Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 ekaina 2017 09:31
  • Besteak beste, espaloiak zabalduko dira, eta zoladura berrituko, egoera txarrean baitago
  • Argiteria, saneamendu-sarea eta hiri-altzariak ere berrituko ditu Udalak

Gasteizko Udalak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea eraberrituko du, Zerkabarren eta Domingo Beltran kaleen arteko zatian. Izan ere, kale horrek irisgarritasun arazo handiak ditu, espaloiak oso estuak baitira, eta itxura zaharkitua du. Zoladura ere egoera txarrean dago. Urtaranen gobernuak inguru hori txukuntzeko lanetarako kontratazio-dosierra esleitu du gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrean. Lanen aurrekontua 619.152,28 euro zen, eta gauzatze-epea, bost hilabete, kontratua esleitzen zenetik. Campezo Obras y Servicios enpresa gertatu da esleipendun, eta 480.647,91 euroren truke egingo ditu lanak, BEZ barne, % 22,37 behera egin ondoren.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak gaur goizean gogorarazi duenez, “inguruko auzokoek maiz eskatu dute esku hartzeko. Izan ere, “Zure Auzoa Hobetuz” partaidetza-prozesuan hartutako konpromisoetako bat da. Ekimenaren proposatzaileekin adostu da proiektua, Landazuri ikastolako eta Santa Maria ikastetxeko gurasoen elkartekin. Proiektuaren bidez, “alderdi horretan oinezkoen joan-etorriak nabarmen hobetzea da asmoa. Kaleak oso espaloi estuak ditu, eta horrek irisgarritasun arazoak sortzen ditu, oso ezerosoa baita bertatik ibiltzea. Espaloiak zabalduz oinez doazen pertsonek leku handiagoa izango dute. Orobat, itxura atseginagoa izango du. Gizarte eragin handiko lana da, zati labur batean bi ikastetxe eta osasun zentro bat pilatzen baitira”, nabarmendu du zinegotziak.

Gasteiz fisikoki eta sozialki aldatzen lagundu nahi da obra horren bitartez. Ingurumen Sailak Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalerako diseinatu duen proiektuak Domingo Beltran eta Zerkabarren kaleen arteko zatiari dagokio. Izan ere, kalea zaharkituta dago: oso espaloi estuak ditu, zoladura egoera txarrean dago, eta galtzadak txaplatak, bigunguneak eta arrakalak ditu. Iparraldeko espaloia 1,50 metro zabal baino ez da. Hegoaldekoak zabalera desberdinak ditu, baina zati batzuetan ere 1,50 metro du.

Irisgarritasun araudia betetzeko eta espaloiak hobetzeko, zati estuenetan aparkatzeko lekuak kenduko dira, espaloiak 2,80 metrora zabaltzearren. Zehazki, kalearen hegoaldeko zatiko mendebaldeko lekuak kenduko dira. Zamalanetarako lekuak orain dauden bezala geratuko dira. Trafikoaren kontrako noranzkoan doan bidegorria ere estutuko da, espaloiak zabaldu ahal izateko.

Zoladura zaharkituta dagoenez, zati osoan aldatuko da. Drainatze-sarea ere eraberrituko da, hustubide eta sareta berriak jarrita. Bide batez, Udalak sare hauek berritzea erabaki du: argiteria, luminaria berriak, kanalizazio eta kable berriak jarriz argiztapen mailak, uniformetasuna eta kontsumoak doitzeko; saneamendua, eta semaforoak (lekuz aldatuko dira).

Bestetik, zenbait zuhaitz fatxadetatik oso gertu daudenez, aldian-aldian kimatu egin behar izaten dira. Hori dela eta, zuhaitzak hondatuta daude, eta irregularki hazi dira. Ondorioz, kendu egingo dira. Hala ere, 13 zuhaitz utziko dira, eta horien txorkoak aldatuko.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 ekaina 2017 19:59

 

 

 

 

 

 

  • Espazio publikoan martxan diren 15 obrak, Erdigunerako Masterplana eta Koroatzearen auzoa birgaitzeko proiektua gogora ekarri ditu alkateak, jarduera nagusien artean
  • Zorraren eta zulo ekonomikoaren murrizketari iruzur fiskalaren kontrolaren arloko aurrerapenak gehitu behar zaizkie
  • “Auzo guztietan inbertsio berriak bultzatzen jarraituko dugu hurrengo hilabeteetan. Gasteiz abian da. Gurutzaldi-abiadura hartu du”, baieztatu Urtaranek.

 

 

Udalaren egoera ekonomikoa nabarmendu du Gasteizko alkateak, obra publikoan egindako inbertsioen aurrerapena eta hiria biziberritu eta birgaitzeko proiektuak, gobernu lokalaren kudeaketaren balantze positiboaren adierazle nagusi gisa, agintaldiaren erdialdean. Bizikidetza sendotzea eta bizi-kalitatea hobetzea xede duen erronkaren haritik garatzen ari diren ekimen ugariei errepasoa egiteko aukera eman du Gorka Urtaranek udal politikaren eztabaida orokorrean egin duen mintzaldiak.

 

Jarduera ekonomikoaren datu nagusiek azken bi urteetan izan duten hobekuntza nabarmendu du Gorka Urtaranek; 4.026 langabe gutxiago dira hirian eta 6.000 afiliatu gehiago, aldiz, Gizarte Segurantzan. Enpleguaren inguruko datu horiei Arabako BPGaren hazkunde positiboa gehitu behar zaie —% 3,3koa 2016an—, baita industria-ekoizpenaren indizearena, turisten etorriaren gorakada eta merkataritza eta ostalaritza sektoreen salmenta-bolumenen igoera. Zentzu horretan, krisi ekonomiko gainditzera eta enplegu egonkorra sortzera zuzendutako politika lokalak aktibatzen jarraitu beharra dagoela azpimarratu du alkateak.

