Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 ekaina 2017 17:00

Prentsaurrekoa. Musikaren Eguneko ekitaldiak aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; Udal Musika Bandaren alboko zuzendari Iker Olazabal; Udal Folklore Akademiako zuzendari Roberto Álvarez; eta Luis Aranburu Udal Musika Eskolako zuzendari Paco Galve

Eguna. Asteartea, ekainak 20

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko Triatloia aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako Diputatu Nagusi Ramiro González; Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondo; eta Vitoria-Gasteiz Triatloiko zuzendari Eduardo Martínez

Eguna. Asteartea, ekainak 20

Ordua. 12:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:16

Madril, Bartzelona, Valentzia, Avilés, Iruñea eta Castellóko adituak udal kontratazioan klausula sozialak eta ingurumenaren arlokoak sartzeari buruzko esperientziak partekatzen ari dira udal teknikariekin

Europa biltzar jauregian “Erosketa publiko arduratsuaren inguruko esperientziak” topaketa egingo da gaur eta bihar.  Zentzuz Kontsumitu proiektuak eta Euskadiko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sareak antolatu dute topaketa, Gasteizko Udaleko Kontratazio Gizartearekiko Arduratsu eta Iraunkorrerako Batzorde Teknikoarekin elkarlanean.

Hainbat toki-administraziotako adituak (Madril, Bartzelona, Valentzia, Avilés, Iruñea eta Castellóko udaletakoak, besteak beste) kontratazio publiko arduratsuari buruzko esperientziak partekatzen ari dira, eta  udal kontratazioan eta erosketan klausula sozialak eta ingurumenaren arlokoak txertatzeko izandako lorpenak eta zailtasunak.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Gasteizko Udalean urratutako bidea azaldu du, eta planifikatutako helburuak. “Hasieran konpromiso politikoa zena udal kontratazioan aplikatzeko prozesua mailakakoa izan da, eta funtsezko osagai batean oinarritu da: talde politiko guztien adostasuna. Adostasun horri esker igaro gara kontrataziorako jarraibidetik erosketa planera, zeinak ekintza kuantifikatu eta neurgarriak biltzen baititu, bakoitza bere aurrekontua duelarik. Klausula gizartearekiko arduratsuak dituzten kontratuek nabarmen egin dute gorantz, eta emaitza positibo hori neurri batean sailen eta udal langileen funtsezko inplikazioari zor zaio”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Kontrataziorako baldintza teknikoen agiriak nahiz administrazio-agiriak lantzen esku hartzen duten udal langileei zuzenduta dago topaketa bereziki, baita beren zerbitzuetako erosketez arduratzen direnei ere.

 

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

Tenperatura altuengatik abisu laranja aktibatu dela eta, zenbait gomendio

Gaurtik asteazkenera, ekainak 22, tenperatura altuak iragarri dira Gasteizen, eta 36 gradutara irits daitezke. Hori dela eta, Udalak zenbait neurri hartzeko gomendatu nahi die herritarrei.

Euskalmeten iragarpen meteorologikoaren arabera, alerta laranja aktibatu da.

Tenperatura altuek pertsona jakin batzuengan izan lezaketen eragin berezia ikusita, hona hemen hainbat oinarrizko aholku:

Likido gehiago edatea

  • Ohi baino likido gehiago edan; batik bat, ura.
  • Ez itxaron egarri izan arte, edateko.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak.
  • Medikuak muga ezarri badio edan dezakezun likido-kopuruari edo diuretikoak eman badizkizu, egin kontsulta berari.

Elikadura

  • Hartu janari arinak (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak…).

Etxean

  • Itxi leihoak eta jaitsi eguzkiak zuzenean jotzen duen pertsianak.
  • Aprobetxatu hainbesteko berorik egiten ez duen uneak etxea aireztatzeko eta freskatzeko.

Erabili arropa egokia

  • Arropa zabala, arina eta kolore argikoa.
  • Oinetako eroso eta freskoak.

Freskatu

  • Beroak jota bazaude, dutxatu edo bainatu ur hotzarekin.

Babestu eguzkitatik

  • Bero handieneko orduetan, ez atera kalera, beharrezkoa ez bada.
  • Atera behar baduzu, estali burua eta erabili betaurrekoak.
  • Saihestu eguzkia eta itzaletik ibili.
  • Ez egin jarduera fisiko neketsu eta luzerik bero handieneko orduetan.
  • Ez geratu inoiz —eta ez utzi inor— auto aparkatu itxi baten barruan, itzalean badago ere.

