Prentsa Oharren banner

Gasteizko hiriak bere kirol-instalazioen sarean berrikuntzak egiteko eta ekipamenduak hobetzeko plan bat izango du

  • Livia Lópezek proposatzen duenez, hiria nazioarteko erreferente bihurtu behar dugu Kirol eta Osasun arloan

Livia López zinegotziak Kirol zerbitzurako aurkeztu duen gobernu-planaren barruan hiru erronka azpimarratu ditu: instalazioak hobetzea eta dibertsifikatzea, kirol-jarduerak sustatzea, esku hartzen duten eragile guztiei ahotsa emanez, eta kirol-ekitaldiak erakartzearen aldeko apustua berritzea. Era berean, Osasun Zerbitzuaren jarduera beste hiru ardatzen inguruan egituratuko da: bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, kontsumo arduratsua eta segurua bultzatzea eta animalien ongizatea babestea.

Livia Lópezek, aurkezpenari ekiteko orduan, lehen urrats benetan garrantzitsu modura, Kirolak eta Osasunak erabateko protagonismoa izango duten udal departamentu bat sortzea azpimarratu nahi izan du. “Bi arlo horietan dugun konpromisoaren isla da. Gobernu honen borondatea da Gasteiz nazioarteko erreferentzia bat izatea bai Kirolean eta bai Osasunean ere, eta hiriaren bi nortasun-ezaugarri horien lehentasuna herritarren bizi-kalitatea hobetu dadila izatea”, azpimarratu du.

Gasteiz, kirolerako eremu zabal bat

Udalerri osoa pertsona guztiek kirola eta ariketa fisikoa egin ahal izateko instalazio handi baten modura ulertuta eta hori abiapuntutzat hartuta, Urtaran Kabineteak, lehen lan-ildo gisa, kirol-azpiegiturak pixkanaka hobetzen joateko plan bat sustatzea erabaki du, Mantentze-lanen eta Lurraldearen Sailekin elkarlanean, instalazio horien kontserbazio-egoera eta ekipamendua hobetuz. “Hiri aitzindaria eta guztiz pribilegiatua gara instalazioei dagokienez, baina beharrezkoak diren hobekuntzak eta egokitzapen-lanak egiten ez baditugu, erreferentzia izaten jarraitzeko aukera ezin hobea galduko dugu. Eginkizun horretan pertsonalki ahaleginduko naizela bermatzen dizuet”, adierazi du Kirol eta Osasun arloko zinegotziak.

Horrekin batera, Livia Lópezek hitz eman du, beste erakunde, departamentu eta entitate batzuekin batera, kirol-modalitate eta ordu-tarte jakin batzuetan gerta litezkeen gainzama-uneetan udal sarearen osagarri modura erabili ahal izango diren ordezko beste instalazio batzuk edukitzeko aukera aztertuko dutela, eta horretarako aukerak bilatuko dituztela.

Beste lan-ildo bat espazio publikoak eta berdeguneak kirolean aritzeko gune gisa indartzea izango da. Horretarako, tradiziozkoak ez diren kirol-jarduerekin loturik, sormena eta bizikidetza sustatuko duten parke berritzaileak diseinatzearen alde lan egingo dute. Udal instalazioen sarearen barruan ez dauden baina kirol-jarduerak (running, patinak eta abar) egin ohi diren beste espazio batzuk berrikusiko dituzte, horietan hobekuntzak egitea beharrezkoa ote den jakiteko (zoladura edo argiztapena).

Kirol-jarduerak gehiago sustatzea

Kirola pertsona guztientzat sustatzeko helburu horri begira, jardueren eskaintza berdintasunezko irizpideekin zabalduko da, premia bereziak dituzten kolektiboentzat eta osasun-erakundeekin elkarlanean. Horretarako, jarduera fisikoari berrekiteko programa batzuk abiaraziko dira eremu berezi batzuetan, esaterako Osasun Mentalarenean, bularretako minbiziarenean edo biriketako buxadurazko gaixotasun kronikoarenean, besteak beste. Adituek gidatutako horrelako programei esker zenbait patologia jasan dituzten pertsonek kirol-jarduerak berreskuratu ahal izatea lortu nahi da.

Era berean, gobernuak legegintzaldi honetarako duen beste erronka bat, hain zuzen ere, kirola bereizkeriaren aurkako eta gizarteratzearen aldeko borrokan tresna lagungarri bilakatzea da. Emakumeek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek egun kirolean aritzeko gainditu behar dituzten oztopoak hartuko dira kontuan, jarduera eta proiektu desberdinak babesteko irizpideak zehazterakoan.

