten jarraitzeko neurriak hartzea ahalbidetu digu”, azaldu du alkateak Europar Batasuneko zenbait ordezkariren aurrean egindako mintzaldian, besteak beste, Ingurumeneko europar komisario Karmenu Vella eta beste Green Capital batzuetako ordezkariak.

Gorka Urtaranek gogorarazi duenez, “garai zailetan bizi gara, ekologiaren eta klimaren gainezkatzea lehen mailako auzia bihurtu baita planetarentzat. Hiriak, baliabide naturalen kontsumitzaile eta CO2 isurketen eragile nagusiak izanik, arazoaren funtsezko zatia gara, baina baita irtenbideena ere. Eta Gasteizek laguntzen jarraitu nahi du,  irtenbideak eskainiz.

Alkateak iraunkortasunaren hiru arloak, hots, ingurumena, gizartea eta ekonomia, azpimarratu ditu. “European Green Capital izateko gizarteari eta ekonomiari dagokienez ere iraunkorrak izan behar dugu. Ez dugu Green Capital izaterik iraunkortasunaren dimentsio soziala edo ekonomikoa gaizki kudeatzen baditugu“, erantsi du.

Alkatearen iritziz, pentsamolde horri esker egin dira bost urte hauetako aurrerapen handiak iraunkortasun politiketan. Eredu hauek eman ditu: hiri-azpiegitura berde zabalaren aldeko apustua —Gasteizek 42 metro koadro berdegune baino gehiago du biztanle bakoitzeko—, mugikortasun aktibo eta iraunkorra  —bizikletaren erabilera 2002ko % 1,4tik 2014ko  % 12,3raino hazi da, eta hiriko joan-etorrien bi heren oinez edo bizikletaz egiten da—, Itun Berdea —iraunkortasunarekin sentsibilizatutako enpresa eta antolakundeen komunitatea— eta  turismo-helmuga iraunkorraren ziurtagiria —Euskadin lortu zuen lehen udalerria da—.

“Guretzat, Green Capitalen arteko bat izatea oso garrantzitsua da, iraunkortasun politiketan hobetzen jarraitzeko akuilua baita. Foro honetan berresten dut Gasteizek gure planeta leku iraunkorragoa bihurtzearen alde hartu zuen konpromisoa. Oinarri horiek kontuan hartuz, gure hiriak proposatzen du Hiri Agenda bat garatzea 2022 lehen helmugatzat jarrita, hau da, European Green Capital izendatu gintuztenetik hamar urte betetzen direnerako, Etxebizitzari eta Hiri Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen III. Biltzarrean sortutako Hiri Agenda Berriaren eta Garapen Iraunkorreko Helburuen ildotik”, esan du amaitzeko alkateak Essen (Green Capital 2017) hiriko Lichburg entzunaretoan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

La Raíz, Zea Mays, ETS, El Drogas, Morat eta M-Clanez gain, Aihotz plazan Mikel Urdangarin, Huntza, Hesian eta Maider Zabalegik joko dute Andre Maria Zuriaren jaietan

 

2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan, kontzertu bat gehiago izango da Foru plazan, abuztuaren 9an M-Clan taldeak joko baitu. Gainera, bi kontzertu euskaraz izango dira, Zea Mays eta ETSrenak, eta abuztuaren 8an, plater nagusi gisa, Morat-ek joko du. Horietaz gain, La raíz eta El Drogas arituko dira Foru plazan, eta Mikel Urdangarin, Huntza, Hesian eta Maider Zabalegi Aihotz plazan.

 

Aurten apustu handia egin dugu, gaztelaniazko zein euskarazko musikaren alde, generoen arteko orekaren alde eta musikaren beraren alde. Aurtengo jaietako berritasun nagusia beste kontzertu bat eskaintzea da, uste osoa baitugu pixkanaka aurreko garaietara itzuli behar dugula Andre Maria Zuriaren jaietan, gure jai garrantzitsuenak baitira”, esan du Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 

ABUZTUAK 4: LA RAIZ. Talde valentziarrak rocka, ska, reggae-a eta hip hop-a lantzen ditu, dituen lau kantariei esker; musika-oinarri alaia du, taldeko sei musikariek indarrez jotzen dutena. “Guerra al silencio” da haien kantu onena eta itsaskorrena.  La Raíz ska, reggae, rap, fusio eta batez ere rock taldea da, 2006an Gandían (Valentzia) sortua. 2017an emanaldi gutxi emango ditu Espainian, baina Andre Maria Zuriaren jaietan haietaz zuzenean gozatzeko suertea izango dugu. “La hoguera de los continentes” bira urrian bukatuko da, Madrileko Vistalegre jauregian, eta bertan DVD bat grabatuko  dute zuzenean.

