Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 iraila 2019 12:43

 

  • Proposamen fiskalak urteko KPIren arabera eguneratu nahi ditu 40 zerga, eta % 4 igo beste 9

 

 

Gobernu Batzarrak 2020rako ordenantza fiskalen proiektua onetsi du, udal-zergei eta tasa eta prezio publiko gehienak dauden-daudenean uztearen aldeko proposamena. Zehazki, % 1 eguneratzea planteatzen da, urteko KPIren eboluzioarekin bat, bai tokiko lau zergen kasuan (OHZ – ibilgailuak – gainbalioa – EJZ) bai eta 22 tasa (besteak beste hirigintza-lizentziak, mahaitxoen tasa eta zentro soziokulturalen erabilerari buruzkoak) eta 14 prezio publikorenean (haur eskolak, Musika Eskola, Folklore Akademia,…). Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren karga-tasa ez da ukituko. Hartara, harmonizatu egin nahi da udal-zerga gehienen bilakaera Gasteizko Udalaren ohiko gastuarenera.

Beste kasu batzuetan % 4ko hazkuntza planteatu da. Hain zuzen ere, hiri-hondakinak bildu eta suntsitzeko lanei dagokien tasa, hondakinak isuri eta tratatzeari dagokiena, hileta-zerbitzuengatikoa, ibilgailuak eraikin partikularretan sartzeagatik eta aldi baterako aparkaleku-erreserbengatik ordaindu beharrekoa, TAO, kirol instalazioak erabiltzeagatikoa, udal zentroetako jarduera eta ikastaroei dagokiena, zenbait ekipamendu erabiltzeagatikoa, eta hilerrian eraikuntzak uzteari dagokiona. Bederatzi zerga horietan nabari da gehien zerbitzuak balio duenaren eta tasa eta prezio publikoen bitartez sartutako kopuruaren arteko aldea.

“Zerga-proposamen honen bitartez arlo horretako gure bi helburu nagusiak betetzen ditugu: batetik zergei eustea, eta, pixkanaka bada ere, tasa eta prezio publikoen bitarteko diru-sarrerak eskaintzen ditugun udal-zerbitzuen kostu errealera hurbilaraztea, hartara Udalaren diru-sarreren eta ohiko gastuen arteko desoreka ekiditeko, horrek kolokan jartzen baitu Udalaren egoera ekonomikoa”, adierazi du Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Adibide batzuk ematearren, gobernu-taldeak eginiko zerga-proposamenaren arabera, hobaririk gabeko lau pertsonentzako etxebizitza batek 378,55 euro ordainduko luke, batez beste, datorren urtean; aurten 375,03 euro, hots, eguneratzea 3,52 eurokoa izango da. 12 zaldi fiskaletik 15,99ra arteko turismo batek, egungo 158,79 eurotik datorren urteko 160,38 eurokora eguneratuko luke ordaindu beharreko zerga, hau da, 1,59 euro. TAOren kasuan, datorren urterako erdialdean lehen 59 minututan 2,05 euro ordaintzea planteatzen da, gau egun baino hamar zentimo gehiago. 120 m2-ra arteko lau egoiliar dituzten etxebizitzen zaborren tasa 2,30 eurotan igoko litzateke, gaurko 57,29 euroko tarifatik 59,59ekora. Udal kirol instalazioen urteko kuotaren kasuan, lau kideko familia batentzat, horietako bik 18 urtetik beherakoak, 207,28 eurokoa da gaur egun, eta 215,68ra igoko litzateke 2020an, hau da, 8,4 euro gehiago.

Gurtubaik nabarmendu du gobernu-taldeak fiskalitate progresiboaren ereduarekiko duen konpromisoa, non zerga eta tasak herritarrek jasotako hobekuntzetara egokituko diren. Azpimarratu du, baita, aurreko agintaldian biztanle bakoitzeko ahalegin fiskala 2015ean 640,55 eurokoa izatetik 2018an 620,22koa izatera pasa zela. “Kudeaketa ekonomiko onak udal-zorra murrizten eta inbertsio-ahalegina areagotzen lagundu digu”, beste erakunde batzuen laguntzarekin, baina Udalak arduragabe jokatuko luke urtetik urtera prezioak eguneratzen diren zerbitzuak eman bai, baina horiek ordaintzeko diru-sarrera zuzenak aldaketarik gabe utziko balitu”, amaitu du Ogasuneko zinegotziak.

 

 

Share