Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 ekaina 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Errugbi Inklusiboaren Munduko Txapelketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako diputatu nagusi Ramiro González; Enplegu eta Gizarte Politiken Sailburu Beatriz Artolazabal; IMAS (International Mixed Ability Sports) delakoaren ordezkari David Izquierdo; eta Gaztedi Rugby taldeko presidente Moisés San Mateos.

Eguna. Astelehena, ekainak 12

Ordua. 10:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Gasteiz aretoa

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, ekainak 9

  • Alkate Gorka Urtaran 2017ko Erremonte Profesionalaren Estatuko Zirkuituko kanporaketako partidak ikusten izango da 19:00etan, Ogeta pìlotalekuan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto eta alkateorde Itziar Gonzalo Nanoipuinen Lehiaketako irabazleak hartuko dituzte 19:00etan, udaletxeko harrera aretoan.
  • Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapaterok Federación Española de Enfermedades Raras erakundeak antolatzen duten IV. Gastronomia Jardunaldian lagunduko du 19:00etan, Artium museoan.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Cabaret antzezlana ikusten izango da 22:30ean, Principal Antzokian.

 

Larunbata, ekainak 10

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko du Arabako Saski Baloi Federazioko kirol eskolako txapelketen sari banaketan 12:30ean, Ibaiondo gizarte etxean.
  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto gurpil aulkietako Saski Baloi Eskolen IV. Zuzenak Txapelketako sari banaketan izango da 19:30ean, Ariznabarra kiroldegian.

 

Igandea, ekainak 11

  • Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto Emakumeen Lasterketako sari banaketan izango da 11:30ean, Mendizabalan.
  • Alkateorde Itziar Gonzalo Beti Aurrera Gimnastika Erritmikoaren XVII. txapelketan izango da Abetxukoko kiroldegian 10:00 etan.

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:25

 

Alkatea, Gorka Urtaran; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia, Estíbaliz Canto; Gizarte Zerbitzuen foru diputatua, Marian Olabarrieta, eta Emakumeen Lasterketaren lehendakaria, Martín Fiz, Feria irekitzeko ekitaldi ofizialean. Lasterketa igandean izango da, 11:00etatik aurrera, Mendizabalean hasi eta bukatzen delarik. Ferian eman behar da izena, eta dortsalak jaso; orobat, kirola eta elkartasuna batzen dituen probaren xedearekin bat egin duten gizarte elkarte eta erakundeak daude bertan: ASAMMA, Clara Campoamor, AECC Álava, eta salereosketaren kontrako #MasQueUnaMuñeca ekimena.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:33

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko 32 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 5.122 ikaslek hartu dute parte 2016-2017 ikasturtean Hezkuntza Zerbitzuak antolatu duen “Gasteiztxo” programan. Horren bidez, informazio eta komunikazio hedabideei buruzko prestakuntza ematen zaie, nagusiki internet, irrati, prentsa, telebista eta publizitate lantegi praktikoak baliatuz.

Gasteizko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok azaldu duenez, “Gasteiztxo programaren bidez, Gasteizek aukera ematen die herritar gazteenei informazio eta komunikazio hedabideen aurrean zentzu kritikoa garatzeko, eta pertsona zein gizarteen bizitzetan duten garrantziaz ohartzeko“.

Horren erakusgarria da Federico Baraibar ikastetxeko ikasleek Hezkuntzako arduradunari berari joan den martxoaren 23an egindako elkarrizketa “gogorra”.

Lantegiak teknikaren eta diskurtsoaren zailtasunaren arabera mailakatzen dira, parte hartzen duten ikasleei ikus-entzunezko hizkuntza ezberdinak dekodifikatzen, ulertzen eta erabiltzen laguntzeko; hasieran, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan, internet lantzen da, eta amaieran, Bigarren Hezkuntzako 4.ean, publizitatearen persuasiozko hizkera.

Zenbait udal zerbitzuk eta 30 elkarte, fundazio eta museo inguruk laguntzen dute tailerrak garatzen, ikasleei elkarrizketak egiten edo ikus-entzunezko proiektuetan erabiltzeko materialak biltzen uzten baitiete. Orobat, hedabide hauen laguntza nabarmendu behar da, komunikazioaren alorrean duten esperientzia jartzen baitute: EITB, TeleVitoria, El Correo, El Diario de Noticias de Álava, Radio Nacional, Radio Gorbea eta Bell publizitate agentzia.

