Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 iraila 2019 13:26

 

Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik iragarri du, gaur goizean, Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen proiektua eta obra egiteko enpresa hautatzeko kontratua urtea bukatu baino lehen esleituko dela. Gehienez 2.945.853,90 euroko aurrekontua baliatuko du Urtaranen gobernuak horretarako. Ruiz de Bergaratarren jauregi eraberrituan jarriko da Gasteiz Antzoki berria, lau solairu izango ditu, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Euskararen alorreko agintaldi honetako gobernu-programa xehatu du Gurtubaik. Sei ardatz ditu bide-orriak: Euskara Biziberritzeko Planaren garapena, Euskararen erabilera  normalizatzeko barne plana, Gasteiz Antzokia, Euskaraldia, euskararen ordenantza posible baten azterketa elkargunearen barruan eta Euskaltzaindiak etorkizunean Arabako hiriburuan izango duen egoitza. Orobat azpimarratu du Euskara zinegotziak hizkuntzaren normalizazioan inplikatutako eragileekin lan egiteko premia; bai beste administrazioekin, bai Euskara elkargunearekin. “Erronka bat dugu: euskararen erabilera areagotzea kaleetan”, laburtu du Gurtubaik.

Zentzu horretan, gogora ekarri du joan den urtean onetsitako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatu beharra dagoela, euskararen erabilera sustatzeko hainbat esparrutan, hala nola kirolean eta aisialdian, kulturan, hedabideetan, sektore sozioekonomikoan, familian, gazteen artean, etorkinen artean nahiz adinekoen artean.

Orobat da funtsezkoa euskararen erabilera areagotzea Udalean bertan, herritarren eskubideak bermatze aldera. Horretarako, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2018-2022) lantzen jarraituko da.

Gasteiz Antzokia izango da Euskara Zerbitzuaren erronketako bat agintaldi honetan. Ildo horretatik, Gurtubaik iragarri du proiektua abian dela, eta urtea bukatu aurretik esleituko dela, baldin eta errekurtsorik ez badago. Ondoren, sei hilabete hartuko ditu eraikuntza-proiektuak. Eta obrek, berriz, 18 hilabete iraungo dute. “Erreferentziazko espazio bat izango da, euskaraz bizi nahi dugunon kulturarako eta aisialdirako”, nabarmendu du zinegotziak.

Era berean, 2020ko Euskaraldiko eragile aktiboa izateko konpromisoa hartu du Udalak, ekimen horren azken edizioan bezalaxe, baita Euskadiko erakundeen hizkuntza ofizialaren erabilera normalizatzearen inguruko dekretu-proiektuaren markoan euskararen ordenantza posible batek lukeen lekua aztertzekoa ere, eta Euskaltzaindiarekin batera lan egitekoa, erakunde horrek egoitza finkoa izan dezan Euskadiko hiriburuan.

Share