Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2018 12:16

 

Agintaldi honetan 60 udaltzain lanpostu betetzeko deialdia egin da, 14 agentek kategoriaz igotzeko ikastaroa egin dute, eta 15 suhiltzaile eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEPa abiatu da

 

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok 28 udaltzain lanpostu betetzeko lan-eskaintza publikoaren deialdia aurkeztu dute gaur goizean.

Tokiko Gobernu Batzarrak bihar onetsiko du deialdia; 28 lanpostu barne hartzen ditu: 11k 2. hizkuntza-eskakizuna dute, 11 derrigortasun-data iraungiarekin, eta 17k, 2. eskakizuna, derrigortasun datarik gabe.

LEP honetan hasieran aurreikusita zeudenak baino 5 lanpostu gehiago sartu dira, udal gobernuak eta PPren taldeak lortu zuten akordioari esker.

Udaltzaingorako langile berriak kontratatzeko prozesu hau Euskadi osorako deialdi bateratuko hautatze eta prestakuntza prozesuaren barruan sartzen den lehena da. Horrek esan nahi du Arkautiko Akademia arduratuko dela hautatze probez eta prestakuntza-faseez.

Funtzio Publikoaren zinegotzi Jaione Aguirrek nabarmendu du “agintaldi honetan gure hiriko Udaltzaingoa hobetzeko egin den ahalegin handia. Herritarrentzat oinarrizkoa den zerbitzua ez zen eguneratu eta indartu urteetan, eta orain  dagoeneko 2 eskaintza deitu ditugu, orotara 60 udaltzain lanpostu berri. Datorren astean aterako da kalera azken promozioa, 32 agente lanpostu betetzeko LEPearen emaitza. Gainera, Udaltzaingoa hornitzeko apustuari eutsiz, lehen agentearen kategoriara igotzeko ikastaroa deitu dugu 14 agenterentzat”.

Orobat, nabarmendu beharra dago une honetan 15 suhiltzaile eta 5 inspektoreorde lanpostu betetzeko LEPa egiten ari dela.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok, berriz, hau azpimarratu du:  “deialdi berriak Udaltzaingoaren egitura berrantolatzeko prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko digu, zerbitzu hobea emateko xedez. Zerbitzua hobetzeko konpromisoak bete nahi ditugu, eta eraginkorragoak izan gure zereginetan, batez ere herritarrentzako arretarekin zuzenean lotutakoetan”.

Horren haritik, Zapaterok azaldu du datorren ekainaren 4an kalera irtengo diren 32 agenteei esker “Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Taldea indartu ahalko” dela, “orotara bederatzi agente izango baitira, duela hiru urte baino bost gehiago. Adingabeen Taldea ere sortuko dugu, beste bederatzi udaltzainek osatua, adingabeei arreta eta babesa emateko, eta dituzten arrisku bereziei aurre egiteko: droga, tabako eta alkohol kontsumoa; legez kanpoko substantzien trafikoa; mehatxuak; jazarpena; lapurretak; borrokak, etab. Azken batean, Gasteizek Euskadiko hiri seguruena eta Estatuko seguruenetako bat izaten jarrai dezan nahi dugu”.

 

 

Share