Zaindu ahulenak

Arreta berezia eskaini umetxo eta haurrei, adinekoei eta beroa eta hidrataziorik eza direla eta larri daitezkeen gaixotasunak dituzten pertsonei, esaterako bihotzeko gaixotasunak dituztenei.

Adinekoek, batik bat bakarrik bizi direnek edo mendekoek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; hortaz, senideren batek bisitatu beharko lituzke, edo, bestela, lagunen edo bizilagunen batek, edo gizarte-zerbitzuen laguntza eskatu.

  • Botikak toki freskoan gorde, beroak horien osaera eta eragina honda bailitzake.

Bero-kolpea gertatuz gero hartu beharreko neurriak

Hainbat ondoez eragin ditzake bero zakarrak, hala nola zorabioa, makalaldia, nekea, goragalea edo konortea galaraztea.

Intsolazioa ere bero handiari lotuta dago, eta sintoma hauek izan ditzake: azal gorritua, beroa eta lehorra, pultsu azkartua edo buruko min handia. Halakoetan, ondoezik dagoena toki freskoan jartzea gomendatzen da, burua estalita, konpresa bustiak eta hotzak jartzea besapeetan, eta ura ematea, gatza eta bikarbonatoa nahasita.

Nolanahi ere, sintomak ez badira desagertzen, familia-medikuarengana jotzea gomendatzen da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:52

-Asteburu honetan bi informazio-jardunaldi egingo dira Aldabeko gizarte etxean

-Urtebetez barne lan gogorra egin ondoren, Udalak, VISESAk, Energiaren Euskal Erakundeak eta Giroak laguntzei eta berokuntza-sare komunitarioari buruzko xehetasun berriak aurkeztu dituzte

-Europako Batzordeak ezarritako epeen arabera, auzokoek azaroaren 30erako egin behar dute bat ekimenarekin

-Proiektuaren aurrekontua 29 milioi eurotik gorakoa da, eta 10,9 milioi Europak finantzatutako ditu

Gasteizko Koroatzearen auzoa birgaitu eta biziberritzeko SmartEnCity proiektuak aurrera darrai. Urtebetez teknikariek eta erakundeen artean lan gogorra egin ondoren, Gasteizko Udalak, Visesak —Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza Sailburuordetzaren mendeko sozietate publikoa eta proiektua kudeatzeaz arduratzen dena—, Energiaren Euskal Erakundeak, Giroak eta Errotazaharra auzo elkarteak ekimenari buruzko xehetasun berriak aurkeztu dituzte gaur goizean. Gasteizek Tartu eta Sonderborg hiriekin batera hartzen du parte europar plan horretan, zeinaren helburua baita herritarren bizi-kalitatea hobetzea, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta IKTak barne hartzen dituzten irtenbide integratu eta orekatuak garatuz eta hedatuz. Gasteizko alkate Gorka Urtaran, VISESAko zuzendari nagusi Carlos Quindós, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Giroa-Veoliako zuzendari nagusi Juan Manuel Taracena, eta Errotazaharra auzo elkarteko ordezkari César Caño arduratu dira informazioa eskaintzeaz gaur goizean Gasteizko udaletxean egindako prentsaurrekoan.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu duenez, proiektua “oso konplexua da, froga xedea duena, Europa mailan estrategia bat garatzeko asmoa baitu, eta bost urte iraungo du“. Alkateak aipatu duen konplexutasun hori dela kausa, azken hilabeteetan lan handia egin behar izan dute teknikariek eta erakundeen artean proiektua garatu eta zehazteko. “Orain badugu Koroatzeko auzokoek eskatu diguten informazio guztia. Eta haiei helarazteko garaia heldu da, Europar Erkidegoak epe batzuk ezarri baitizkigu, eta guztion artean iritsi behar baitugu atalase horietara. Nolanahi ere, agente lokalek bere egiten badute bakarrik izango du zentzua Koroatze auzoaren aldeko apustuak, auzoan bizi diren eta lan egiten duten pertsona eta kolektiboek bere egiten badute. Hori dela eta, herritarrak esperientzia hau partekatzera animatu nahi nituzke, eta auzo horretako biztanleen bizi-kalitatea hobetzen elkarrekin lan egitera“.

