Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute Katedraleko aparkalekuan bi ibilgailutan lapurtzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteartean, Katedraleko aparkalekuan zeuden bi ibilgailutan indarrez lapurtu izanaren delituaren ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion, 20:00ak aldera, Luis Heintz kalearen lurpeko aparkalekura joan zedin, emakume gasteiztar bat bertara polizia joan zedila eskatzen ari baitzen, hain zuzen ere, bere ibilgailuan lapurreta egin zutelako eta leihatila bat puskatua zuelako.

Udaltzainek egiaztatu zuten beste auto batean ere lapurreta egin zutela eta odol-arrasto batzuk zeudela. Bideo-zaintzako irudiak ikusi ondoren, ustezko lapurra ezagutu zuten, antzeko beste ekintza batzuetan esku hartu zuelako, eta beraz, erraz topatu ahal izan zuten.

Zeramatzan arropak irudietakoak zirenez eta hainbat ebaki zituenez, horietako batzuetatik odola zeriola, atxilotu egin zuten.

Atxilotua epailearen esku geratu da gaur goizean.

Genero-indarkeria

Udaltzaingoaren agenteek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea jotzeagatik.

Herritar batzuek patruila bati dei egin zioten, Dato kalean pertsona bat emakume bat beldurtzen ari zelako. Emakumeak udaltzainei adierazi zien bere bikotekide ohiarekin geratua zela, eta hark, eztabaida batean, zenbait lesio eragin zizkiola eskumuturrean, eta horrexegatik, udaltzainek gizonezkoa atxilotzeari ekin diote eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Zazpi pertsona zauritu dira istripuetan

Zazpi pertsona zauritu ziren atzo trafiko-istripuetan.

Haitz kalean autobus baten eta auto baten artean gertatutako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bigarren ibilgailuan zihoan gidaria, 29 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Honduras kalean bizikleta baten eta auto baten artean izandako talkaren ondorioz gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira. Bizikleta gainean zihoan 46 urteko emakumezkoa artatu zuten bertara joandako larrialdi-zerbitzuek, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Legutioko Atean beste istripu bat gertatu zen bi autoren arteko talkaren ondorioz. Talka horren ondorioz, gidarietako bat eta harekin zihoan bidaiaria zaurituta geratu ziren, nahiz eta bidaiari gisa zihoan 24 urteko emakumea bakarrik eraman behar izan zuten anbulantzian Santiago Ospitalera.

Gamarrako Atean auto batek eta motozikleta batek elkarren aurka talka egin zuten. Motoz zihoan 36 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta larrialdi-zerbitzuek Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bizikleta bat gidatzen ari zen 16 urteko mutil bat zauritu zen, Jauregilanda kaletik zihoala bizikleta gainetik erori ondoren. Santiago Ospitalera eraman zuten adingabea.

Auto batean zihoazen 40 urteko gizonezko bat eta adingabe bat zaurituta geratu ziren Iliada pasealekuaren eta Praga hiribidearen arteko bidegurutzean beste auto batekin izandako istripuan. Mutil adingabea bakarrik eraman behar izan zuten anbulantzia batean Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzaingoak, horrez gain, zauriturik gabeko beste 8 trafiko-istriputan esku hartu zuen eta 38 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako zenbait delitu egiteagatik, gida-baimenik gabe gidatu zuelako, edari alkoholdunen eraginpean gidatu zuelako eta nahitaezko probak egiteari uko egin ziolako. Zarautz kaletik hurbil gertatu zen, inguruko bizilagun batzuek ikusi eta poliziari deitu ondoren.

Udaltzaingoak atzo 23 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 10 jarduera egin zituen.

Share