Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 iraila 2019 18:07

Plantilla egonkortzea eta giza baliabideak nahiz bitarteko materialak bermatzea, udaltzainei eta suhiltzaileei prestakuntza espezializatua eskaintzea eta koordinazioa eta komunikazioa hobetzea. Horiexek dira, hain zuzen ere, Herritarren Segurtasun Sailak aurtengo legegintzaldi honetan landuko ditu funtsezko jarduera-ildoak, Marian Gutiérrez zinegotzi delegatuak batzordean ezagutarazi duen moduan.

Gutiérrezen iritziz, Udal Gobernuaren proiektu estrategikoaren ardatza “saila osatzen duten gizon-emakumeak izango dira, horiek direlako beren eguneroko lanaren bidez Gasteiz hiri segurua izan dadila bermatzen laguntzen dutenak.

Egin dituen adierazpen horietan, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak hiru jarduera-ardatz azpimarratu ditu.

Plantilla egonkortzea eta bitarteko material gehiago edukitzea. Marian Gutiérrezek gogoratu duenez, zenbait urte zurian pasatu ondoren, azkeneko legegintzaldian udaltzainen hiru lan-eskaintza publiko egin dira, nahiz eta oraindik “ez diren aski” Udaltzaingoaren plantillak dituen premiak betetzeko.

Alde horretatik, Udal Gobernu berriak barne-promozio bat egitea proposatzen du, “oinarrizko eskalan bete gabe dagoen lanpostu kopurua argitzeko, eta horri esker, lan-eskaintza publiko bat egin ahal izango da legegintzaldi honetan; era horretan, Udaltzaingoaren baliabide-ezari irtenbide bat eman eta, beraz, Lanpostuen Zerrendan indarrean dauden plaza guztiak bete ahal izango genituzke.

Suhiltzaileen kasuan, egoera oso antzekoa da, eta aurreikusitako planak ere bai: lehenik, barne-promozio bat, jadanik abian dagoena, eta gero, lan-eskaintza publiko bat, bete gabeko lanpostuak betetzeko.

Langile kopuruaren igoerarekin batera, Udaltzaingoaren barruan absentismo-tasa handiaren aurkako borroka ere hor dugu, % 9koa baita, “eta horri gogotik heldu nahi diogu”, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu duenez, eta horri begira, “ekintza positiboak nahiz absentismoa kontrolatzekoak uztartzen dituzten neurriak lantzen ari gara”.

Bitarteko materialen hornidurari dagokionez, bi zerbitzuetarako (SPEIS eta Udaltzaingoa) beharrezkoak diren bitartekoak bermatu nahi dira, eta horretarako, ibilgailuak nola sistema informatikoak berritzeari ekingo zaio.

Beste alde batetik, espazioak hobetzeko eta berrantolatzeko proiektu bat dago; “eta espazio horietan Suhiltzaileen eta Udaltzaingoaren unitate edo talde batzuk kokatuak daude, nahiz eta ez duten gutxieneko baldintzarik betetzen, bertan lan egiten duten pertsonek beren eginkizunak burutu ditzaten”; esate baterako, Udaltzaingoaren Genero Indarkeriaren Taldea eta Suhiltzaileen parkearen egonaldi-eremu osoa.

Prestakuntza. Arlo honetan, Marian Gutiérrezek proposatzen duenez, udaltzainen eta suhiltzaileen “prestakuntza espezializatuan eta berezian sakondu behar dugu”, segurtasun arloko arazo berriei errazago aurre egin ahal izateko.

Gaitasun sozialak hobetzearen alde ere azaldu da, “herritarrekin zuzeneko eta eguneroko harremana ez delako beti erraza izaten. Hori dela eta, beharrezkoa da arlo emozionalean, gatazken konponbidean… prestakuntza jasotzea, eta herritarrekin enpatia hobea agertzeko gai izatea”.

Era berean, funtsezko ikusten dute bai Udaltzainek eta bai Suhiltzaileek ere prestakuntza egokia jasotzea berdintasunaren alorrean, eta bereziki, genero-indarkeriarenean eta LGTBIfobiarenean.

Komunikazioa eta koordinazioa. Hirugarren eta azken ardatz honen bidez, barne- nahiz kanpo-komunikazioa hobetu nahi dute. Barne-mailan, “informazio-jario on bat edukitzeak koordinazio hobea dakar, eta hori funtsezko helburuetako bat da”, eta bestetik, kanpo-komunikazio hobea edukiz gero, “herritarrek ikusi ahal izango dute polizia ez dela isunak jartzera eta suhiltzaileak suak itzaltzera bakarrik mugatzen, baizik eta zerbitzu ugari eskaintzen dizkietela herritarrei”.

Hiru jarduera-ildo horiek alde batera utzita, bere sailak jorratuko dituen beste gai batzuk ere aipatu ditu Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, hots:

  • Elurteen Planaren Aldaketa, elurteak edo izozteak gertatzen direnean hobeto erantzun ahal izan dezaten.
  • Protokoloa Ertzaintzarekin, joan den urtean bi polizien artean izenpetutako hitzarmena garatu dadin.
  • Bide Segurtasunerako Plana eguneratzea eta garatzea, inplikatuta dauden gainerako sailekin elkarlanean.
  • Mugikortasun eta Espazio Publikoaren sailarekin elkarlanean aritzea, trafikoari buruzko ordenantza aldatzeko, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bizikleten zirkulazioari dagokionez.
  • Aginte-eskalan emakumeek presentzia handiagoa izan dezaten ekintza batzuk abian jartzea.
  • Kontziliazio-politikak hobetzea.
  • Zentral sindikalekin harreman arin bat edukitzeko borondatea izatea.

Azkenik, Marian Gutiérrezek hitz eman du sei hilean behin bilera bat edukiko duela udal taldeekin, segurtasun arloko gaiak elkarrekin aztertu eta ezagutzera emateko, Gasteizko egoera zein den ebaluatzeko “eta are abian jar litezkeen ekimenak proposatzeko”.

Share