Azken hilabeteetan Udalak ebatzi dituen alderdietako batzuk azaldu ditu alkateak, besteak beste: auzoaren Plan Berezia onestea, aurreikusitako jarduketen hirigintza antolamendua arautzeko; Udalak berme-funtsera egin beharreko ekarpena; parte-hartzeko prozesua, Koroatzeko auzokoek Udalak espazio publikoaren alorrean aurreikusitako jardueren artean lehentasunak ezar zitzaten. Udalak aurreikusi du bi milioi euro bideratzea esku-hartze horietara, proiekturako aparteko ekarpen gisa.

Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindósek azaldu duenez, Europako Batzordeak “ezinbestean bete beharreko epeak jarri ditu laguntzak eskuratzeko. Eraikinek 2019rako egon behar dute birgaituta, beraz, auzokoek azaroaren 30erako erabaki beharko dute proiektuarekin bat egin nahi  duten. Gainera, berokuntza-sarearen azpiegitura osoa bideragarria izan dadin proiektuari atxikitzen zaizkion auzokoen atalase bat behar da. Atalasea 750 etxebizitza da“. Auzoaren sostengua lortzeko funtsezkotzat jotzen da herritarrek informazio zehatza jasotzea. Horrekin lotuta, Carlos Quindósek iragarri du asteburuan jardunaldi batzuk egingo direla Aldabeko gizarte etxean. “Iritziak entzun eta trukatzeko, antzeko birgaitze-proiektuetan parte hartu duten pertsonen esperientziak ezagutzeko eta Visesa, EEE, Giroa eta Gasteizko Udaleko profesionalekin zalantzak argitzeko aukera izango da. Badakigu bide honetan zalantza eta kezka ugari sortu direla, eta jardunaldi hauek argitzeko balioko dute. Ostiralean, hilak 23 (11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) eta larunbatean, hilak 24 (11:00etatik 14:00etara) egingo dira. Zenbait informazio-saio antolatu dira, proiektua eta beste auzo batzuetako esperientziak ezagutu ahal izateko. Orobat, gaikako bost mahai izango dira, ‘espazio urbanoa’, ‘birgaikuntza energetikoa’, ‘kontratua eta finantzaketa’, ‘berokuntza-sarea’ eta ‘beste esperientzia batzuk’ izendatutakoak, bertaratuek galderak egiterik izan dezaten“, azaldu du  Carlos Quindósek.

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak erabaki dute proiekturako dauden europar, eskualde eta tokiko laguntzen laguntza osagarriak sortzea, diru-sarrera mugatuak eta finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonek jardueran parte hartzerik izan dezaten. Laguntza horiei esker, birgaitzeko jardueran diruz laguntzen ez diren kostuen ehuneko bati aurre egin ahal izango diote etxebizitzen jabeek; diru-laguntzarik ez duten kostuen % 25 eta % 85 artekoa izango da laguntza, bizikidetza unitatearen diru-sarreren arabera.

Berme funtsaz gain, laguntza publikoek estaltzen ez duten proiektuaren zatia finantzatzeko beste tresna bat egokitu da:  Kutxabank, Laboral Kutxa, Bankoa eta Rural Kutxa atxiki zaizkio VISESAk sustatutako finantza-hitzarmena. Hitzarmen horretan oso baldintza finantzario interesgarriak arautzen dira banakoek zein etxejabeen erkidegoek 8 eta 12 urte bitarteko epemuga duten maileguak lortzerik izan dezaten, beren finantza ahalmenarekin bat datozen hileko kuotak eskainita.

EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak gaineratu duenez, “proiektu honek bultzada handia emango dio Araban biomasa baliatzen duen energia berriztagarriari. Gainera, hiriko berokuntza-sare baten bidez egingo da, zeina Europan oso zabalduta dagoen kontzeptua baita, eta energia hori erabiltzeko modu eraginkorrenetako bat. Gure ustez, Koroatzeak osagai guztiak ditu erakundeok esku har dezagun, ekitaldi honetan ikus dezakezuen bezala. Auzoko bizilagunak ere proiektuaren protagonista sentitzea nahiko genuke, energia garbia eraginkortasunez, lehiakortasunez eta berme guztiekin erabiltzea baita helburua. Eta ez dago zalantzarik biomasak eskaintzen dituen aukeren aurrean Araba erreferentea dela aprobetxamenduan eta garapen energetiko iraunkorraren alorrean. Oro har, biomasaren bidez beroa sortzeko 1.000 instalaziotik gora jarri dira martxan Araban, etxebizitzetan zein industrian, lehen sektorean eta zerbitzuetan.  Orotara ia 30 megawatt daude instalatuta. Euskadiko mendietan biomasa aprobetxatzeko aukera handia dugu, lehen aipatu dizuedan % 57tik hemen kontsumitzen den energia berriztagarriaren % 72ra irits baitaiteke. Gure aldetik, Koroatzeko auzoko guztiei dei egiten diegu informazio-saioetara etor daitezen eta auzorako etorkizun handi baten alde apustu egin dezaten“.