Kirol-eskaintzaren kalitatea hobetzeko eta horren jarraipena egiteko lan horrez gain, udaleko kirol-egitura osoarekin ditugun elkarrekintzak indartu nahi dira, herritarrengandik hasi eta kirol-klubetaraino. Horretarako, kirol-instalazioetako pertsona bazkide guztiekin dituzten komunikazioak hobetuko dira, bereziki euskarri digitalekoak. Horrez gain, eragile eta pertsona erabiltzaileekin solaskidetzarako eremu bat sortzea proposatzen dute, proiektu jakin batzuei buruz eztabaidatu ahal izateko mahai-inguru bereziak antolatuz.

Nazioarteko erreferentzia kirol-ekitaldietan

Kirol eta Osasun Sailak, Ekonomiaren Sustapen sailarekin elkarlanean, era guztietako kirol-ekitaldiak erakartzen eta sustatzen jarraitzeko helburua jarri du. “Gasteiz hiriak dagoeneko frogatu du maila goreneko kirol-ekitaldiak antolatzeko gaitasuna duela, eta arlo horretan nazioarteko erreferentzia izateko osagai guztiak biltzen dituela”, azpimarratu du Livia Lópezek, eta iragarri du, halaber, estrategia bat abiaraziko duela lehiaketa horietarako erabiltzen diren udal baliabideen eta zerbitzuen eraginkortasuna hobetu dadin.

Alde horretatik, kirol-ekitaldiak jasotzen dituzten zerbitzu eta kirol-instalazioen katalogoa bilduko duen gidaliburu bat prestatuko da, eta kirolari laguntzak emateko politika eraginkorrago baten alde jokatuko dute, azkarrago erantzunez eta dauden baliabideak hobeto erabiliz.

Bizi-ohitura osasungarriak sustatzea

Hiri osasungarri baten aldeko apustu hori, besteak beste, bizi-ohiturak hobetuko dituzten zenbait ekintzetan islatuko da. Horietako batzuk dira hauek: III. Osasun Plana, eskola-eremuko eta komunitateko hezkuntza-programak, indarreko Mendekotasun Plana Eusko Jaurlaritzaren 1/2016 Legera egokitzea, edo udal plantillaren barruan esperientzia pilotu bat abian jartzea, elikadura osasungarria edo sedentarizazioaren prebentzioaren inguruko prestakuntza eskainiz langileei. Beste helburuetako bat Udalaren politika guztietan osasunaren irizpidea barneratzea da, Udaleko teknikariak horren inguruan sentsibilizatuz eta prestakuntza eskainiz.

Kontsumo arduratsua eta segurua

Jarduera-eremu berezi bat kontsumitzaileen eskubideak babestearena izango da, eta halaber, kontsumoaren inguruan kontzientziatzea eta heziketa jasotzea. Horretarako, kontsumo arduratsua sustatzeko eta elikadura-segurtasuna hobetzeko estrategia bat abiaraziko da.

Estrategia honen barruko jardueren artean, ostalaritzaren sektorean elikagaiak alferrik galdu daitezela murrizteko ekimen bat nabarmendu behar dugu, laster lehen urratsak ematen hasiko dena. Elikagaiak galdu daitezela murrizteko jardunbide egokiak jasotzen dituen gidaliburu bat argitaratuko da, establezimenduak helburu horretara bultzatuz. Hurrengo lau urteetarako beste konpromiso bat, hain zuzen, ostalaritzan erabilitako elikagaien kalitatea kontrolatzeko sistema indartzea da, horien kontsumoarekin loturiko arriskuak ahalik gehiena murriztuz.

Animalien ongizatea babestea

Animalien kudeaketarekin loturiko lehentasunezko konpromiso bat da Animaliak Babesteko Zentroa (ABZ) eraberritzea, bertako instalazioak modernizatuz eta handituz. Berrikuntza-lan horri esker, animalien bolumenagatik edo tipologiagatik sortzen ari diren premia berrietara egokitu ahal izango da bilketa-zerbitzua.

Eremu honetan beste bi jarduera ere azpimarratu behar dira: alde batetik, animalien adopzioa sustatzea, bereziki potentzialki arriskutsuak direnak, horien jokabidea hobetzeko eta hezteko baliabideak eskainiz. Bestetik, animaliak dauzkatenen artean erantzukizuna sustatuko dute, ABZan heziketa-hitzaldiak eskainiz.

Share