Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute bere bikotekide ohiarenganako urruntze-agindua urratzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek atzo 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten zigor-urraketaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekide ohiarenganako urruntze-agindua urratzeagatik.

Patruila batek bi pertsona ikusi zituen ziklomotor batean, aulki bat zeramatela, Zaramaga auzoan. Udaltzainek ibilgailuari gelditzeko eskatu zioten eta, gidariaren dokumentazioa aztertzean, ikusi zuten urruntze-agindu bat zeukala bere bikotekide ohiarekiko, ziklomotorrean berarekin batera zihoan emakumearekiko. Emakumeak adierazi zuen noizean behin harremanetan jarraitzen zutela, uste zuelako agindu hori iraungita zegoela, baina udaltzainek egiaztatu zuten indarrean zegoela oraindik, eta horren ondorioz, gizona atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur epailearen esku geratuko da.

Udaltzaingoak atzo 14 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 16 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 7 jarduera egin dituzte.

Suteak etxebizitzetan

Suhiltzaileak Murgia eta Trebiñora joan ziren atzo, etxebizitzetako tximinietan piztutako sutea itzaltzera.

Lehen deia Murgiako herritik jaso zuten, 18:35ak aldera.   Bertara iritsi zirenean, egurrezko egitura zuen etxe horretan piztutako sutea guztiz garatua zegoen. Arabako Foru Aldundiko SISEUetako langileen laguntzarekin lortu zuten itzaltzea.

Gaueko hamaikak jota, suhiltzaileak Trebiñora joan ziren etxebizitza batean piztutako sutea itzaltzera; suak hainbat kalte eragin zituen tximinian eta etxeko egongelan, itzaltzeko erabilitako uraren ondorioz.

Atzo izandako euri-jasa bortitzak direla eta, suhiltzaileek zenbait tokitan esku hartu behar izan zuten iragazketengatik, kutxatilen estalkiak mugitzeagatik eta kaleko putzuengatik.

Share