Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 ekaina 2018 13:44

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Salburua eta Zabalgana auzoetarako tranbia sustatzeko akordioa eskaini dio Alderdi Popularraren udal taldeari, baita gainerako udal taldeei ere. “Tranbiari buruzko akordioa eskaintzen dizuet”, proposatu du Gasteizko alkateak udal politikari buruzko eztabaida orokorraren bigarren saioan.

“PPk berriki egindako proposamena aztertzeko modukoa dela uste dut. Gobernuari tranbia Salburura eramaten laguntzea proposatzen dizuet, eta guk sostengu emango diogu Zabalganerako egin duzuen proposamenari. Uste dut bateragarriak direla, eta behin betiko irtenbidea izan daitekeela edukiera handiko garraio publikoa Gasteizko bi alderdi horietara eramateko”, azaldu du.

Atzoko saioan, alkateak etorkizuneko Gasteizerako hamabi ekintza barne hartzen dituen ituna eskaini zuen. Gorka Urtaranek proposatutako ekimenen artean zegoen garraio publikoaren sistema moderno, eraginkor, elektriko eta edukiera handikoa osatzea, eta hiriko ekialdearen eta mendebaldearen arteko komunikazioak hobetzea.  2025eko Estrategiaren barruan jasotako proposamenak dira.

Gasteizko Udalaren azken datuen arabera, Salburuan 18.474 pertsona bizi dira, eta Zabalganean, 26.144. 45.000 pertsona horiek garraio publiko moderno, eraginkor eta edukiera handikoa izatea merezi dute.

 

 

Share