 

Udal Ogasunari dagokionez, gobernuan egindako bi urte hauen ondoren Udalak zor eta defizit txikiagoak dituela nabarmendu du. Horren adierazgarri da 10 milioi euro murriztu dela zorra —2015eko 123 milioi eurotik 113 milioi eurora—, eta orobat agintaldiaren hasieran aurkitutako 68 milioi euroko zuloa, horretako 7 miloi euro estaliko baitira. Kudeaketa ekonomikoaren zorroztasunaren bi adierazle horiei iruzurra kontrolatzeko egin den ahalegina gehitu behar zaie. Izan ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga ikuskatzeko kanpainak aukera eman du 332 dosier irekitzeko, eta, horien bitartez, 605.776 euro berreskuratu dira oraingoz. “Nolanahi ere, denok eduki behar dugu argi neurriak hartzen jarraitu beharra dagoela gure administrazioaren egoera ekonomikoa hobetzeko, eta, bereziki, aurrezpen garbia eta inbertsio-ahalmena hobetzeko”, nabarmendu du alkateak.

 

Aurki autobus-geltokiko jarduera osagarrien merkataritza-ustiapen efizienterako plan bat abian jarriko dela iragarri du Urtaranek, zeinek aukera emango baitu haren kostuaren parte bat estaltzeko diru-sarrerak eskuratzeko. Ekimen horrek, parkingaren komertzializazioan egingo diren hobekuntzekin eta beste zenbait publizitate-aktiborekin batera, Lakuabizkarreko terminalaren kudeaketa ekonomiko eraginkorragoa bideratzeko aukera emango du.

 

 

Inbertsioak egin eta modernizatzeko ahalegina

 

Espazio publikoak biziberritzeko eta etxebizitzak zaharberritzeko abian jarritako inbertsioak ere —auzoen arteko oreka lortzeko— hizpide izan ditu alkateak, udal politikaren inguruko eztabaida orokorreko mintzaldian.

 

Zentzu horretan, Koroatzearen auzoa birgaitzeko SmartEnCity proiektua aipatu du Gorka Urtaranek. Guztira, 30 milioi euroko aurrekontu orokorra du —horietako 11 Europar Batasunak jarriak—, 1.300tik gora etxebizitzatan esku-hartzeko, espazio publikoa hobetzeko eta teknologia berriak sartzeko; hortaz, proiektu hori, alkatearen hitzetan, berebiziko aukera da bai auzoarentzat, bai hiri osoarentzat, eta bertako bizilagunen inplikazioa eskatzen du. “Birgaitze proiektu baterako inoiz pentsa genezakeen diru-laguntzarik handienetako bat ari gara jasotzen, eta Udalak ahal duen guztia egingo du arrakastatsua izan dadin”, ziurtatu du Urtaranek.

 

Era berean, birgaikuntzaren arloan, alkateak egin duen beste balantze positibo bat hiriko auzoetako etxebizitza zaharrak birgaitzeko laguntza-plana izan da. 2016ko maiatza eta 2017ko maiatza artean, 2,1 milioi euro bideratu ditu Udalak 5.707 etxebizitza birgaitzera eta horien irisgarritasuna hobetzera. Eragin biderkatzailea izan dute diru-laguntza horiek eraikuntzaren sektorearentzat; izan ere, 20,4 milioi euroko inbertsioa eragin da. Aldi horretan bertan 285etik gora lanpostu sortu dira, eta horiek planaren lehen ekitaldikoei gehituz gero, 700dik gora dira dagoeneko.

 

Erdigunerako Masterplana izan da alkateak nabarmendu duen hiria biziberritzeko beste proiektuetako bat, trenbidea lurperatzearekin eta hiriaren erdialdea horretarako prestatzearekin zerikusia duena. Zentzu horretan, Urtaranek uste du funtsezkoa dela gainerako talde politikoen inplikazioa hiriak dituen erronkei aurre egiteko. Horregatik, eskatu die “parte har dezatela, beren ekarpenak egin ditzatela, eta arduraz joka dezatela, proiektua, ezer izatekotan, interes orokorreko proiektu bat baita”.

 

Espazio publikoak biziberritzeari dagokionez, inbertsio-sorta handi bat aipatu du alkateak, zein dagoeneko martxan baitaude, 2017an aurrekontuak onetsi izanari esker. Honako hauek nabarmendu ditu: San Anton plaza, Laudio plaza, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea eta Ignazio Loiolakoaren kalea eraberritzea, baita Bost Enparantza proiektuan sartutako esku-hartzeak ere. Orobat aipatu du Konstituzio plaza, Araneko siloko parkinga eta Europa jauregiko parkinga berritzeko obrak, aurten martxan jarri diren 15 obren zerrenda osatzeraino.

 

Horiei gehitu behar zaizkie auzo berrietan egindako aurrerapenak, hala nola Zabalganeko gizarte-etxeko ekipamenduaren lanak edo Eusko Jaurlaritza auzo horietan ikastetxeak jartzeko egiten ari den funtsezko inbertsioak: Zabalganeko Bigarren Hezkuntzako institutua, Salburuko Errekabarri ikastetxea eta aurki Zabalganeko Aldaialde LHIaren eraikuntza-proiektua kontratatzeko egingo den lehiaketa.