 

ABUZTUAK 5: ZEA MAYS. Foru plazan euskaraz eskainiko diren kontzertuetako lehena; Bizkaiko rock bandak 20 urte bete ditu aurten.  Zea Mays-ek garai berrietara egokitzen jakin du, eta aldi berean oinak lurrean izaten; hizkuntza mugen gainetik publiko zabalagoarengana iristea lortu du, eta nota onez gainditu du edozein artistarentzat erronka handia dena: entzule berriak lortzea gazteenak erakarriz.

 

ABUZTUAK 6: E.T.S. (EN TOL SARMIENTO)

Arabako Errioxako ska bandaren kontzertu berezia, zuzenean grabatuko dena. Ekorako (Arabako Errioxa) hiru gaztetxok sortu zuten En Tol Sarmiento taldea, 2005ean. Kaotiko, La Polla Récords, Kortatu, Piperrak, Boikot, Reincidentes eta antzeko taldeen eraginez,  punk-rock kantuen bertsioak egiten hasi ziren. Hilabete gutxi batzuen buruan hasi ziren abesti propioak sortzen. 2006tik 2009ra bitartean beste bi kide gehitu zitzaizkien, tronboia eta tronpeta, eta harrezkero haien ikurra izango zen generoa lantzen hasi ziren: ska. En Tol Sarmiento taldeak lau disko atera ditu orain arte, eta abuztuaren 6an zuzenean grabatuko du Foru plazako kontzertua: musika ibilbidearen laburpena egingo dute eta jai handia eskainiko, lankidetza eta ustekabez betea.

ABUZTUAK 7: EL DROGAS. Rock and roll kontzertua, estatuko panoramako bakarlari beteranoetariko baten eskutik. Enrique Villarreal, Iruñeko Txantrea auzokoa, “El Drogas” ezizenez ezagunagoa, hogeita hamar urtez Barricada rock taldeko kantaria eta baxu-jotzailea izateagatik da ezaguna. Banda utzi ondoren, Txarrena eta La venganza de la abuela proiektuak sortu zituen, eta azkenean bere izena daraman banda osatu zuen. Zazpi musikarirekin etorriko da Gasteizera.

ABUZTUAK 8: MORAT. Banda gazte hori da 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietako plater nagusia, magiaren, talentuaren eta buruaren jabe baitira. Lau kolonbiarrek osatzen dute, batez beste 22 urte dutenak: Juan Pablo Isaza, gitarra eta ahotsa; Juan Pablo Villamil, gitarra, baxua eta ahotsa; Martín Vargas, perkusioa eta koroak, eta Simón Vargas, baxua eta koroak. 2016an grabatu zuten lehen diskoa, Sobre el amor y sus efectos secundarios, “Cómo te atreves” kantu ospetsua barne duena; arlo digitaleko platinozko bosgarren diskoa lortu du horrek, eta bideoak 65 milioi bistaratze izan ditu.

 

ABUZTUAK 9: M-CLAN. Kontzertu nagusien arteko bigarrena, eta lehenengo aldiz kontzertuen amaiera abuztuaren 9an egiten den eguna. Murtziako taldea estatuko rockaren klasikoa da duela 25 urtetik. Banda 1993ko martxoan sortu zen, Carlos Tarquek eta Ricardo Ruipérezek —artean beste talde batzuetan jotzen zuten— elkar ezagutu eta bat egitea erabaki zutenean; beste musikari batzuei deitu eta M-Clan osatu zuten. Instrumentazio akustikoagoak hala folk amerikarraren sustraietara nola rock soinu klasikoetara hurbiltzen ditu, eta country rockeko talde handiak eta 70eko hamarkadako ahots harmoniak freskotasunez omentzen dituzte.
Aihotz plaza

Aihotz plazan, euskarazko lau kontzertu izango dira, kalitatekoak:  Mikel Urdangarin, Hesian, Huntza eta Maider Zabalegi.

