Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 iraila 2019 14:32

Udal Administrazioari eta Eraldaketa Digitalari buruzko agerraldian iragarri denez, Udal Eraikinak Mantentzeko Plan Gidaria landuko da, horiek onik zaintzea planifikatzearren, hartzen dituzten zerbitzuak bermatze aldera

Herritarrengandik hurbil dagoen administrazioaren alde egiten dugu, haien bizi-kalitatea hobetzen duena, zerbitzu publikoen eskuragarritasuna errazten eta belaunaldi berrien zein gainerako herritarren beharrei erantzuten diena“, adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok, egin duen agerraldian.

Hark iragarritako berritasun nagusia lantzekoa den Udal Eraikin eta Instalazioak Mantentzeko Plan Gidaria da, udalaren eraikin publikoen multzo handiak dituen beharrei “era planifikatuan eta atzerapenik gabe heltzearren“. Rodríguez Ramajok azaldu duenez, zaharrak direlako edo hondatuta daudelako behar handiena duten eraikinak lehenetsiko dira, eta ondoren, oinarrizko zerbitzuak edo gertukoak eskaintzen dituztenak, energia-eraginkortasunaren eta iraunkortasunaren aldetik hobetu beharrekoak eta araudietara egokitzea eskatzen dutenak. Horrenbestez, “haur eskolak eta ikastetxeak, gizarte etxeak, kirol instalazioak eta kultur ekipamenduak lehenetsiko  dira, besteak beste“, adierazi du udal arduradunak.

Mantentzearekin lotutako gainerako proposamenei dagokionez, zinegotziak iragarri du zerbitzua “Foru Aldundiaren erosketa-zentralari atxikiko zaiola kostuak aurreztea ahalbidetzen duten kontratu eta hornikuntzetan“. Era berean, munta gutxiagoko jarduerei helduko zaie, “instalazio eraginkorrago eta iraunkorragoak izatearren“.

Eraldaketa digitala

Bestetik, Rodríguez Ramajok “XXI. mendeko erronkei aurre egin nahi dien administrazioaren” alde egin du, “eraldaketa digitalari helduz, teknologiaren potentziala baliatuz eta gaitasun digitalak gure prozesu eta zerbitzuei aplikatuz, horien eraginkortasuna eta balioa hobetzearren gure herritarrentzat“.

Administrazioarekin arinago erlazionatu ahal izateko zenbait neurri iragarri ditu, esaterako:

  • Beste administrazioekiko elkarreragingarritasuna, herritarrek beste administrazio batzuen esku dauden dokumentazioa eta datuak aurkeztu beharrik izan ez dezaten.
  • NAN/AIZren balidazioa abian jartzea, udal tramiteetan NANaren edo beste identifikazio agirien fotokopiak aurkeztu beharrik ez izateko.
  • Herritarren sinadura biometrikoa udal tramiteetan integratzeko irtenbideak aztertzea.
  • Herritarrentzako laguntzarekin eta gardentasun-atarian datuak argitaratzearekin lotutako zereginak automatizatzea.

Web-orria aldatzea, eskuragarritasuna errazteko, mugikorra erabiltzea lehenetsiz.

Orobat, lagunduriko autozerbitzu guneak ezartzea aztertzen ari dela azaldu du zinegotziak, izapide errazak egiteko: errolda agiriak lortzea, txartelaz ordaintzea, isunen kasuan gidaria identifikatzea, etab.

Azkenik, dagoeneko aurreratu zen neurri bat aipatu du, berrikuntza handia ekarriko baitu: HUTaren mugikorrerako aplikazioa garatuko da, eramangarria izan dadin.

Azken batean, eta laburbilduz, instalazio eraginkorrago eta iraunkorragoak edukitzeko jarduerak izango dira, herritarrei administrazioarekin errazago erlazionatzea ahalbidetzeko eta haien bizi-kalitatea nabarmen hobetzen laguntzeko”, bukatu du Rodríguez Ramajok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share