 

Balantze positiboa egitera eraman dute esku-hartze horiek guztiek, eta aurrerantzean hobetzea espero du. “Auzo guztietan inbertsio berriak bultzatzen jarraituko dugu hurrengo hilabeteetan. Gasteizko abian da. Gurutzaldi-abiadura hartu du. Hiria ondo doa, eta are hobeto joango da agintaldia bukatu bitartean”, baieztatu du Gorka Urtaranek.

 

 

Bizikidetza sendotzea eta bizi-kalitatea hobetzea

 

Bestalde, agintaldi honetan egindakoari errepasoa egiteko orduan, bere gobernuaren erronketako bat nabarmendu du alkateak: bizikidetza sendotzea eta bizi-kalitatea hobetzea. Arlo horretan, aurreikusita zeuden 24 jardueretatik dagoeneko 21 eginda daude.

 

Nabarmentzekoak dira, eremu horretan, Adinekoen Bakardadearen eta Isolamenduaren kontrako Plana, zeinek joan den urtean 75 urtetik gorako 56 pertsona identifikatu baitzituen, eta arreta eskaini; diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaile diren pentsiodunentzako energia-gastuetarako laguntzen kudeaketaren hobekuntza, eta adinekoentzako aholkularitza juridikoaren zerbitzu berria, zeinek 43 pertsonari eman baitzien arreta lehen hilabetean.

 

Haur eta gazteei dagokienez, nabarmentzekoa da IV. Gazte Planaren onespena, agintaldiaren hasieran Gauekoak programa berreskuratu ondoren. Azken urtean, orobat jarri da martxan beste programa berri bat, seme-alaben gurasoekiko indarkeria egoeretan esku-hartzeko programa. Aldi berean, Haur eta Nerabeentzako Tokiko II. Plana ekarriko duen diagnostikoa egin da.

 

Hauek izan dira alkateak nabarmendu dituen beste ekintza batzuk: eskolen getizazioaren kontrako mahaia eta orobat abian jarri den zurrumurruen kontrako kanpaina, biak ere udaren ondoan aurkeztuko den Bizikidetza eta Aniztasun Planaren barruan. Lantzen ari da, era berean, IV Berdintasun Plana, zeinek, lehenengo aldiz, hiriko LGTBI mugimenduaren diagnostikoa barne hartuko baitu.

 

Bizikidetzaren berariazko esparruan, aipamen berezia egin die Urtaranek terrorismoaren eta izaera politikoko bestelako indarkerien biktimei 2016an egin zitzaizkien banako omenaldiei. Orobat azaldu du martxoaren 3ko biktimei laguntza ematen jarraitzeko borondatea duela. “Estatuko bide judizial guztiak agortuko ditugu, eta, behar izanez gero, Europako instantzietara joko, merezi duten justizia eskatzeko”, iragarri du alkateak.

 

Azkenik, agintaldiaren erdialdeko balantzean, besterik ere nabarmendu du alkateak, hala nola Olarizuko etxaldean bizikletak maileguan uzteko zerbitzua abian jarri dela, eta Eraztun Berdea ezagutzeko eta bizikletaz bisitatzeko informazio-gune bat. Gainera, abian dago  CEA Green Lab, hiria eta bere ingurumenari buruz lan egin duen ekimen batek, laborategi esperimentalaren moduan.

 

Azkenik, Gorka Urtaranek hiritarrekin duen harreman zuzenaren inguruko programaren inguruko datuak eman ditu, legealdiaren hasieran martxan jarritako ‘Alkateak entzuten dizu’ programaren ingurukoak. 782 izan dira bide desberdinetatik iritsi diren gaiak. Hauetatik, 713 (%91,2a) kudeatu eta itxiak daude, eta 69 bideratuta eta oraindik ixteko esperoan.

 

Alkatearen hitzaldia Udal politikari buruzko udalbatzan

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

 

 

 

 

 

 

Oso modu positiboan baloratu ditu alkateak alderdi guztiekin eta beste erakundeekin lortutako akordioak

 Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Agintaldia erdialdera iritsia den honetan, gobernuaren bi urte hauetan alderdi politiko guztiekin eta beste erakundeekin lortutako akordioak gogora ekarri ditu Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, eta oso positibotzat jo ditu. Era berean, argi utzi du adostasuna lortzen jarraitzeko asmo sendoa. “Talde politiko guztiekin adosten jarraitzea da nire borondatea, salbuespenik gabe, hiriaren onerako. Argi daukat agintaldian aurrera egin ahala zailagoa izango dela hainbat kontutan adostasuna lortzea. Hala ere, adostu eta ituntzen jarraitzeko borondatea berretsi nahi dut”.

Udal politikari buruzko osoko bilkuran gaur egin duen mintzaldian —bihar jarraituko du bilkurak, goizeko 9etatik aurrera—, honela azpimarratu du alkateak: “Herritarrek ezin dute itxoin sine die talde politikoek adostasuna lor dezagun, hiriaren erronkei berme osoz aurre egiteko. Gasteiztarrek ez dugu hori merezi. Trena lurperatzearekin, itxuraldaketarik handienetako bat gertatuko da Gasteizen, eta prest egon behar dugu une horretarako”. Horregatik, adostasuna lortzearen garrantzia nabarmendu du, bai hiriarentzat estrategikoak diren proiektuetan, bai 2018ko ordenantza fiskalei eta udal aurrekontuei dagokienez.

