Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  13 iraila 2019 14:16

Gorka Urtaranek, bere agintaldiaren lehen 100 egunak betetzear dagoela, ziurtatu du “lanean jarraituko dutela etengabe”.

Udal Gobernua legegintzaldi honetan bere lehen 100 egunak betetzear dagoela, Gasteizko alkateak gaur goizean nabarmendu egin nahi izan du Udal Gobernuak akordiorako duen gaitasuna, eta halaber, abian dauden lan ugariak eta hiriak nazioartean lortutako sona. Gorka Urtaranek ziurtatu duenez, “lanean jarraituko dute etengabe”.

Lehen zinegotziak agerian utzi nahi izan du EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osatutako Udal Gobernuak gaitasun handia erakutsi duela legegintzaldiaren lehen egunetan gobernu-akordio batera iristeko. “Berehala lortu genuen hurrengo lau urteetarako Koalizio Gobernu baten osaketa eta gobernu-programa adostea, eta hori oso kontuan hartzeko gauza da ikusirik zein zaila dirudien gaur egun helburu horiek berak Estatuko jokaleku politikoan erdiestea”.

Bigarrenik, hiria martxan dagoela aipatu nahi izan du Urtaranek, hainbat lan egiten ari baitira. Adibide modura aipatu ditu Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren inguruak, Tornay Medikuaren kalea, Beti Jai pilotalekuak, Adurtza, Ariznabarra eta Arriagako futbol-zelaiak, tranbia Hegoaldera handitzea eta Bus Elektriko Adimendunarentzat (BEA) espazio publikoa egokitzea. Era berean, gogorarazi du abiadura handiko trena lurperatzeko lanak faseak betetzen doazela, orain alegazioak jasotzen ari direla, akordio bat lortu dutela Salburua eta Zabalganako jabe partikularrekin birdentsifikaziorako eta birpartzelaziorako, eta Auditorioaren proiektua ere aurrerantz doala, Mariano Bayón arkitektoak ikustaldia egin ondoren.

Azkenik gogorarazi du, halaber, joan den astean Global Green City Award izeneko saria eman diotela Gasteizi, “eta horrek harrotasunez betetzen gaituela gasteiztar guztiok, herritar guztion merezimendua delako eta Euskadiko hiriburua mundu osoko superhirien artean kokatzen duelako”. “Sari honek -amaitu du- nazioarte mailako sona ematen digu, eta zalantzarik gabe, hori aprobetxatzen jakingo dugu”.

Share