Horrela —amaitu du Cantok— gure hiriak Hiri Hezitzailea den aldetik hezkuntzarekin hartu duen konpromisoa indartzen du, hizkuntza administrazioaren lanaren osagarri den hezkuntza-programa bat eskainiz, eta horren bitartez Gasteizko ikasleei gaitasunak (ahozkoa, ez ahozkoa, digitala, hizkuntzazkoa eta artistikoa) hobetzeko aukera emanez”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:29

Urtaranen gobernuak Erdigunerako Masterplana aurkeztu du hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean

Proiektua oraindik lantzen ari da, eta eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango da

Gorka Urtaranek denen konpromisoa eskatu du ekimenak arrakasta izango badu

 MASTERPLAN EKINTZAK                MASTERPLAN BIDEOA

Urtaranen gobernuak Erdigunerako Masterplana aurkeztu du gaur goizean, Gasteizko erdigunea birgaitu, biziberritu eta berpizteko 20 ekintzatik gora biltzen dituena. Erdigunerako Masterplana 3 B-en filosofian oinarritzen da: espazio publikoak berpiztea, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta  merkataritza eta ostalaritza biziberritzea. Gorka Urtaran alkateak “guztion konpromisoa” beharrezkoa dela esan du “proiektu honek aurrera egiteko. Erdiguneko Masterplana ez da dokumentu itxi bat. Ekarpen berrietara irekita dago, beti erdigunea biziberritzeko helburua duten proiektu eta jardueretara irekia, hain zuzen ere. Izan ere, eremu estrategikoa da hiriarentzat. Guztion artean erdigunean beste garai batzuetan izan zuen indarra berreskuratzea lortuko dugu”, esan du alkateak.

 

Espazio publikoak berpizteak bizitza sozialak  —eta, horrekin batera, merkataritza eta ostalaritza jarduerak— protagonismo handiagoa hartzea du helburutzat. Gaur egun dinamismoa eragozten duten muga fisikoak dituzten lekuak dira, elkartzeko leku gisa paper garrantzitsuagoa izan dezaketenak. Erdigunerako Masterplanak espazio horiek berpiztea aurreikusten du, irisgarriagoak, ibiltzeko errazagoak eta erakargarriagoak bihurtu eta bertan jarduera berriak sor daitezen. Alegia, inguruan bizi direnentzat atseginagoak.

 

Eraikinak berrerabiliz eta birgaituz, gaur egun erabiltzen ez diren higiezin ugari berreskuratu nahi dira hiriarentzat. Jarduera ekonomikoak, etxebizitzak edo administrazioa hartu duten eraikinak dira, denborarekin hutsik geratu direnak. Udalak, jabeekin batera, eraikin horiei bizitza berria eman nahi die, hondamena geldiarazteko , eta erabiltzeko aukera berriak emanez, haien ingurua eraldatzeko motorra  bihurtu daitezen.

 

Merkataritza eta ostalaritza biziberritzeari dagokionez, sektoreko enpresekin adostutako hirigintza jarduerak eta merkataritza politikak abiatuko  dira, hirugarren sektorea funtsezkoa baita erdialderako.

Hiru B horiek —espazio publikoak berpiztea, eraikinak berrerabili eta birgaitzea, eta merkataritza eta ostalaritza biziberritzea— konbinatuz, Erdigunerako Masterplanak Erdi Aroko hirigunetik trenbideraino doan hiri-bilbe osoan banatutako ekintzak barne hartzen ditu.

 

Santa Barbara eta garai bateko Espainiako Bankua eraldatzea eta trenbidea lurperatzea

 