Biomasa auzoan beroa sortzeko

Giroa-Veoliako kide Juan Manuel Taracenak azaldu duenaren arabera, “berokuntza-sarearen edo District Heating sistemaren bidez, beroa modu zentralizatuan sortu eta banatzen zaie sareari konektatutako erabiltzaileei, baina bizilagun bakoitzak bere kabuz erabiltzen du berokuntza. Beroa Aldabeko gizarte etxearen ondoko zentral berrian sortuko da, eta eraikin bakoitzaren azpizentraleraino lurpetik doazen hodietan barrena banatuko da (berokuntza zentrala duten eraikinetan orain duten galdara-gela erabiliko da). Banakako galdara duten etxebizitzetan, horien ordez berokuntzaz eta ur beroaz hornitzeko armairua jarriko da, eta horrek banakako kontagailua izango du. Eraikina sarera konektatzen denean, ez da galdararik edo erregai sukoirik (gasa edo gasolioa) eduki beharko, eta desagertu egingo da instalazio zentralizatuak (galdara-gelan) edo etxeetakoak (banakako galdarak) izateak dakarren arriskua. Orobat, galdarek hartzen duten espazioak libre geratuko dira, azpizentralak askoz sinpleagoak baitira. Bertako jatorria duen biomasaren prezioaren aldakortasuna erregai fosilena baino txikiagoa da; horri esker, eta fatxaden isolamendu hobeari esker, berokuntzaren eta ur beroaren fakturan % 20ko aurrezpen ekonomikoa lortzen da“.

Taracenak argitu duenez, Koroatzearen auzorako proiektatu den ereduak Europak agindutako iraunkortasun printzipioak betetzen ditu, zeinak Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoaren eta Iraunkortasunaren Sailaren 178/2015 Dekretuak bermatzen baititu. Dekretuak ezartzen duenez, sektore publikoan kontsumoa % 12 gutxitu behar da 2020rako, eta % 25, 2025erako. Orobat, energia berriztagarriak baliatzen dituzten eraikinen portzentajeak % 32koa izan behar du 2020rako, eta % 40koa 2025erako, aprobetxamendu termikoko sistemak zein elektrizitatea sortzekoak izan daitezkeelarik. “Koroatzearen auzoan jartzekoa den instalazioak nabarmen gainditzen ditu Eusko Jaurlaritzaren dekretuan zehaztutako helburuak energia eraginkortasunari dagokionez“, esan du.

Gehien bat basoetatik lortutako biomasa izango da erregaia, baso garbiketatik eta energia lortzeko landaketetatik lortutakoa zehazki. Erregai ekologikoa da, berriztagarritzat jotakoa, eta  energia fosilen ordez erabiltzen denez CO2 emisioak murrizten ditu. Gure inguruan biomasa soberakin handia dugu, eta horrek  kanpoko energiarekiko menpekotasuna gutxitzea eta energia tradizionaletan maiz gertatzen den prezio aldakortasuna saihestea ahalbidetuko du. Gas naturaleko ekipoak ere izango ditu sareak, malgutasun handiagoa izateko eta bero iturri ezberdinak erabiliz zerbitzua bermatzeko. Auzoko bakoitzak berokuntzaren banakako erabilera izango du, hau da, beroa modu zentralizatuan sortu arren, auzokoek ez dute berokuntzaz baliatzea mugatzen duten ordutegi zehatzen mende egon beharko, bakoitzak egokien deritzon moduan kudeatuko baititu berokuntza zein ur bero sanitarioa.  Banakako kontsumoak ikusteko plataforma bat izango da, eta berokuntzaren eta ur beroaren kostu metatua ikuskatu ahalko dute une oro. Zerbitzua bi zatitan fakturatuko da: zati bat finkoa izango da, eta bestea aldakorra, benetako kontsumoaren arabera. Hartara, erabiltzaile bakoitzak bere kabuz kudeatuko du zerbitzua, bai eta kostua ere.