 

ABUZTUAK 5: HUNTZA. Bilbon elkar ezagutu zuten Gipuzkoako hainbat herritako sei lagunek osatzen dute taldea. 2016ko martxoan egin ziren ezagun, “Harro gaude” abestiari esker, agertoki batera igotzeko pausoa eman zuten emakumeak omentzeko sortu baitzuten.

 

ABUZTUAK 6: MIKEL URDANGARIN. Eskutik Eskura (2017) diskoa grabatu duen 14.a da; Elkar etxeak atera du, eta Koldo Uriarte, Jon Cañaveras, Ángel Celada, Rafa Rueda eta Nika Bitchiasvili izan ditu lagun. Mikel Urdangarinek ez du aurkezpenik behar, lehen lanetatik —Haitzetan (1997) eta Badira hiru aste (1998)— konektatu baitzuen euskal publikoarekin.

 

ABUZTUAK 7: MAIDER ZABALEGI. Betidanik musikarekin lotura izan duen abeslariak udaberri honetan grabatu du bakarkako lehen diskoa: Zuei. Alaitz Telletxearekin lortutako arrakasta handitik 20 urtera, bakarkako lehen lana aurkeztuko du, musikari talde bikainak lagunduta. Kolorez eta sentiberatasunez betetako hamar kantu, maitasuna eta askatasuna hizpide dutenak.

 

ABUZTUAK 8: HESIAN. Hamargarren urteurrenarekin batera argitaratuko dute zazpigarren diskoa, haien izen berekoa. Bederatzi kantuk osatuko dute: zazpi berri gehi  “Behar zaitut” eta “Ezin ahaztu” abestien bertsioak.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:41

Aparkaleku estali eta seguruen eskaintza handitzea eta auzo finkatuetan erabili gabe dauden lokalei erabilera ematea du xede.

Bizikleta erabili ohi duten hirutik bik zainpeko aparkalekuen sarea erabiliko luke.

Urtaranek onetsi egin du eraikinetako bizikleta-gordelekuak arautzeko ordenantza-proiektua, zein alkateak 2016ko abenduan emandako dekretu batetik datorren.

Ordenantzan zehaztu egin dira, besteak beste, aparkalekuaren erabilera eta bizikleta-gordelekua baimentzeko aretoek bete behar dituzten baldintzak: neurriak, itxiera, egokitzapen akustikoa, seinaleztapena, lekuen dimentsioak eta beste zenbait alderdi tekniko.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsitako testua Hirigintza Batzordeari bidaliko zaio, osoko bilkuran behin betiko onetsi aurretik alderdi politikoek gaiaren inguruan eztabaidatu eta ekarpenak egin ditzaten.

Honen bitartez udalak aparkaleku seguru eta babestuen eskaintza indartu nahi du, Gasteizen bizikleta gero eta gehiago erabiltzeak sortzen duen eskariari erantzuteko. Izan ere, bide publikoan instalatutako bizikleta-aparkatzekoak gainezka daudenez, gero eta erabiltzaile gehiagok hiri-altzariei edo zuhaitzei lotuta uzten dituzte, eta horrek batzuetan traba egiten dio espazio publikoaren irisgarritasunari.

Horretaz gain, gaur egun ez dago bizikletentzako berariazko aparkaleku estalirik; aparkaleku horiek espazio publikoaren saturazioa konponduko lukete, eta lapurretak eragotziko.

“Halaber, neurri honek auzo finkatuetan erabilerarik ez duten lokalak baliatzeko aukera ematen du, kontuan izanik auzo horietan espazio publiko gutxi dagoela bizikleta-aparkatzeko berriak antolatzeko. Helburu hori bat dator gure 3 B-en politikarekin, hau da, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabiltzea, espazio publikoak berpiztea eta  auzoko bizitza biziberritzea” nabarmendu du Itziar Gonzalo hirigintza zinegotziak.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak egindako azterlan baten arabera, bizikleta erabili ohi duten hirutik bik zainpeko aparkalekuen sarea erabiliko luke eta erabilera potentzialen % 64 haien bizilekua ez den leku batean litzateke, beraz, txandaka erabiltzeko beharra indartzen du horrek.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:03

 Juan Gargallo Vázquezek irabazki du azkenean Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa, “Perfiles de Vitoria”  lanarekin; beti bezala, jaiak abuztuaren 4tik 9ra arte izango dira.

