Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 ekaina 2017 16:37

Folklore Akademia Munizipalak parte hartuko du kontzertu honetan, Plaza Españan arratsaldeko 8etan

Bandak dantzarako errepertorio oso bat interpretatuko du, bere lehenengo erromerian parte hartuz

Bihar, ekainaren 23an,  `BANDtzaldia´ ikuskizuna estreinatuko dute AIKO Taldeak eta Gasteizko Udal Musika Bandak, Udal Folklore Akademiaren laguntzarekin; Espainia plazan izango da, arratsaldeko zortzietan. Agertokian 40 interprete inguru elkartuko dira: Gasteizko bandako kideak, zuzendariondoko Iker Olazabalen gidaritzapean, eta AIKO taldeko dantzariak. Sabin Bikandik konposatutako euskal musika joko dute, Joserra Gutiérrezek bandarako egindako moldaketan.

Ikuskizuna erromeria ere bada, eta AIKOko dantzariek ikusleak parte hartzera gonbidatu eta dantzan gidatuko dituzte. Kontzertuan Gasteizko Bandaren beteranotasuna —iaz etengabeko jarduneko mendeurrena bete zuen— eta AIKO taldearen filosofia bitxia batuko dira; musikari eta dantza irakasle talde horrek euskal dantza tradizionala zabaldu nahi du, eta aurten 10 urte bete ditu.

Gasteizko Bandak aurretik ere jo du dantzarako musika  (baltsak, pasodobleak, etab.) baina, dakigula, errepertorio hori dantzaldi herrikoiaren testuinguruan jotzen duen lehenengo aldia da, alegia,  zaleek dantza egin dezaten erromeria baten antzera, eta horregatik BANDtzaldia oso gertaera berezia da.

Ikuskizuna Udal Folklore Akademiaren “Dantza Plazan” eta Udal Bandaren “Musika Aire Zabalean” programen barruan sartuta dago.

Sabin Bikandik dantzarako konposatutako 20 lanek baino gehiagok osatzen dute Gasteizko estreinaldirako aukeratu den programa. Gasteizko Musika Bandaren musikaren erritmora, publikoak denetik dantzatu ahalko du: pasodobleak, dantza sueltoa, jauziak, chotis-a, polka, mazurka, balsa, ingurutxoa… Musikari jarraituz, dantza irakasleak plazan arituko dira, ikuskizuna dinamizatuz.

`BANDtzaldia´ ikuskizun kontzeptu berria da, AIKO Taldeak sortua eta Euskal Herriko musika bandekin batera garatua, BBK Fundazioaren laguntzarekin.  AIKO Taldearen dantzarako musika, bandek joa, eta erromeria, publikoak parte har dezan.

BIDEOAK:
BANDtzaldia ‘Baigorriarrak’  https://youtu.be/ahigEOelEPk
BANDtzaldia (promo) https://youtu.be/X8aOhSc58vI

EGITARAUA ‘BANDtzaldia’
Zuzendaria: Iker Olazabal
Musika: Sabin Bikandi
Banda moldaketak: Joserra Gutiérrez

01 Gabantxo (pasodoblea)
02 La veloz sangüesina (jota)
03 La roncalesa (porrua)
04 Ane’s waltz (balsa)
05 Villamandos (txotisa)
06 Zazpikoak (jauzia)
08 Karrikiri (foxa)
07 Bizkarret (gabota)
09 Laborda (polka)
10 Duguna (ingurutxoa)
11 Anso (habanera)
12 Tafernaberry (jauzia)
13 Rancho corto (ranchera)
14 Baigorriarrak (jauzia)
15 Bildaldia I (mazurka)
16 Manexak (bralea)
17 Bikaña (jota)
18 Bikaña (porrua)