Proiektu aitzindaria Europan

SmartEnCity europar proposamenaren barruko proiektua da hau, zeinaren helburua baita CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko estrategia komuna diseinatzea, eta joan den 2015eko maiatzaren 5ean Horizontea 2020 I+G+Bko programaren barruko “Hiri eta komunitate adimentsuak” europar diru-laguntza deialdira aurkeztu zen. Orotara 200 hirik eta 1000 entitatek baino gehiagok 42 proiektu aurkeztu zituzten, eta Koroatzekoa izan zen aukeratutako lauetako bat, ekintza hauek garatzeko:

a) Oinarrizko birgaikuntza energetikoa: 750 eta 1.313 etxebizitza bitartean modernizatzea, energiaren ikuspuntutik eraginkorrak bihurtzeko (eraikinen inguratzailearen birgaikuntza energetikoa).

b) Berokuntza sarea: % 100 berriztagarria den biomasa baliatzen duen hiri berokuntza-sistema instalatzea, eskaera termikoaren % 100 betetzen duena: berokuntza eta ur bero sanitarioa, gutxienez 750 etxebizitzatan.

c) Azpiegitura elektriko eta termiko integratuak: froga egiten den lekuan zabaltzen den hiri berokuntzaren kudeaketa elektrizitate-kontsumoen kudeaketarekin integratzea.

d) Mugikortasun iraunkorra: Gasteizko ibilgailuen parkean teknologia garbiak sartzea, helburu hori lortzeko tresna nagusitzat ibilgailu hibridoak eta elektrikoak baliatuz.

e) IKTak: Gasteizerako Hiri Kudeaketako Sistema (SGU-VG) hedatzea, hiri informazioko plataforma irekiaren (CIOP) definizio komunean oinarritutakoa.

f) Hiri espazioa biziberritzea: kaleak eta plazak berritzea, auzoa erakargarriagoa izan dadin.

Europako Batzordeak, Sareak Berritzeko Agentzia Exekutiboaren (INEA) bidez, 27,9 milioi euroz finantzatuko du SmartEnCity proiektua, Tartu, Sonderborg eta Gasteiz hirietan garatu eta ezartzearren; Koroatzeko jarduerari 10,9 miloi euro esleitu zaizkio.  Gasteizko proiektuaren aurrekontua 29,6 milioikoa da. Europako diru-laguntzaren kargura gehienez 750 etxibizitza birgaitu ahalko dira, eta bero-sarea eraiki. Eusko Jaurlaritzak, Visesa eta Gasteizko Udalaren bidez, diru-laguntza osatuko du eta behar den kopurua jarriko du 1.313 etxebizitza energetikoki birgaitu ahal izateko.

Proiektua gauzatzeko epe hauek ezarri dira:

– 2016-2017 urteak: aurreproiektuak, erkidegoekiko akordioak, proiektuak, lehiaketak.

-2018 eta 2019: lanak gauzatzea.

-2020 eta 2012: emaitzak monitorizatzea eta zabaltzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

Gasteizko Udalak gaitzesten du goizaldean Londresen buruturiko  azken eraso terrorista, non furgoneta batek hiriburuaren iparraldeko mezkita batetik irteten ari ziren pertsonak zapaldu  eta gutxienez lagun bat eta hainbat zauritu gertatu diren.

Udalbatzak erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria. Era berean, dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

Gasteizko Udaletik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Londresko hiriari eta britainiar herritarrei, une latz hauetan

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:24

Luis Aramburu eskolak Principal antzokian emango dio amaiera 2016/2017 ikasturteari, 19:15ean, eta horrekin batera haren 25. urteurreneko ikasturteari hasiera ere emango dio.

Bihar, asteartearekin batera, ekainaren 20an, 19:15ean Principal antzokian izango da Luis Aranburu udal musika eskolako ikasturte amaierako kontzertua, eta bertan parte hartuko dute 291 lagunek, alegia, ikasleen % 28.

Gaur aurkeztu du prentsaurrekoan Estibaliz Canto eskolako lehendakaria eta zinegotziak, eta berak esan duenez, ikasturte amaierako kontzertua “beti da jarduera berezia, urte osoan egindako lanaren emaitza ikusten delako, ez bakarrik ikasleena baizik eta gure irakasle bikainen jardun onena ere bai“.