Agintaldiaren lehen erdian Udalean lortutako akordioen balantze positiboa egin du alkateak. EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko gobernu-akordioaz gain, Udalarentzat berebizikoak diren funtsezko kontuak itundu dira beste formazio politikoekin, hala nola tranbia luzatzea eta autobus azkarra ezartzea, TUVISAren flota berritzea, aurreko gobernuak utzitako 68 milioi euroko zulo ekonomikoari aurre egiteko plan ekonomikoa, Salburua eta Zabalganeko lursailen banaketa berria, zeinek aukera eman baitu egiteke zeuden ikastetxeak desblokeatzeko, Udalaren politika fiskaleko funtsezko zergetan katastro-balioak egokitzea eta abar.

“Akordioak bilatu eta lortzera garamatza Gasteizekin hartua dugun konpromisoak. Eta, blokeo politikoa egokitu delarik hiriak aurrera egin zezan modu erabakigarrian jokatu badugu ere, hala nola 2017ko aurrekontuen eztabaidan, talde politikoekin adosten jarraitzea da gure asmoa”, azpimarratu du alkateak.

Gainera, gobernuaren bi urte hauen ezaugarri izan da erakundeen arteko lankidetzaren hobekuntza nabarmena, eta emaitza oso onak eman ditu horrek. “Urteak ziren gure Udalak ez zituela hain harreman onak gainerako erakundeekin, hain adeitsuak eta hain produktiboak, une honetan maila guztietan digunak bezalakoak”.

Adibide gisa, Europako erakundeekiko lankidetza gogora ekarri du, eta zenbait proiektu garrantzitsu, hala nola Koroatzeko SmartenCity edo el Erdi Aroko hiriguneko eraikin berezi bat eraberritzeko Enerpat Sudoe proiektua. Estatuko Gobernuarekin, abiadura handiko trenaren iritsiera adostu da, trenbidea lurperatzea eta tren-geltokia, eta Jundizko plataforma logistikoa bultzatzea. Eusko Jaurlaritzarekin, tranbia luzatzea eta autobus azkarra ezartzea, baita pendiente zeuden Salburua eta Zabalganeko ikastetxeak bultzatzea ere, Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzea eta, bereziki, hiriburutza-kanona, zein bikoiztu egin baita, eta 20 milioi eurotik 40ra igaro, urtean 10 milioi euro gehituz. Eta Diputazioarekin, akordio garrantzitsu bat gizarte-zerbitzuen arloan, eta Diruzorroaren dekretua garatzea, 2,5 milioi euroko ekarpen batez gain.

“Hau da politika egiteko gure modua, beste erakunde batzuekin adostuz, proiektuak gauzatzen lagunduz; konplizitateak bilatu eta ehunduz, irmoki defendatuz Gasteizen interesak erakunde guztietan, haietan gobernatzen duen alderdia bat edo beste izan”, bukatu du alkateak.

Alkatearen hitzaldia  Udal politikari buruzko osoko bilkuran

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:47

 

 

 

 

 

Audioa alkate Gorka Urtaran

Tranbia San Kristobal, Adurtza eta unibertsitatera luzatzeari udazkenean ekingo zaiola gogoratu du alkateak, Salburura luzatzeko 20,7 milioi euroko inbertsioa egingo dela, eta tren arina Zabalganera eramateko proiektua definitzen ari dela, hurrengo agintaldian ekiterik izan dadin

 Hurrengo hilabeteetan TUVISArako hamar autobus berri erostea bultzatu du Gorka Urtaranek.

 “Hiriko mugikortasunaren alorrean jauzi kualitatiboa egiteko unea da”, adierazi du Gasteizko alkateak.

Mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren aldeko apustuak eratzen du Urtaranen gobernuaren ardatz estrategikoetako bat, Gasteizen hurrengo urteetako modernizazioari begira. Zentzu horretan, Salburuko tranbiaren obrak 2018an aterako direla lehiaketara, iragarri du Gorka Urtaranek gaur goizean, eta 20,7 milioi euroko inbertsioa egingo dela horretan. Urte horretan aurreikusten da, halaber, autobus azkarraren sistemarako kontratazio-lehiaketa egitea, alkateak azaldu duenez.

Izan ere, garraio publikoaren sistema eredu efikaz, eraginkor eta iraunkor batera bideratzea funtsezkoa da hirian barrena egiten diren joan-etorriak oinez edo bizikletaz egin daitezela sustatzen jarraitzeko. Udal gobernuak agintaldiaren hasieratik bultzatzen dituen ekintzak dira, beste erakunde batzuekin batera, hala nola Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin.

Tranbia Salburura luzatzeko diseinu-lanak egiten buru-belarri murgilduta daude orain Udala eta Eusko Jaurlaritza. Luzapen hori egiteko azterlanean 1.960 metro eta lau geltoki aurreikusten dira (Florida, Salburuko gizarte-etxea, Nikosia eta Europar Batasunaren plaza). Judimendi, Santa Luzia eta Salburuan barrena luzatuko dira bideak, 20,7 milioi euroko inbertsioarekin, BEZ aparte. “2018an aterako dira lehiaketara obra horiek”, iragarri du alkateak gaur goizean.

Tren arina San Kristobal, Adurtza eta unibertsitatera luzatzea, berriz, agintaldi honetan kaleratu zen tranbiaren inguruko lehen proiektua izan zen, eta udazkenerako aurreikusten da lehenengo lanei ekitea. Lau geltoki berri eraikitzeko asmoa jasotzen da proiektuan —Florida, Triana, Hegoalde eta Unibertsitatea—, eta 20.000 pertsonari emango die zerbitzua. Azpiegitura hori Zabalganera luzatzeari dagokionez, Gasteizko alkateak gogorarazi du proiektua definitzen ari direla, hurrengo agintaldian ekiterik izan dadin.