Hiriko alderdi estrategiko hori eraldatzen inplikatutako gizarte, ekonomia eta merkataritza agenteen aurrean, alkateak planean jasotako jarduera-ildo nagusiak azaldu ditu. Ekitaldia Vital Fundazioaren Aretoan izan da, Dendaraban. Horien artean hiru dira nabarmengarrienak: Santa Barbara plazaren berpiztea, 9,6 milioi euroko aurrekontua duena eta “Bost Enparantza” proiektuaren gunea dena, zeinaren bidez hiri eta merkataritza ardatz handia sortu nahi baita, Posta kalean barrena Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria, Foru plaza, Santa Barbara plaza eta Leizaola Lehendakariaren kalea lotuz; Espainia Bankua izandakoaren ingurua eraldatzea, inguratzen duten kaleak berrantolatuz oinezkoentzako lekua irabazteko, oztopoak kentzeko eta merkataritza eta ostalaritza jarduera sustzeko; azkenik, trenbidea lurperatzeak libre utziko duen lekua, zeinean garraio publikorako bideak sortuko baitira, hiriko ekialdea eta mendebaldea komunikatzeko bideak, eta dotaziozko eraikin berriak (ikastetxeak) eta neurri txikiagoan, bizitegiak. Horrekin lotuta, intermodala izateko asmoa duen tren geltokia egingo da, Green Capital plazatik Dato kalera doan ardatza dinamizatuko duena.

 

Santa Barbara,  garai bateko Espainiako Bankua eta trenbidea lurperatzea hiria biziberritzeko hiru proiektu handi dira, eta horiei erabiltzen ez diren eraikinak berrerabili eta birgaitzeko ekimen ugari gehitu behar zaizkie.

Jarduera multzoa

ARICHen egoitza izandakoa barrutik birgaitzea eta irisgarritasunarekin lotutako berrikuntzak egitea saltoki bihurtzeko. Higiezin hori hutsik egon zen bost urtez, eta dagoeneko merkataritza-jarduera ezarri da oinezko gehien dabilen erdialdeko leku batean.

Udal Ogasuneko bulegoak izandakoak eraldatzea, bizitegi-erabilera emateko. Gainera, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziario berriak sortuko dira.

Dato kalearen, Araba Jeneralaren kalearen eta San Prudentzio kalearen arteko etxadia berrantolatzea. Oraingo espazioak —aparkalekua lehen eta bigarren solairuetan— berrantolatuko dira, beheko solairuan erabilera tertziarioko espazioak —handiagoak eta oraingo beharretarako erakargarriagoak— utzita eta kaleak elkarren artean komunikatuta.

Banco Santanderren egoitza (Arka plaza) izandakoaren erabilera aldatzea. Gaur egun higiezin horren jabeekin hitz egiten ari da, hirigintza-plangintza aldatzearren. Erabilera tertziarioko sailkapena aldatzea proposatzen da, “bulegoetarako tertziarioa” kategoriatik “hoteletarako tertziarioa” kategoriara.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoitza berria. San Prudentzio kaleko 30.ean orain San Martinera aldatu diren udal bulegoetako batzuk zeuden. Irtenbide bat aurkitu da eraikina hutsik gera ez dadin, barrutik eraberrituz eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoak hartzeko egokituz.

Ertza eraikina bizitegi-erabilerara aldatzea. Fatxadak mantendu eta eraikina barrutik eraldatzea da asmoa, etxebizitzak jartzeko eta beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa sortzeko. Hartara, erabilera berria emango litzaioke udalaren bulego berriak inauguratu ondoren hutsik geratutako beste higiezin bati.

 Alfarotarren etxea osorik birgaitzea. Gaur egun Udala higiezin babestu horren jabeekin hitz egiten ari da, eta osorik birgaitzeko proiektu bat gauzatzeko aukerak aztertzen, arkitektura sailkapena errespetatuz. Finantza-erakunde baten egoitza bihurtu daiteke.

Zulueta jauregiaren erabilera berria. Osorik babestutako eraikina da, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dago. Promozio enologiko eta gastronomikoarekin lotutako erabilera eman nahi zaio, Arabako Errioxako turismoa promozionatzeko egiteko garrantzitsua egin dezan.

Turismo bulego berria jartzea Goya gasolindegia izandakoan. Eraikinaren egitura osorik gorde nahi da, erabilera ezberdinak emanez. Barrutik eraberritzea aurreikusi da, beheko solairuan turismo bulego berria eta elektrizitate karga-gune bat jartzeko. Lehen solairuan Alberto Schommer museoa jarriko litzateke, eta ostalaritzako jarduera osagarri bat.

“Bike station” jartzea Txoroleku izandakoan. Eraikinaren egungo egoera aztertzen ari da, eta  “bike station” bihurtzeko egin beharreko egokitzapenak. Bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat sortzeko aukera ere aztertzen ari da, handik metro gutxira dagoen turismo bulegoarekin lotuta.

