Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 azaroa 2018 16:52

Gasteizko udal-batzarrak behin betiko onespena eman dio datorren urterako zerga-ordenantzen proiektuari, urriaren 2an behin-behineko onarpena jaso eta gero. Behin alegazioak aurkezteko epea bukatu eta alegazio horiek ordenantzan sartzea eztabaidatuta, duela bi hilabete onartu zen zerga-sortari bi aldaketa egitea erabaki da: bata udal haurreskolak erabiltzeko prezio publikoan eta bestea kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoan.

 

Haurreskolen kasuan berrikuntza da, gaur onartutako aldaketei esker, 18.000 eurotik beherako errentak dituzten familiak prezio hori ordaintzetik salbuetsita egongo direla, haurrentzat haurreskolan hartuta duten ordutegia edozein dela ere. 2017an, 2018an eta 2019an jaiotako haurren familiei aplikatu ahalko zaie salbuespen hori. Neurri honek ez du barne hartzen 2017an eta 2018an jaio ziren eta 8.00etatik 16.00etara arteko ordutegia hartuta duten haurren jantoki-zerbitzua. Horren helburua gizarte osoari zuzendutako hezkuntza-eskaintza homogeneoa bermatzea da.

 

Kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoari dagokionez, ez zaio aldaketarik egingo 2019an; izan ere, Osoko Bilkurak atzera bota du zerga-ordenantza horri zegokion testua eta, hortaz, beren horretan geratuko dira 2018ko tarifak.

 

Gainerakoan, berdin geratu dira datorren urterako zerga, tasa eta prezioak onartzea ahalbidetu zuen akordioko baldintzak. Beren horretan geratuko dira udal-zerga guztien zerga-tasak (OHZ, Gainbalioa, EIOZ, EJZ), ibilgailuen gainekoa izan ezik, azken hori % 2 jaitsiko da eta. Tasei eta prezio publikoei dagokienez, beren horretan geratuko dira uraren eta zabor-bilketaren gaineko zergak, zabaltze eta jarduera lizentziak eta, gaurko aldaketari esker, baita kirol-instalazioak erabiltzeko prezioak ere. Gainerako tasa eta prezioek % 2 egingo dute gora, KPIaren aurreikuspenarekin bat.

 

Ogasuneko zinegotzi den Itziar Gonzalok azpimarratu du, gaur behin betiko onartu den zerga-proiektuari esker, Udalaren inbertsio-ahalmena mantendu egingo dela, Udalak ez duela indar ekonomikorik galduko eta ez dela herritarrek egin beharreko ahalegin fiskala handituko. “Gaur Osoko Bilkuratik atera dugun emaitza ona da familiei begira egin delako eta zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzen duelako”, adierazi du Gonzalok.

Share