Juan Gargallo Vázquez ilustratzaileak 33 urte ditu; Gasteizen jaio zen, baina Valentzian bizi da.

DIGA-Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkarteak aukeratutako hiru profesionalek osatu zuten lehen hautaketa egiteaz arduratzen zen epaimahaia, eta sei finalista hauek aukeratu zituzten:

  1. zk. “BAJANDO” . Egilea: Yvon Wong Lu (Getxo -Bizkaia)
  2. zk.: “CELE-DONNA” . Egileak: Myriam Villota Melgosa eta Marta Varona Alonso (Villarcayo de Merindad de Castilla La Vieja, Burgos)
  3. ZK.: “CELEDÓN”. Egilea: Raúl López Martín (Lizarra, Nafarroa)
  4. zk.: “18:00 h.” . Egilea: Alexandre Fernández Villanueva (Gasteiz).
  5. zk.: “SINÉCDOQUE” . Egilea: Blanka Barrio Viloria (Gasteiz)
  6. zk: “PERFILES DE VITORIA”. Egilea: Juan Gargallo Vazquez (Valentzia)

Sei kartel finalisten artetik, bi diseinatzailek, Kultur Ekintzen Ataleko arduradunak eta Komunikazio eta Informazio Bulegoko bi teknikarik osatutako epaimahai teknikoak “Perfiles de Vitoria” lana erreserbatzat hautatu zuen lehenengo, eta horixe suertatu da irabazle, 39. zenbakia zuena lehiatik kendu ondoren, ez baitzen argitaragabea, oinarrien 2. artikuluak xedatzen zuen bezala.

Aurkeztutako kartelen erakusketa Lakua, Iparralde eta Hegoalde gizarte etxeetan izango da, uztailaren 10etik 28ra bitartean.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Tokiko Gobernu Batzarrak arlo sozialean diharduten hiriko bost elkarterekin hitzarmen bana formalizatzea onetsi du. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak 115.530 euro jarriko ditu gizarte eta osasun arloko eta gizarteratze eta laneratze arloko proiektuak garatzerik izan dezaten.

Gaur onetsitako hitzarmenen arteko oparoena Elizbarrutiko Cáritasekikoa da, 72.000 euro jasoko baitu gizarteratzeko eta laneratzeko programa bat garatzeko, lantegi okupazionalak eta laneratu aurrekoak eginez.

ASAFESek 24.000 euroko laguntza jasoko du buruko osasunaren arloko sentsibilizazio eta prebentzio programa bat abian jartzeko; horren bidez, sostengu emango zaie buruko gaixotasuna duten pertsonei eta horien familiei, eta buruko gaixotasunei buruzko ezagutzak eskainiko, gizartean duten estigma desagerrazteko asmoz.

EZEBA-Arabako Zeliakoen Elkarteak 8.400 euro jasoko du  zeliakoei eta horien senitartekoei arreta integrala emateko programa bat garatzeko, ekintza hauen bidez: eragindakoei laguntzea, elikadura osasungarria sustatzea, janarien analisiak egitea, eta ostalari eta sukaldariei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

Beste bi hitzarmenak ADELA eta AEMAR elkarteekikoak dira. Alboko Esklerosi Amiotropikoaren Arabako Elkarteak 5.650 euroko udal-finantzaketa izango du gaixotasunak jotako pertsonei laguntzeko programa garatzeko: fisioterapia, lanbide terapia, logopedia eta laguntza psikologikoa.

Azkenik, Gizarte Politiken Sailak 5.480 euro emango dio Esklerosi Anizkunaren Arabako Elkarteari, eragindako pertsonentzako terapia okupazionala, fisioterapia eta logopedia jarduerak garatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:47

Isabel Martinez zinegotziak gidatzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak Zabalganeko gizarte etxerako zenbait ekipamendu eta altzari esleitzea onetsi du.

Batetik, gizarte etxerako kirol eta osasun arloko ekipamendua eta osagarriak esleitu ditu, zeinak bederatzi multzotan banatuta baitzeuden.

