Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 iraila 2019 15:02

Principal Antzokia berritzea da kultura arloaren erronka nagusia, baina dena den, Plan Estrategikoa sustatzen jarraituko du bere politikak sustengatzen dituen ardatz gisa.

Hezkuntza eta Kultura arloetarako Gobernua prestatzen ari den lan-ildo nagusiak aurreratu dituzte gaur Felipe García eta Estíbaliz Canto zinegotziek batzordean.

Lehenik eta behin, alkateorde eta Hezkuntza Zerbitzuko arduradun Felipe Garcíak zehaztasunez azaldu ditu 12 neurriak

Lehenengoak iragartzen duenez, Gasteizko Udalak bere hautagaitza aurkeztuko du 2020-2022 epealdian Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) buru izango den hiri izenda dezaten. “Gasteizko hiria estatu mailan erreferentzia bat da Hiri Hezitzaile gisa, urteak daramatza berdintasun ezak konpentsatzearekin edo eskola-segregazioarekin loturiko gai batzuetan aitzindari izaten, eta bada garaia urrats bat gehiago emateko eta sarearen buru izateko”.

Bigarren iragarpen garrantzitsua, hain zuzen, hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko hezkuntza-programa berri bat abian jartzea da. Garcíaren esanetan, “gobernu hau buru-belarri lanean ari da bere politiketan eta bere zerbitzuetan genero-ikuspegia txertatzeko. Horrela, Berdintasun Zerbitzuaren laguntzarekin, hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko programa bat abian jartzea sustatuko dugu hezkuntza formalaren nahiz ez-formalaren esparruan”.

Hirugarren iragarpenaren arabera, berriz, 2013an egiteari utzi eta 400 lagun biltzen zituzten hezkuntza-jardunaldiak berreskuratu nahi dituzte legegintzaldi honetan. Une bakoitzean interesgarri izan daitezkeen hezkuntza-alderdietan zentratutako jardunaldiak izango dira.

Gainerako iragarpenak honako hauek izan dira: zerbitzuaren plan estrategikoa prestatzea eta ebaluatzea, haur-eskolen kudeaketa hobetzea, haur-hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan matrikulazio-prozesua hobetzea, hezkuntza-programa berriak ezartzea, genero-indarkeriaren aurka arestian iragarritakoaz gain, bizikidetza eta hezkuntza-parekotasunaren alorrean hitzarmen markoa garatzea eta hitzarmen bereziak egitea, EHUrekin hitzarmen marko berri bat eta hitzarmen bereziak egitea, unibertsitate berarekin udako ikastaroa egiten jarraitzea, hezkuntzan parte hartzeko egiturak indartzea, eta udalerriko beste irakaskuntza batzuei babesa ematea, bereziki UNEDi, Arte eta Ofizioen Eskolari eta LHko Partzuergoari.

 “Azken batean, bultzada garrantzitsua eman nahi zaio Gasteiz hiriari Hiri Hezitzaile gisa, generoaren ikuspegitik, lidergorako bokazioarekin eta bere programa guztiak ezarriz eta hobetuz, eta beraz, epealdi honetan egiten ahaleginduko garen guztiaren laburpen egokia izan liteke hori” esanez amaitu du alkateordeak.

Kultura “darion” Gasteiz bat

Beste alde batetik, Kultura Zerbitzuko zinegotzi arduradun Estíbaliz Cantok ziurtatu duenez, legegintzaldi honetan gogor lan egingo dute “kultura-politika integralago, tokian tokikoago, iraunkorrago, egonkorrago eta demokratikoago bat bultzatu nahirik, estrategikoki koordinatua eta planifikatua, kulturarako sarbide unibertsala erdietsiko duena, eskaintza orekatu eta askotarikoa eginez, nortasunez eta tradizioz, baina baita ere, berrikuntzaren eta garapen iraunkorraren aldeko apustua eginez”.

Cantok bost multzotan bildu ditu egin beharreko jarduera guztiak. Lehenengoa, “kulturaren elementu eta erreminta garrantzitsuenak bultzatzea”. Horretarako, aurrekontua pixkana-pixkana handitzen ahaleginduko dira, Plan Estrategikoan aurreikusitako programak beteko dira (kultura KM 0, VG Parte-hartzea, Ekipamendu Kulturalen Plana, Herritarren Prestakuntza eta Heziketa, Garate Gasteiz Izan Gasteiz), beste entitate batzuekin lankidetza-sareak sortuko dira, kulturaren eta artearen esparruko eragileekin zuzenean lan egingo dute haien premiei hobeto erantzuteko, partaidetza-prozesu bereziak sustatuko dituzte.

Bigarrena, “ekipamendu kulturalak zentzuz eta hiri-estrategia batez bultzatzea”. Apusturik garrantzitsuena Principal antzokia berritzea izango da, baita Iradier Arena ere ekipamendu osagarri gisa, eta horrekin batera, gobernu-akordioan konprometitutako auditorioaren etorkizuneko eraikuntzari helduko diote. Antzokien sarea eta Montehermoso kulturunea indartuko dira, “eta garai bateko Ignacio Aldecoa Herri Ikastetxean diziplina anitzeko zentro bat edo lankidetza-zentro bat sortzearen aldeko apustua egingo dugu”.

Hirugarrena, “unitate eta proiektu kulturalak sendotzea”. Bertan, arduradunak departamentuko unitate garrantzitsuenen errepaso bat egin du (udal artxibategia, udal banda, folklore akademia eta abar), eta programa horiek sustatzeko helburua duten zenbait aldaketa zehaztu ditu. Horien artean “programazio nagusia indartuko dugu hainbat programen bidez: Kaldearte, Haur Ikuskizunen Erakusketa, kaleko kazetaritza, txotxongiloak, dantza-saioak eta, orain arte egin den moduan, Andre Maria Zuriaren jaiak modernizatzea”.

Laugarrena, “beste jarduera batzuk sustatzea”, hala nola kulturaren ikuspegia irakaskuntzan barneratzea edo herri-kontzientzia suspertzen duten kanpainak garatzea, edo egonaldiak, jardunaldiak, heziketak, mikromezenasgoak eta abar sustatzea.

Eta azkenik, Luís Aramburu Ikastetxeko nahiz José Uruñuela Kontserbatorioko Lehendakari gisa, orain arte bezala jarraitzearen alde azaldu da Canto, “joan den legegintzaldian egin genuen bezala, bi ikastetxe horiek indartzearen alde jokatuz”.

 

 

Share