Kontzertuan ikusi ahal izango dira eskolan ematen diren espezialitate guztiak. Kontzertuak praktikan amaiera emango dio eskolako jarduerari (Musika Egunaren ondoko eguneko ekitaldiak azkenak izango dira), eta horrekin batera hasiko da 2017/2018 ikasturtea, “are bereziagoa izango dena -Cantoren hitzetan- gure eskolak 25 urte beteko dituelako musika egiten Gasteizko bihotzean, eta ekitaldien egutegiari irailaren 13ak berak hasiera emango dio”.

 

Arrakastez beteriko ikasturtea

Eskolako arduradunak ikasturteko arrakastak aztertu zituen. Lehenik eta behin, aurrekontuari 200.000 euroko hazkundea emanda “Eskolarekin dugun konpromiso sendoa argi uzten dugu, eraiki eta proiektatzen dugun Gasteiz hiriaren aldeko apustu gisa: arrakasta lortzea, oinarriaren aldeko apustu sendoa eginez”.

Horretaz gain, hitzarmena izenpetu da Mugarik gabeko Musikariekin, eta horrek ekarri ditu musika-tresnen bankua, entzunaldi solidarioak, nazioarteko laguntza-proiektuak. Irakasleen lanaldia luzatu egin da, energia murrizteko plana ere egin da, zortzi bizikleta-aparkaleku ezarri dira, eraikinaren egokitze plana egin da 70.000 euroko inbertsioarekin, kudeaketa aurreratuko eredurako prestakuntza eskaini da, ikasgelak lehen aldiz margotu dira eskola bertan dagoenetik, Udaband sortu da, eta izenpea jartzea besterik ez zaie falta hainbat hitzarmeneri: Jazzargia, Gauekoak programa eta AEFAT (Aintzina Folk), bertako jarduerekin bat egiteko.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:17

 

 

 

 

 

 

 

Idazlearen hitzetan, abuztuaren 4a “oso egun garrantzitsua izango da nire bizitzan, inoiz amestuko ez nukeen egun magikoa”

Gaur goizean aurkeztu da aurtengo jaietako suziria jaurtiko duen pertsona, San Migeleko balkoian: Eva García Sáenz de Urturi idazle gasteiztarra. Gorka Urtaran alkateak hark Gasteizen enbaxadore gisa  egindako lana azpimarratu du, eta egileak hautatu izana eskertu du. “Alkateak eskaintza egin izana ohorea eta pribilegioa izan da niretzat. Datorren abuztuaren 4a egun magikoa izango da niretzat, inoiz amestuko ez nukeena. Oso egun garrantzitsua izango da nire bizitzan, apartekoa”, adierazi du.

 

 

 

 

 

 

Suziria nork jaurti txandaka aukeratzen dute Udalbatzako talde politikoek, eta aurten alkateari zegokion. Gorka Urtaranek esan duenez, “gasteiztarrak harro gaude Eva bezalako enbaxadoreak izateaz, guztiontzat erreferente bat baita, eta benetako oparia. Gasteizen erakargarrien sustatzaile zoragarria izateko luxua dugu, aukera duen guztietan zabaltzen baititu, eta Euskadiko hiriburuko leku ezagunetan kokatuta dauden liburuak akuilu ezin hobea baitira gu bisitatzera eta lehen pertsonan ezagutzera etortzeko”.

Alkateak eskerrak eman dizkio idazleari, “haren lanarekin Gasteiz literatur mapan eta milaka irakurleren buruan jartzen duelako”. “Pozik gaude jaiei hasiera ematen gurekin izateaz; gainera, lehenengo aldiz ez da beirarik izango suziriaren jaurtiketan, eta hori  aurrerapen handia dela uste dugu”, gogorarazi du.

 

 

 

 

 

Eva García Sáenz de Urturi, berriz, hunkituta agertu da, eta hiriarekin oso eskertuta dagoela azaldu du, “hasieratik izan nituelako erakundeen laguntza eta jendearen maitasuna”. “Alkateak eskaintza egin zidanean, ezin nuen sinetsi. Oso egun berezia izango da, eta gogoz bizi nahi dut”, erantsi du.

Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera ematen dion suziria pizteko ardura izango duenak arrakasta handia lortzen jarraitzen du,eta haren lanak salmenta zerrenden lehen postuetan daude oraindik: “El silencio de la ciudad blanca”, Gasteizen gertatzen da, 2016ko abuztuan, uztailaren 24tik hasita; bigarrenak ere, “Los ritos del agua”,  Euskadiko hiriburua du agertoki nagusitzat. Jarraitzaileak Hiru Zuriaren trilogiako azken eleberria noiz aterako zain daude, istorio berriaz gozatu ahal izateko.

 

 

Share