  • Igerilekurako kirol-ekipamenduari dagokion multzoa ELK SPORT enpresari esleitu zaio, 7.966,56 euroan.
  • Bigarren multzoa, kantxa eta gimnasioetarako kirol ekipamendua,  EQUIDESA GROUP SL enpresari esleitu zaio, 23.027,66 euroan.
  • Hirugarren multzoa, igerilekurako kirol ekipamendua,  PL Sport  SLri esleitu zaio, 11.907,16 euroan.
  • Laugarren multzoa, gimnasio eta aretoetarako kirol ekipamendua, ELK SPORT enpresari esleitu zaio, 14.377,72 euroan.
  • Bogarren multzoa, psikomotrizitaterako kirol ekipamendua, ELK SPORT enpresari esleitu zaio, 5.996,84 euroan.
  • Seigarren multzoa, osasun ekipamendua eta ekipamendu osagarria, EKIP SLri esleitu zaio, 44.960,03 euroan.
  • Zazpigarren multzoa,  armairutxoak eta biltegiratzea, DINOF SAri esleitu zaio, 77.894,92 euroan.
  • Zortzigarren multzoa, ariketa-gelarako makinak, EXERCYCLE SLri esleitu zaio, 13.178,41 euroan.
  • Bederatzigarrena, igerilekuko hondoa garbitzekoa, EQUIDESA GROUM SLri esleitu zaio, 4.652,93 euroan.

Enpresek bi hilabete izango dute materialak entregatu eta instalatzeko.

Orobat, gizarte etxerako altzariak eta tresnak hornitu, muntatu eta instalatzeko kontratuko lehen eta bosgarren multzoak esleitu dira. Lehen multzoa,  armairuak eta apalategiak, SOASA enpresari esleitu zaio, 85.289,88 euroan; bosgarrena, aulkiak,  MONTTE SLri, 52.566,47 euroan.

Azkenik, liburuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia materialez hornitzeko B, C eta E multzoak adjudikatu dira. B multzoa, helduentzako literatura, ELKAR EUSKALGINTZA SLri esleitu zaio, 40.000 euroan. C eta D multzoak, helduentzako gaiak eta ikus-entzunezko zein multimedia materiala, TATARANA SLri esleitu zaizkio, 50.000 eta 20.000 euroan, hurrenez hurren.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailaren proposamenez, halaber, Gobernu Batzarrak adin guztietako jendeak kalean jolasteko jardunaldia diseinatu, antolatu eta garatzeko kontratua esleitu dio Disport Eki SLri, 89.901,56 euroan; laster ezagutaraziko dira prentsaurrekoan horrek dakartzan berrikuntzak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:42

Estíbaliz Canto zinegotziak gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko ikastetxeetako ikasleen guraso elkarteei diru-laguntzak emateko oinarriak onetsi ditu gaur, udako opor programak eta 2017-2018 ikasturtean ekintza osagarriak eta eskolaz kanpoko ekintzak antolatu ditzaten.

Batetik, Hezkuntza Zerbitzuak udako opor jardueretarako diru-laguntzen deialdia onetsi du, 54.000 euroan. Deialdiaren helburua da gurasoen elkarteen esku-hartzea sustatzea eta elkarte horiek 2017an antolatzen dituzten opor jarduerek sortutako gastuen zati bat ordaintzea. Izan ere, jarduera horiek eragin garrantzitsua dute ikasleen prestakuntza osoan eta, beraz, haien eskola arrakastan, eta gurasoen elkarteen eta sistemaren beraren sostengurik gabe ezin litezke bideratu.

Bestetik,  2017-2018 ikasturtean ekintza osagarriak eta eskolaz kanpoko ekintzak egiteko guztira 126.000 euro ematea onetsi da; guraso elkarteek heziketa prozesuan aktiboki parte hartzea eta ikasturtean zehar jarduerak antolatzea da helburua, eta horretarako gastuen zati bat finantzatzen lagunduko zaie.

Guraso elkarteek 20 egun naturaleko epea izango dute eskabideak aurkezteko, deialdiak ALHAOn argitaratzen direnetik.

Gainera, Kirol Zerbitzuak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Motorpress Ibérica SArekiko hitzarmena onetsi du Gasteizko Emakumeen Lasterketaren X. edizioa antolatzeko; astelehenean aurkeztutako da hori.

Share

Aurrekoak »