Gasteizko mugikortasun iraunkorrerako beste erronka nagusietako baten inguruan ere berrikuntzarik iragarri du Gorka Urtaranek, ordea: TUVISAren linea periferikoa autobus azkarraren sistema berritzaile eta modernoa bihurtzeko ekimena. Hirian barrena mugitzeko moduari dagokionez iragana eta etorkizuna bereiziko dituen ekimen bat da, etengabe aurrera doana, bai maila teknikoan, bai politikoan. Zentzu horretan, gaur egun proiektu hauek lantzen ari dira udal teknikariak eta Eusko Trenbide Sarekoak: urbanizazio-proiektua; geltokien proiektua, energia-proiektua, geltokietako txartel-salmenta eta -baliogabetzea diseinatzeko proiektua, seinaleztapen-proiektua, komunikazio-proiektua, karga energetikoen alternatiben analisia, eta garraio-teknologien, floten kudeaketaren eta sistema intermodalen azterketa. Gainera, parte hartzen duten hiru erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren jarraipen-batzordea uztailaren 17an biltzekoa da. 2017ko urrian bukatuko dira proiektu horiek, eta informazio horrekin guztiarekin baldintza teknikoen eta administrazio-baldintzen agiria prestatuko da. Kontratazio-lehiaketa 2018an egitea da Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren aurreikuspena.

Mugikortasunaren atalean, eta herritar guztiei zerbitzua emango dien sistema multimodal bat lortze aldera, TUVISAk ere berebiziko garrantzia izaten jarraituko du. Udalaren garraio-enpresak urte handia bizi izan du bere 50. urteurrenean, erabiltzaileen errekor berriak egin baititu ia hilabetez hilabete. Gainera, dagoeneko kaleetan barrena zirkulatzen ari dira autobus berriak, 2009az geroztik gertatzen ez zen bezala. Urtaranen gobernua bideratzen ari den flota zaharkituaren berrikuntza, nolanahi ere, ez da dagoeneko kaleetan diren hamar ibilgailuetara mugatuko. Izan ere, Gorka Urtaranek azaldu duenez, “hurrengo hilabeteetan beste hamar autobus erostea aurreikusten dugu”.

Gasteiz bere barnean hobeto konektatutako hiria bihurtuko duen eraldaketarekin zerikusia dute proiektu horiek guztiek. “Hiriko mugikortasuna hobetuko duen jauzi kualitatiboa egiteko unea dugu”, adierazi du Gasteizko alkateak. Auzoen artean, erdialdera, industrialdeetara edo hiriko edozein lekutatik edozein lekutara egiten diren joan-etorriak erraztea lehentasun bat da udal gobernuarentzat. Eta are gehiago modu iraunkor, efikaz eta osasungarrian egitea, Urtaranen gobernua planifikatzen eta eraikitzen ari den Gasteizen ezaugarri izango diren ‘green’ eta ‘smart’ politiken ildotik egitea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:13

 

 

 

 

 

Udalak industriari laguntzeko lehen plana onetsiko du laster, eta hainbat ekintza egingo dira industrialdeetan

Gasteizek Smart Gasteiz plana aurkeztuko du. Planak hiru jarduera-eremu izango ditu teknologiak kudeaketan eta udal zerbitzuetan sartzeko

Gorka Urtaran: “Gasteizek inoiz ez bezalako eraldaketa biziko du abiadura handiko trena iristean eta trenbidea lurperatzean,  eta aprobetxatu egin behar dugu”

AUDIOA Gorka Urtaran, alkatea

Alkateak hainbat proposamen egin ditu gaur, abiadura handiko trena iristean eta trenbidea lurperatzean,   hiriak hirigintza, gizarte eta ekonomia aldetik izango duen eraldaketa handirako prestatzeko.  Prest egon behar dugu bai trenbidearen lurperatzerako –hiriaren konfigurazio espaziala aldatuko du– bai abiadura handiko trenaren etorrerarako, 30 minutu aski izango baitira Iruñea, Bilbo edo Donostiara iristeko, eta bi ordu Madrilerako. Abiadura handiko trenak berekin ekarriko du iraultza logistikoa eta merkantzien joan-etorriak edozein lekutatik. Gasteiz konektatutako hiria izango da, Europarekin konektatua, eta baliatu egin behar dugu potentzial hori” defendatu du alkateak udal politikari buruzko udalbatzan.

 

Konektatutako hiri-eredua

Gorka Urtaranek defendatzen duen hiri konektatuaren ereduan,  hiriko mugikortasunaren hobekuntzetan dago jauzi kualitatiboa.

Barrualdera konektatutako hiria, izan ere garraio sistema efikaz, eraginkor eta iraunkor baten bidez, elkarren artean lotzen ditu  auzoak, baita auzoak erdialdearekin, industrialdeekin edo parke teknologikoarekin ere. Tranbiaren zabalpena eta  bus azkarrak dira proiektu izarretako bi.

Kanporantz konektatuta, abiadura handiko trena, Jundizko plataforma multimodala edo Forondako aireportu medio. Gasteizek Euskadiko sarbidea izan behar du. Hori dela eta, oso garrantzitsua da, abiadura handiko trena bidaiarientzat ez ezik, merkantzientzat ere izatea, eta Jundizko plataforma multimodalarekin lotuta egotea. “Logistikaren sektorean toki estrategikoa duen hiria izan gara, bagara eta izaten jarraituko dugu. Aprobetxatu egin behar dugu hiriak automozioaren sektorean duen posizioa, munduan erreferentzia diren bi enpresa baititugu. Automozioa eta logistika etorkizun ikaragarria duten bi sektore dira eta ez dugu aukera galdu behar” nabarmendu du alkateak.