ESTREINALDIA ‘BANDtzaldia’ : AIKO TALDEA + GASTEIZKO MUSIKA BANDA MUNIZIPALA, FOLKLORE AKADEMIA MUNIZIPALAREKIN BATERA
Eguna: Ekainaren 23a ostirala  Ordua: 20:00tan  Lekua: ESPAINIA PLAZAN
AIKO Taldea musikariak: Sabin Bikandi (txistu eta tamborila), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia), Amaiur Cajaraville (kontrabajo)
AIKO Taldea dantza maisuak: Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga e Irune Arrizubieta

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:35

 

 

 

 

 

 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok; Euskara, Kultura eta Hezkuntza foru diputatu Igone Martínez de Lunak, eta Azkena Rock jaialdiko zuzendari Alfonso Santiagok bihar hastekoa den Azkena Rock jaialdiaren XVI. edizioa aurkeztu dute gaur. Mendizabalean bertan aurkeztu dute, Thrasville agertoki berrian, zekazki. Bertaratuek, prentsa barne, bira egin dute instalazioetan barrena.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:59

Gainera, jaietan artisau azoka osatzen duten postu guztiak Carmelo Bernaola kalean izango dira segurtasun irizpideak jarraituz, aurretik ere batzuk kale horretan ipintzen ziren.

Gasteizko Udalak Florida parkean egoera txarrean dauden zenbait zuhaitzen adaburuen bolumena txikitzeari ekin zion atzo. Egun hauetarako ekaitzak iragarrita daudelarik, udal teknikariek ohartarazi dute horiek hausteko arriskua dagoela, eta horregatik erabaki zen premiazko esku-hartzea. Gaur goizean bilera egin da Udaleko talde politikoekin horren berri emateko, hiriko zuhaitzen alorrean aurrera eraman beharreko hurrengo ekintzak aztertu eta erabakiak adosteko. Gaur arratsaldean Ingurumen elkargunean aztertuko da gaia.

Gainera, arbolazain aditu batek duela gutxi egindako aurrediagnostikoa du Udalak. Txosten horren arabera, erortzeko arriskua duten ale ahulak daude Gasteizko zenbait lekutan: Florida parkean, Senda ibilbidean, Prado parkean eta Unibertsitateko ibilbidean. Zehazki, aztertutako 113 zuhaitzetatik gutxienez 66 kentzea aholkatzen du txostenak.

Hala ere, zuhaitzak mozten hasi aurretik, Udalak informazio gehiago izan nahi du, zuhaitzak ahalik eta luzaroen mantentzearren. Lehenengo eta behin, azterlanean “oso premiazkotzat” jotako jarduerei ekin zaie. Horixe da Floridan arrisku handiena duten zuhaitzak inausten hasteko arrazoia. Ondoren aipatutako lekuetatik jarraituko da, haizete gogorrik izanez gero arriskua gutxitzeko. Lehenengo fase batean adar lehorrak kendu eta adaburuak txikitzeko lanak egingo dira. Era berean, Udaltzaingoarekin eta suhiltzaileekin batera protokolo bat ezarri da, ekaitzik izanez gero eragindako lekuetara sartzen ez uzteko, zuhaitzen bat apurtu edo erortzen bada jendeak kalterik izan ez dezan. Gainera, jaietan artisau azokako postu guztiak Carmelo Bernaola kalean jarriko dira segurtasun irizpideak jarraituz. Aurretik ere batzuk kale horretan ipintzen ziren.Hala talde politikoekiko bileran nola elkargunean egoeraren diagnostiko partekatua egitea da asmoa, eta estrategia komuna lantzea, hiriko zuhaitzekin lotutako jarduera oro adostasunez erabakitzeko.