Merkataritza espazio berria Dendaraban. Higiezin horren barrualdea birmoldatzea aurreikusi da, lehen solairuan areto txikiek osatzen duten merkataritza galeria espazio jarraitua bihurtzeko. Beheko solairuan ere aretoak berrantolatuko dira, denda galeriaren zati bat utzita eta gainerakoak batuz, merkataritza espazio jarraitua sortzeko. Dena dela, Independentzia, Posta eta Bake kaleak lotzen jarraituko du Dendarabak.

Gizarte Segurantzaren diruzaintza izandakoa berrerabiltzea. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren bulegoak lekuz aldatu ondoren, Posta kaleko 42.eko eraikina ere hutsik geratu zen. Udala azterlanak egiten ari da, eta jabeekin hitz egiten, higiezin hori berrerabiltzeari begira.

Florida kaleko 28.eko eraikina. Bizitegi-eraikina da, birgaitu beharrekoa, eta Udala da gehienaren jabea. Beheko solairuari erabilera tertziarioa emateko aukerak aztertzen ari dira, ostalaritza edo merkataritza negozioren bat jartzeko.

Jose Erbina kaleko 1.eko lursaila.  Trenbide azpiegituraren sailkapena du, eta leku estrategikoan dago, lurperatzekoa den trenbidearen ondoan; beraz, oso interesgarria litzateke bizitegi-erabilerarako edo enpresaren baten egoitzarako. Lursailaren erabilera aldatzeko egin beharko litzatekeen hirigintza-plangintzaren aldakuntza izapidetzeko aurretiazko azterlanak egiten ari dira.

Florida kaleko 53.eko lursaila. Zainpeko apartamentu batzuk egitea aurreikusi zen, baina azkenean ez zen asmoa gauzatu. Lursailari bizitegi-erabilera ematea aztertzen ari da, beheko solairuan eta sotoan erabilera tertziarioa izateko aukerarekin.

Postetxea. Higiezinaren jabeekin hitz egiten ari da, enpresaren jardueraren erabilera osagarriak txertatzeko asmoz. Hartara, etekin handiagoa aterako litzaioke katalogatutako eraikin horri, Bost Enparantza proiektuari eta Espainiako Bankua izandakoaren eraberritzeari esker leku estrategikoan geratuko baita.

Bonilla. Ekimen pribatuko proiektua, eraikin horretan adinekoentzako egoitza (49 pertsonarentzat) jarrita; hartara, gaur egun hutsik dagoen eraikinaren zatia erabiliko litzateke.

Iradier Arena. Eraikinaren efizientzia akustikoa hobetzeko inbertsioa, ekitaldi, kontzertu eta abarretarako baliatu ahal izateko eta hartara benetan erabilera askotarakoa izan dadin. Aparkalekuan txandakatzeko leku ugari erreserbatuko dira, trenbidea lurperatzearekin lotutako geltokiari eta erabilera askotarako eraikinaren jarduerari lotuta. Gainera, 200 leku inguru inguruko auzokoei besterenduko litzaizkieke.

Zabalgunerako laguntzak. Udalak lehentasunezko zonatzat jo du hiriaren erdialdea birgaitzeko laguntzen deialdian, eta beste laguntza-ildo batzuen barruan, berariazko programak sortu ditu begiratokiak konpontzeko, hiriaren ezaugarria baitira.

Diagnostikoa

Erdigunerako Masterplanak erantzuna ematen dio diagnostiko bati. Krisi ekonomikoa, enpresak eta erakundeak beste leku batzuetara aldatzea, bizitegietarako gune berriak sortzea eta beste faktore batzuk direla eta, hiri sendotuak erritmoa galdu du lehen zuen jarduera ekonomikoaren eta okupazioaren aldean. Lursail hutsak, eta erabili gabeko eraikinak eta aretoak erdialdeko paisaiaren zati bihurtzen ari dira, eta inguruak beste garai batzuetako pultsua berreskuratu nahi du, eta behar du. “Honetarako moldatzen den hirigintzaren kontzeptua erabiliko dugu oinarritzat. Garai berri hauek behar berriak dituzte, eta gaurko beharrei erantzuna emateko aproposa da moldatu daiteken hirigintza hori, betiko hirigintza baino malguagoa izango baita. Erabilerarik gabeko eraikin eta lokalak bizirik dauden puntuetan bihurtu behar ditugu, gure hiriko bizitza kolektiboa ere berriztatzeko”.