Ingurunearekin eta pertsonekin konektatuta. Hauexek dira Gasteizko udal gobernuak defendatzen duen hiri konektatuaren ereduaren ezaugarri nagusiak: bizi-kalitatea, auzoen arteko oreka, kalitateko zerbitzu publikoak eta nekazaritza- eta natur- ingurunearen babesa; hiri eta komunitate iraunkorraren eredu.

“Herritarrak bere herriaz harro egoteko moduko hiria izan behar du Gasteizek, Euskadin bakarrak diren proiektuekin, nazioartean erreferente diren proiektuak dituena. Hori da prestatzen joan behar dugun etorkizuneko hiria. Barrualdera nahiz kanpoaldera konektatutako hiria; 4.0 industriarentzako eta logistikarako hiria, hiri iraunkorra, bizi-kalitatea eskaintzen duena; azken batean, bertan bizi garen eta maite dugunok harro sentiarazteko hiria” adierazi du Gorka Urtaranek.

 

Industriari laguntzeko I. plana

Industria politikak sendotzea da alkateak Gasteiz eraldatzeko epe ertaineko estrategietako bat, honek domino eragina izan dezan, industriatik gainerako sektoreetara, enplegu duin eta egonkorraren sorreran.

Ildo horri jarraiki, datozen asteetan  industriari laguntzeko I. plana onetsiko duela iragarri du udal gobernuak, eta horren haritik esku hartzeak egingo direla industrialdeetan. Plan honek ondorengo helburuak jasotzen ditu:

 

1.- Industria-espazioak birgaitu eta  berpiztea, erakargarriago bihurtzeko

 

2.- Erabiltzen ez den industria lurra berpiztea.

 

3.- Industrialdeetarako kudeaketa eredu eraginkorrak zehaztu eta identifikatzea

 

4.- Industrialdeak 4.0 industriara egokitzea. Industria aurreratua edo ekoizpen adimentsua.

 

5.- Tokiko prestakuntza eragileekin lan egitea Gasteiz  4.0 industriaren arloko gradu eta titulazio berriak ezartzen erreferente bihurtzeko.

 

 

Smart-Gasteiz:  Gasteiz adimentsua

Gasteiz hiri adimentsua bihurtzea da alkateak Gasteiz hiri-eredu bihurtzeko defendatzen duen beste ardatz estrategiko bat. Ildo horretatik, laster Smart-Gasteiz plana onetsiko dela iragarri du alkateak. Plan horrek hiru jarduera-eremu izango ditu: kudeaketa bikaina eta adimentsua; hiri iraunkortasuna, azpiegiturak eta mugikortasuna; gizarte-kohesioa eta giza- eta ekonomia- garapena.

Arlo horietako bakoitzak berekin dakar administrazioak herritarrekin duen harremana hobetzeko eta eskaintzen diren udal zerbitzuen kalitatea hobetzeko ekintzak.

 

Adinekoak, haurrak, kultura

Industriaren sustapenaren eta azpiegitura zein hiri-espazioaren hobekuntzaren arloan aurreikusitako ekintzez gain, alkateak hainbat arlotan abian diren proiektu eta planekin aurrea jarraitzeko konpromisoa hartu du: berdintasuna, bizikidetza eta aniztasuna, gizarte zerbitzuek eta bizitza komunitarioaren kalitatearen hobekuntza eta sustapena.

Gorka Urtaranen bi ekimen nabarmendu ditu: batetik, “Piztu zure auzoa” programa. Landazuri inguruan eta Pilarreko auzoan abian jarritako esperientzia pilotu honek adinekoentzat seguruagoak eta adeitsuak diren auzoak lortu nahi ditu; bestetik Gasteiz Haurren lagun diren hirien sarean sartzeko hautagaitzara aurkeztea 2018an.

Horretaz gain, honakoak ere izango direla iragarri du: Euskaltzaindiari Simon Bolibar plazako areto batzuen lagapena, uztailean Principal Antzkoia berritzeko azterlanerako lehiaketa, urte amaieran Kultura Plan Estrategikoaren aurkezpena, eta garai bateko Goya zerbitzu-gunean Alberto Schommer Museoaren zehaztapena laster.

“Gasteiz bere metamorfosi handienetako bat bizitzear dago, eta une horretarako prest egon behar dugu” azpimarratu du alkateak.

Alkatearen hitzaldia Udal politikari buruzko udalbatzan

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:09

CEA-Agenda Verano

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) diseinatu duen aurtengo udarako edukiz betetako programak 71 jarduera biltzen ditu datozen hilabeteetan garatzeko, hain zuzen ere iraila amaitu arte. Eskaintza horretako ekimenen % 70 kanpoaldera bideratu dira eta hainbat jarduera barne hartzen dute: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumen kulturarekin eta kulturarekin lotutako gaiei buruzko lantegi eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko ekimenak udalaren baliabide ezberdinetan. “Nire ustez, horrelako jarduerak funtsezkoak dira herritarrengan ingurumen kontzientzia sendotzeko. Izan ere, IGIren lana oinarrizko tresna izan da Gasteizez hitz egitean hainbestetan aipatzen dugun DNA berde hori geureganatzeko. Azpimarratu nahiko nuke jardueren operazio zentroa Ataria izango den arren, ahalegina egin dugula hiriko hainbat lekutaraino ere eraman ahal izateko”, nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Iñaki Prusillak.