Gainera, egoera txarrean dauden zuhaitzei buruz informazio gehiago biltze aldera, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak zuhaitz guztien ikerketa sakona eskatuko du, bakoitzaren osasuna aztertzearren, tomografiak eta erresistentzia neurgailua baliatuz. Nola jokatu zehaztu aurretik duten arriskua ezagutzea da helburua. Bereziki kontuan hartuta oso zuhaitz adierazgarriak eta hiriko iruditeria kolektiboan oso errotutakoak direla.  Azterlana egiteko 16.500 euroko lizitazio zehaztu da.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak azpimarratu nahi du hartutako erabaki guztiak azterketa tekniko sakon eta arrazoituaren emaitza direla. Kontuan izan behar da zuhaitzek bizi-itxaropen mugatua dutela, bizi-ziklo luzea izan arren, eta hirian 112.000 zuhaitz izanik urtean 1.000 berritzen direla, hil direlako, oso hondatuta daudelako edo erortzeko arriskua dutelako. Aleen bizi-zikloak, hiri ingurunearekin batera, zahartzea eta progresiboki adaburuaren, enborraren eta sustraien egituraren hondamena dakar. Haizearen erasoek, gizakiek eragindako kalteek eta, askotan, usteldura dakarten onddoek prozesu hori azkartzen dute.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:19

Atariz atari egiten diren azterlan horien helburua da auzoak area degradatutzat jotzea, birgaitzeko laguntzak eskatzeko dituzten aukerak hobetzearren

Aste honetan Gasteizko Udala inkestak egiten hasiko da Abetxuku eta  Adurtzan, urrezko auzoen gizarte eta hirigintza egoeraren erradiografia ateratzearren. Bi auzo horiekin osatuko da Koroatzea, Zaramaga eta Ariznabarra auzoetan, batetik, eta Hirigune Historikoan, bestetik, hasitako proiektua.

Auzo horien benetako egoeraren erradiografia lortzearren, behar bezala kreditatutako soziologo-talde bat elkarrizketak egiten ari da bizilagun eta merkatariekin, eta arkitekto, urbanista eta paisajistek bisita teknikoak egiten dituzte eraikinetara eta espazio publikoetara.

Horretaz gain, urbanista eta soziologo taldeek auzoetako elkarteetako arduradun eta kideekin harremanetan jartzeko asmoa dute: auzo-elkarteak, merkatari eta ostalarien elkarteak, eta beste.

Ekarpenek  oso balio handia dute, beraz, 21 Zabalguneak auzokoei eskatzen die laguntzeko eta denbora tarte bat eskaintzeko, auzoaz, haren nortasunaz eta eboluzioaz elkarrizketa irekia eta zabala izateko: zein arazo eta premia dituen, eta haien ustez, zein noranzkotan eta nola hobetu litekeen.

Gehien bat 1980. urtearen aurretik altxatutako auzoak dira, eta bertako eraikinek hainbat arazo dituzte: kalitate txikiko erakuntza, irisgarritasun arazoak atari eta etxebizitzetan, isolamendurik eza edo isolamendu eskasa, eta patologia puntualak eta hezetasunak fatxadetan.

Bestetik, hiriko beste inguru batzuen aldean, auzo horietan adineko biztanle gehiago daude, langabezia maila handi samarra dute, eta gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsona gehiago bizi dira; horrenbestez, Gasteizko egitura urbanoan eremu ahultzat jotzen dira.

Hori guztia dela eta, Gasteizko Udalak beharrezkotzat jotzen du eremu horietan esku hartzea, hondatze progresiboa geldiarazi eta saihesteko, bertako gizarte, ekonomia, hirigintza eta eraikuntza baldintzak hiriko gainerako alderdienekin parekatzeko, eta hirigintzari, eraikuntzari, iraunkortasunari eta energia eraginkortasunari buruzko araudiak betetzeko.

Hori lortzeko lehen urratsa etxebizitzak eta bizitokietarako eraikinak birgaitzeko laguntzak emateko araudian —21 Zabalguneak kudeatzen duena— auzo horiek lehentasunez birgaitu beharreko eremutzat jotzea da. Hala ere, neurri horrekin batera beste neurri osagarri batzuk hartu beharko lirateke.