Gaur egun, 8.154 pertsona bizi dira Gasteizko Zabalgunean. Hau da, duela 10 urte baino mila gutxiago ia. Gainera, populazio horren batez besteko adina gero eta handiagoa da, 47 urtetik gorakoa. Eta erdigunean bizi direnen laurden batek 65 urte edo gehiago ditu. Horri gehitu behar zaio Zabalguneko 4.615 etxebizitzen erdia ia duela mende erdi baino gehiago eraiki zela.

Ehun ekonomikoari dagokionez, azken bost urteetan irekitako establezimenduen kopurua nabarmen jaitsi da. Epe horretan 200 negozioa inguru itxi dira. Gaur egun  2.005 aretotan dago jarduera: erdia banku eta aseguru-etxeak dira, eta heren bat baino zertxobait gehiago merkataritza eta ostalaritzakoak dira. 2016ko hasieran, 8.048 pertsonak egiten zuten lan sektore horretan.

Gasteizko zona enblematiko horren gainbehera eragozteko sortu da Erdigunerako Masterplana, ekimen publikoak eta pribatuak batzeko gauza izan dadin eta epe motz eta ertainera neurri eraginkorrak hartzeko bide eman dezan.

Proiektu batzuk dagoeneko obra kontratatzeko fasean daude; beste batzuetan behar diren azterlanak egiten ari dira, eta gainerakoetan hirigintza-plangintzaren aldakuntzaren izapideak aurreratzen ari dira, eraikinak berraktibatu edo berrerabiltzeko.

Masterplana ez da agiri itxia. Erdigunea biziberritzeko filosofia partekatzen duten ekarpen, proiektu eta ekimen berriak egin dakizkioke.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

Tokiko Gobernu Batzarrak EROSKIrekiko lankidetza hitzarmena onetsi du gaurko bileran, eta horri esker elikagaietarako txartela marka horretako 24 establezimendutan erabili ahalko da. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak proba laburra egin ondoren jarriko da abian neurria, eta publikoki jakinaraziko da eguna.

Orain arte, elikagaien prestaziorako txartela Simply kateko 9 supermerkatutan erabil zitekeen. Hitzarmenari esker, euskarri berak —Kutxabankeko txartel ez- finantzarioa— balioko du Gasteizko 33 elikadura-dendatan oinarrizko elikagai eta higiene-produktuak erosteko.

Aurreko agintaldira arte, oinarrizko mantenurako prestazio ez-diruzkoa Herritarren Udal Txartelaren bidez gauzatzen zen, eta onuradunek hori aurkeztu behar zuten ordaintzerakoan. Iaz  Kutxabanken txartel ez-finantzario batez ordeztu zen hori, “bitarteko normalizatuagoa eta ez hain estigmatizatzailea denez oharkabean geratzea ahalbidetzen baitu”, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek.

Aurreko agintaldian, gainera, eros zitezkeen produktuen zerrenda zehatza zegoen, eta horrek “izugarri zailtzen zuen erosketa. Zerrenda sinplifikatu dugu, familiei produktuak aukeratzeko askatasun handiagoa emanez, oinarrizkoa den bitartean”. Onuradunek produktu bakoitzeko 4 ale erosi ahalko dute gehienez.

Maiatzean, 284 familia baliatu ziren oinarrizko mantenurako prestazioaz, eta batez besteko kopurua 301 euro izan zen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:09

Gasteizko Udalak Euskharan kultur elkartearekiko lankidetza hitzarmena sinatzea onetsi du gaur goizean; zenbait proiektu eta jardueraren bitartez Arabako hiriburuan euskararen erabilera sustatzeko xedea du talde horrek, bereziki Aranbizkarra, Arantzabela eta Aranbide auzoetan. Udal gobernuak hitzarmen horretarako 24.255 euro ematea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrean.