Programan hiru erakusketa aurkituko ditugu: Horietako bat udaberriaren agendari dagokio eta ekainaren 20an abiatu zen: Julieta Valls-en “El arte de transformarte”. Programa osatuko du Miguel Angel Medina ‘Kapone’ izenekoaren “La nueva biologia de sobremesa” obrak. Erakustaldi hori abuztuaren 1etik irailaren 3ra bitartean ikusgai izango da. Programaren beste osagarria da Jose Barea argazkilariaren “Bestiarium-biodiversidad rural” obra. Erakusketa hori ikusgai egongo da irailaren 12tik aurrera.

Eskaintza gainera, hainbat jarduerarekin osatuko da, eta horien artean nabarmentzen dira hitzaldiak eta lantegiak, bizikletaz egindako txangoak eta lantegiak, ibilbide berdeak, Olarizuko lorategi botanikora bisitak egitea… Dantza plaza bat Atarian, irailaren 8an; izarren gaua Arabako Astronomia Elkartearen eskutik (uztailaren 14an), eta Eraztun berdean zehar oinez egiteko XIV. itzulia (urriaren 1ean) izango dira udako jarduera garrantzitsu batzuk. Txoriastea ere programaren barruko jarduera nagusietako bat izango da, eta hiru film hauek proiektatuko dira Florida zinemetan: ‘Cantabrico, los dominios del oso pardo’, ‘El viaje de Unai’ eta ‘Hermanos del viento’.

Web-orri hauetan kontsultatu daiteke programa osoa:www.vitoria-gasteiz.org/cea, www.vitoria-gasteiz.org/ataria eta www.vitoria-gasteiz.org/anilloverde. Jardueretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udalaren web-orrian, Atarian, 010ean edo gizarte etxeetan. Jardueren tarifak ere leku horietan kontsultatu daitezke.

 

Share
Kategoriak: Erakunde Adierazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 ekaina 2017 13:02

Ekainaren 28an LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan, 1969an Stonewallen izandako matxinadak gogoratzen dira, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen askapen mugimenduaren jatorritzat jotzen baitira. Bidegabekeriaren eta bazterketaren kontra, gizartearen eta poliziaren etengabeko eraso eta jazarpenaren kontra herritarrak altxatu zireneko egunaren oroitzapena, hark sorrarazi baitzuen mundu osoan eskubide zibilen eskubide afektibo-sexualen aldeko herritar mugimendua.

  1. urtean, LGTBI pertsonen giza eskubideak mundu osoan aitortu daitezen eskatuko da, herrialde askotan oraindik legez jazartzen baitira orientazio afektibo-sexuala eta genero-identitatea, ILGAren eta Amnesty International erakundearen txostenek agerian uzten dutenez; horien arabera, homosexualitatea 72 estatutan dago jazarrita, eta horietako 13tan heriotzaz zigortzen da.

Munduan LGTBI pertsonen giza eskubideak urratzen direlarik ezin gara isilik geratu, eta herritarrek ere eskatzen dute beren erakundeek argi, irmo eta eraginkortasunez esku har dezaten giza eskubideak urratzen dituzten estatu eta eskualdeetako jazarpenaren eta lege zigorren aurrean; izan ere, hala sexu bereko pertsona helduek nahita dituzten harremanak nola LGTBI eskubideak defendatzen dituzten erakundeak eta aktibistak jazartzen dituzte leku horietan.

Bestetik, aurtengo ekainaren 28an Espainian LGBTI Harrotasunaren lehen manifestazioa egin zeneko 40. urteurrena betetzen da, 1977an izan baitzen. Bartzelonan egindako manifestazio horrek gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartze mugimenduaren hasiera markatu zuen 40 urteko diktaduraren ondoren demokraziaranzko trantsizio prozesuan zegoen estatu batean; hain zuzen ere, LGBTI kolektiboko gizon eta emakumeak izan ziren erregimen frankistaren errepresioak gehin zigortutako taldeetako bat.

LGTBIfobiaren gaitzaren aurrean, hezkuntza da tresnarik eraginkorrena bazterkeriaren eta intolerantziaren kontra borrokatzeko. Ahaztu gabe berdintasunaren aldeko borroka ez dela osoa aldi berean beste ezberdintasun batzuen kontra borrokatzen ez badugu, besteak beste, matxismoaren eta arrazakeriaren kontra.

Eta gaurko egunean badelako zergatik borrokatu, les-, homo-, trans- eta bifobia indartsu baitabil hainbat esparru ideologikotan zein gizartearen zati batean.  Eta gainerako herritarrek dituzten eskubide berdinak —legez onartutako ugalketa sistemetarako sarbideak, despatologizazioa, hezkuntza sistemaren barruko aukerak edota enplegu duina lortzekoak— eskuratzeko urratsak emateke daudelako.

Ekainak 28ko egun honetan, argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual zein bisexualen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri zein kaleetan, ikastetxeetan, familia zein lagunartean, lantokietan, publizitatean, aisialdian eta baita erakundeetan ere.

Aniztasun afektibo sexualaren borroka guztiona eta egunerokoa delako ustean, Udal honek LGTBIfobiaren espresio ezberdinen aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, Gasteizko herritarren eskutik.

Orobat eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari aztertu eta/edo berrikus dezan indarrean dagoen Transexualei buruzko Legea, elkarteekin batera, LGTBI pertsonen eskubideak bermatzearren.

