Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 azaroa 2018 11:34

Udalak bere politiketan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko lau urteko ekintzen agenda azkendu du 

 2019an, Gasteizek LGTBIfobiaren kontrako behatokia izango du; hala jasotzen du berdintasunerako agendak, zeina aste honetan aurkeztu baitzaie udal talde politikoei, Gorka Urtaran alkateak prentsaurrekoan jakitera eman duenez.

Hiriko LGBTI kolektiboen eskariz sortu da behatokia. Tresna berri horren bitartez, LGTBI elkarteekin batera zehaztuko dira LGTBI pertsonei zuzendutako informazioa, kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, bideratzea eta arreta hobetzeko jarraibideak.

Horretaz gain, lesbianen kontrako berariazko indarkeriarekin lotutako arreta, akonpainamendu eta sostengu psikologiko eta juridikoa emateko programak hobetzeko neurriak proposatu eta diseinatuko dira, LGTBI elkarteekin batera.

Behatokia martxan jartzeaz batera, ikuspegi intersekzionala duen mapa bat landuko da, LGTBI pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen alderdi eta ibilbideak identifikatzeko.

Hiriko hainbat lekutan cruising egiten duten pertsonei babesa eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea ere aurreikusi da.

Landutako agendak, behatokiaz gain, Gasteizko Udala abian jartzekoa den hainbat estrategia eta jarduera zehazten ditu, 2018-2019 aldian berdintasunerako politiken barruan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko, eta 2020-2021 urteetan lehentasunezko jarduera-ildoak identifikatzeko zenbait orientabide emateko.

“Agenda hau LGTBI pertsona eta kolektiboen eskaera eta ekarpenen emaitza da: Gasteizen sexu- eta genero-aniztasunaren alorrean diharduten elkarteak eta sexu- eta genero-aniztasunaren alorrean eta berdintasunerako politiketan diharduten erreferentziazko pertsonak; beraz, parte hartzea eta egindako lana eskertu nahi diegu horiei”, esan du Gorka Urtaranek.

Izan ere, duela urte batzuk abiarazitako prozesu baten emaitza da proposamena, beharrezkotzat jo baita berdintasun-politiketan “emakume” subjektu politikoa zabaltzea, hari uko egin gabe, jatorria sexu-genero sisteman duten arrazoiengatik bazterkeria pairatzen duten pertsonak kontuan hartu ahal izateko. Badira zaurgarritasuna sortzen duten beste aldagai batzuk ere, hala nola adina, kultur jatorria, dibertsitate funtzionala, egoera administratiboa…, zeinek bazterkeria eta LGTBIfobiaren eragina areagotzen baitute.

Aipatutako helburuak lortze aldera, Udalaren Berdintasun Zerbitzuak zenbait prozesu abiarazi zituen LGTBI pertsona eta kolektiboen zein  sexu- eta genero-aniztasunaren alorrean diharduten elkarteen errealitatea eta benetako eskaerak ezagutzeko, “DESIRAK PLAZARA. Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen diagnostikoa” landuz, eta berdintasunerako politiken barruan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko erronka, eztabaida eta jokabideei buruzko hausnarketa estrategikorako espazioak sustatuz. Bestetik, Hara! Berdintasunerako IV. Plana genero-berdintasunerako plantzat jotzen da, berdintasunaren alorreko erronka berrietarantz bideratutako udal politika publikoa delako, giza eskubideen esparruan kokatua.

Agiri hori hiru ataletan banatuta dago, ekintzekiko loturaren eta horiek gauzatzeko eskumenen arabera: lehen atalean,  Hara! Berdintasunerako IV. Planarekin lotura zuzena duten ekintzak bildu dira; bigarrenean, udaleko beste sail batzuek gauzatu beharrekoak, eta hirugarrenean, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak. Bigarren eta hirugarren ataletako ekintzak dagokionari igorriko zaizkio.

 

Share