Euskararen erabilera gizarte bizitzako hainbat esparrutan sustatzea, bereziki aisialdian eta kulturan, Urtaranen gobernuak etorkizunerako Gasteizerako dituen lehentasunezko helburuetako bat da. “Jarduerak sustatzen dituzten kolektiboei bultzada eman eta garatzen laguntzeko helburua ere badugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskharanen proiektua egokia da, eta bat dator Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) zehaztutako hizkuntza-politikarekin. Euskharanek kultur jarduerak eta berariazko programak antolatzea proposatzen du, euskaraz mintzo diren gasteiztarrei zein hizkuntza-maila hobetu nahi duten pertsonei zuzendutakoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:05

Urtaranen gobernuak Zabalganean Ehari ibaiaren gainean dauden egurrezko lau egitura mantentzeko lanetarako kontratazio dosierra onetsi du gaur goizean. Pasabideak duela 11 urte jarri ziren, eta Udalak garrantzitsutzat jo du enpresa bat kontratatzea mantentze-lanak egin eta egoera onean daudela bermatzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak 62.623,55 euroko aurrekontua onetsi du lan horietarako, lau hilabeteko epean gauzatu ditzaten.

Gurutze Gorriaren ibilbidean, Ilustrazioaren hiribidean eta UNICEFen hiribideranzko ibilbidean daude pasabideak. Egurrezko elementuetan eta eskudeletan eguzki-erradiaziotik babesteko tratamenduak egin, eskudeletan elementu berriak jarri, torlojuak ikuskatu, eta egoera txarrean dauden elementuak aldatu behar dira, besteak beste.

“Auzo berrietan, Zabalganean oraingoan, elementuak onik zainduta daudela bermatzea funtsezkoa da, nahiko berriak izan arren. Inguru horietan bizi direnen ongizatea bermatzeko egingo ditugu lan horiek”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:39

Eguberrietako Haur Parkea antolatzeko kontratazio-dosierra ere onetsi du, Udalak kudeatuko baitu berriro

Isabel Martinez zinegotziak gidatzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak  2018-2019 urteetan elkarteei  Herritarren Partaidetzaren materiala mailegatzeko zerbitzuak aurretiaz kontratatzeko dosierra onetsi du.

Gasteizko Udalak, Partaidetza Zerbitzuaren bitartez, zerbitzuak, baliabideak eta laguntza eskaintzen dizkie elkarte eta boluntarioei. Horren barruan, beharrezkotzat jotzen du jarduerak garatzeko ikus-entzunezkoak eta material osagarria mailegatzeko zerbitzua ematea.

Horretarako 90.000 euroko aurrekontua izango da, eta kontratuak 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte iraungo du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

 

Eguberrietako Haur Parkea

Bestetik, Udala berriro arduratuko da Eguberrietako Haur Parkearen kudeaketaz, eta udal instalazioetan egingo da. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak horretarako kontratazio-dosierra onetsi du, 115.000 euroan.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra arte iraungo du, aurreko urtean bezala.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:36

Ikasteko zailtasunak dituzten haurrei sostengu emateko eta hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonei arreta emateko diru-laguntzak ere onetsi ditu

Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen fundazioarekiko hitzarmena onetsi du gaur,  Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko ikastaroak egiteko.

Saioen kalitatea eta gizarte interes handia kontuan izanik, Udalak 30.000 euroko laguntza eman nahi die, herrialdeen arteko bizikidetza baketsua aldezten duten balioak eta arauak sustatzearren.

 

Hezkuntzako diru-laguntzak

Horretaz gain, Tokiko Gobernu Batzarrak diru-laguntzen bi ildo onetsi ditu Hezkuntza Zerbitzuaren proposamenez. Batetik, ikasteko zailtasunak dituzten haurrei sostengu emateko laguntza-deialdia, 161.358 euroko zuzkidura duena.

Ikastetxeei laguntza ekonomikoa ematen zaie, Lehen Hezkuntzan matrikulatuta daudelarik ikasteko zailtasunak dituzten haurrek sostengu psikopedagogikoa jaso dezaten.

Bestetik, hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonei arreta ematen dieten elkarteentzako diru-laguntza deialdia onetsi da, 23.000 euroan.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonei arreta ematen diharduten elkarteei laguntzea du xede deialdi honek, alegia, 2017/2018 ikasturtean Gasteizen bazkideei edo horien senideei zuzendutako hezkuntza eta/edo prestakuntza jarduerak zein herritarrei zuzendutako informazio eta sentsibilizazio jarduerak antolatu eta kudeatzen dituzten elkarteei, pertsona horiek ikastetxean edota gizartean integra daitezen sustatzeko eta bultzatzeko asmoz.

Share

Aurrekoak »