Zehazki, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaz baliatuz, dekretuan adierazten diren degradazio ekonomiko-sozialeko eta hirigintza-arkitektura degradazioko baldintzak betetzen dituzten Abetxuku eta Adurtzako alderdiak eremu degradatutzat jotzea eta izendatzea lortu nahi da, horiek berreskuratu eta biziberritzeko administrazioaren jarduera berezia behar baitute. Izendapena lortuz gero, auzokoek Eusko Jaurlaritzak birgaitzeko ematen dituen laguntzak eskuratu litzakete, horiek handiagoak baitira, Eraberritze Integratuko Eremuetarako zehaztutakoen parekoak.

Eusko Jaurlaritzak  laguntza ekonomikoa eman du Adurtza eta Abetxukuko gizarte eta hirigintza alorreko azterlanak egiteko, 2016an 104.965 euroko diru-laguntza eman baitzuen.

Gizarte eta hirigintza alorreko azterlanak baliagarriak izango dira Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena informatu eta inplementatzerakoan.

 

Abetxuku

Abetxukuk hainbat urte daramatza hiru ardatz kontuan hartzen dituen biziberritze proiektu bat lantzen: ingurumena, hirigintza birgaitzea, eta gizarte biziberritzea.  Auzoak planteatutako biziberritze integraleko planak agerian uzten du komunitate aktiboa dela, auzoaren balioa nabarmentzeko asmoa duena, Zadorra ibaiaren eremuan integratutako komunitate gisa. Hainbat alderdi barne hartzen dituen partaidetza sistema bat planteatu da: eraikuntza, hiri azpiegiturak, ekipamenduak, tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatzea… bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzearren. Gizarte inplikazioa kontuan izanik, azterlanak agerian jarriko ditu auzoak dituen ahultasunak, indarguneak eta aukerak, eta parte-hartzea bermatuta dago.

Abetxukuk 34,07 h-ko azalera hartzen du orotara, eta 3.306 biztanle ditu.

Gaur egun 733 eraikin eta 1.683 etxebizitza ditu: horien % 78k 30 urtetik gora du, eta % 27k 50 urte baino gehiago.

Abetxukuk badu beste bereizgarri bat: ipar-mendebaldean toki-erakunde bat du,  auzoari errepidez lotuta eta bere izaera propioa duena; han 1990eko hamarkadaren amaieran zenbait etxebizitza atxiki eraiki zen, auzoan daudenen antzekoak. Hego-ekialdean, berriz, azken 20 urteetan eraikitako etxebizitza blokeak daude, baina auzoaren gainerako zatiak jatorrizko itxurari eutsi dio.

Izan ere, 1957an, Gasteizera etorkin oldeak iristen ari zirela ikusita, herrixka bat era planifikatuan eraikitzeko leku bat bilatu zen. Lehenengo fasean familia bakarreko 417 etxe eraiki ziren: patioa eta solairu bat edo bi zuten. 1966tik aurrera, familia anitzeko blokeak egin ziren, eraikin irekietan; orotara 613 etxebizitza. 1970eko urteez geroztik, bizitegi-eraikin kolektibo bat edo beste osatzeaz gain, ingurumen eta zuzkidura aldetik hornitu da.

 

Adurtza

Adurtzako bizitoki-eremuak 24,30 h-ko azalera hartzen du orotara, eta 6.158 biztanle ditu. 1950etik 1980ra bitartean hazi zen, eta urte horietan 100 etxebizitza izatetik 2.000 izatera iritsi zen. Azkenengo urteetan auzoko populazioa nabarmen murrizten ari da: 2005ean 7.678 biztanle zituen, eta gaur egun, 6.158, hau da, hamarkada batean % 20 murriztu da populazioa.

Gaur egun 3.276 etxebizitza ditu: horien % 73k 30 urtetik gora du, eta % 34k 50 urte baino gehiago.

Share