Azkenik, Udalbatzak, Gasteizko herritarren izenean, berretsi egiten du LGTBI Harrotasunaren ospakizunari, Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Eskubideen Nazioarteko Egunari, emandako sostengua.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  27 ekaina 2017 17:00

Foro de Innovación Educativa ekitaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Peio Lopez de Munain

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 9:15

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

—————————-

Prentsaurrekoa. IGIko udako agenda aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi eta IGIko presidente Iñaki Prusilla; eta Atariako koordinatzaile Gorka Belamendia

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————–

Erakunde-adierazpena irakurtzea LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Parte hartzaileak. Udal taldeko ordezkariak

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 12:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

————————-

Harrera ekitaldia CEA de Control Inteligente izeneko sinposioko parte hartzaileei

Udalak harrera egingo die CEA de Control Inteligente izeneko sinposioko parte hartzaileei.

Parte hartzaileak. Alkateorde Itziar Gonzalo

Eguna. Asteazkena, ekainak 28

Ordua. 19:30

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:22

Ostiralean, ekainak 30, bukatuko da enpresak sortzeko laguntza ekonomikoak emateko aurtengo deialdira eskabideak aurkezteko epea, hilaren hasieran ireki zena. Gasteizko udalerrian kokatuta dauden enpresa txiki sortu berriei zuzenduta daude laguntzak, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 2016ko uztailaren 1.az geroztik alta emanak direlarik. Enpresa eratzeko nahiz martxan jartzeko gastuei aurre egiteko izango dira diru-laguntzak, baita aktibo finko berriko elementuetan egindako inbertsioei aurre egiteko ere.

Guztira, 100.000 euroko diru-kopurua du deialdiak, nahiz eta handitzerik izango den eskabide guztiei horrekin erantzutea ezinezko gertatuz gero. Diruz lagundu daitekeen gutxienez 5.000 euroko inbertsioa egina izan beharko dute aurkezten diren proiektuek, eta Udalaren laguntzak gehienez ere inbertsioaren % 40 hartuko du, onuradun bakoitzeko eta urteko 8.000 euroko mugarekin.

“Ekintzaileen 28 proiektu berrik ikusi zuten argia iaz, laguntza-deialdi honi esker. Hainbat esparrutan lanpostuak sortu eta jarduera sustatzea ahalbidetu zuen horrek. Enpresak sortzeko laguntzen bitartez, hainbat alderdi bultzatzen ari gara, hala nola berrikuntza, proiektu bat planteatzen diguten lantaldeen kualifikazioaren hobekuntza edo ekimen bakoitzak gizartearekin eta ingurumenarekin duen konpromiso-maila.  Horrela, kalitateko enpleguaren alde egiten dugun apustuarekin batera, enpresa-ehun dinamiko eta lehiakor bati laguntza ematen diogu”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, gehienez sei hilabeteko epea izango da laguntza eman edo ukatzen diren ebazteko.

Informazio gehiago: Enpresak sortzeko laguntzak

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, udal taldeek adierazpen bat irakurriko dute bihar, eta argiztatu egingo dira udaletxeko eta Arkupeetako fatxadak.

Aldiro udalean biltzen den Berdintasunerako Mahaiak gaur jakinarazi duenez, udalak aurrera jarraitzen du Gasteizko LGTBI taldearen errealitatearen diagnostikoa egiten. Ikerlan honek LGTB taldeak hainbat arlotan –espazio publiko, hezkuntza, lan, osasun eta aisian– bizi duen egoera ezagutu nahi du ikuspegi feminista eta intersekzional batetik. Hartara, hobeto ezagutu nahi da talde honek pairatzen duen bazterkeria, balizko esku hartze ildoei ekiteko. Proiektu hau beste zenbait proiekturekin lotuta dago, hala nola Emakumeen Etxearekin, IV. Berdintasun Planarekin eta indarkeria matxista prebenitzeko estrategiarekin.

Udaleko Berdintasun Zerbitzua Gasteizko LGTBI taldekoen egoeraren diagnostikoa egiten hasi da, berdintasun arloko politika publikoek “sexu eta genero aniztasuna, sexualitateak eta desio anitzak ikusarazten eta LGTBI taldekoen kontrako diskriminazioari, estigmazioari eta indarkeriari aurre egiten lagun dezaten” adierazi du Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek.

Ikerlan honek LGTBI pertsonen egoera azalduko du ahalik eta fidelen. Ikerlan horren ondorioetatik aterako dira lehentasuneko lan-esparruak eta jarduera-ildoak, eta egun prestatzen ari den Berdintasunerako IV. planean sartuko dira. Orobat, diagnostiko honekin erantzun egiten zaio indarkeria matxistaren kontrako “Feministok Prest! 11 eraso 12 erantzun” manifestaldia zela eta Mugimendu feministak 2016ko martxoan udalbatzari egindako proposamenetako bati.

Ekainean diagnostikoaren proiektua eta metodologia aurkeztu zaizkie talde feminista eta LGTBI kolektiboari, horien artean, TransBolloMarika Sarea, Errota Zaharra, Eoncult, Bizirik, Gure Soroa eta Arabako emakumeen asanblada. Ikerketaren ardatz izango den esparru politiko eta teknikoa eskaintzeaz gain, elkarren artean prestatu zen informazioa biltzeko lanabesetako bat izango den galdetegia. Proiektuak 6 hilabete irautea aurreikusi da, abiatzen denetik kontatuta.

Bihar, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, erakunde adierazpena irakurriko dute udaleko talde politikoek. Era berean, ortzadarraren koloreekin argiztatuko dira udaletxeko fatxada eta Arkupeetako eraikina.

Share

« HurrengoakAurrekoak »