Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 iraila 2019 07:27

 

Udal Gobernuak giza eskubideak defendatu eta betetzearen alde eta oroimenaren eta bakearen alde jarraituko du lanean, Bizikidetza eta Aniztasun Planaren bitartez

Gasteiz berdintasunaren alorrean erreferente izatea nahi badugu, bi eremu garrantzitsutan lan egin behar dugu: alde batetik, berdintasunaren eta emakumeak ahalduntzearen aldeko politikak indartzen jarraitu behar dugu, beharrezkoa delako generoaren arrakalak eta desorekak gutxitzen joan daitezen hainbat arlotan: enplegua, errenta, heziketa, denbora, boterea edo osasuna. Baina batez ere, premia handiko erronka bat dugu aurrean. Indarkeria matxistarekin amaitzea, genero arteko desoreken adierazpen larriena delako. Indarkeria matxista giza eskubideen bortxaketa bat da, eta batez ere emakumeei eragiten dien genero-desoreken adierazpenik larriena da. Guztiz ezabatzetik urrun bagaude ere, indarkeriaren agerpen berriak azaltzen ari dira, eta udal politikek horiei modu eraginkorrez aurre egiteko gai izan behar dute”. Gobernuaren jardunak dituen erronka nagusietako bi dira horiek, Berdintasun, Bizikidetza eta Aniztasun saileko zinegotzi Miren Fernández de Landak gaur goizeko batzordean egin duen agerraldian adierazi duenez.

Helburu horien bidez, udal gobernuak lehentasunezko bi jarduera-eremu nabarmendu nahi ditu aurtengo agintaldirako.

Alde batetik, Emakumeen Etxea sendotu nahi du, herritarrentzako berdintasun-politiken erreferentzia gisa. Lan-prozesu luzearen ondoren, Emakumeen Etxea jada errealitate bat da. Proiektu honetan Jabetze Feministarako Eskolaren eremuak partekatzen dira, eta hala, Sorginenea izeneko kudeaketa-proiektu bateratua Berdintasun alorreko erreferentzia-eremu bilakatu da.

Jabetze Feministarako Eskolaren alde lanean jarraitu nahi dugu, berdintasuna sustatzeko jardunbide egokia delako, nazioartean aitortu duten moduan. Emakumeek politikan eta gizartean parte har dezatela sustatu nahi dugu. Aurten, ohiko jarduerez gain, Feminismo Mola gazteentzako lerroa indartuko dugu, eta Hiri Hezitzailea programaren bitartez, ahalduntzeko eskola txikia ikastetxeetara eramango dugu. Legealdi honetan, herritarrei zuzendutako prestakuntza-proiektuen arteko gurutzaketak landu nahi ditugu, sentsibilizazio-ildo desberdinen artean topaketarako eta elkartasunerako eremuak aurkitzeko”, Miren Fernández de Landak nabarmendu duenez, eta hala, garrantzi berezia eskaini dio Sorginenea-Emakumeen Etxea laster irekitzeari, kolektibo feministetako eta berdintasunaren aldeko elkarteetako emakume desberdinekin 2017an hasitako partaidetza-prozesu baten ondoren, izan ere aldarrikapen historikoa baita Emakumeen Etxea proiektua garatzeko eremu propio bat edukitzea. “Sorginenea-Emakumeen Etxea” emakumeak ahalduntzea eta berdintasun-politika publikoetan eragina izatea sustatuko duen proiektu izan nahi du, Ahalduntze Eskolarekin elkar elikatu ahal izan dadin.

Sorginenea-Emakumeen Etxea kudeaketa-proiektu bateratua finkatzearen alde lan egiten jarraituko dugu, emakumeak ahalduntzeko espazio gisa ulerturik, partaidetzaren bitartez gizartea eraldatzeko, eta etxea topaketa, truke eta hausnarketarako espazio gisa ikusia izan dadin bultzatzeko”, zinegotziak esan duen moduan.

Indarkeria matxistari aurrea hartzea eta horren aurka sentsibilizatzea

Zinegotziak berretsi duenez, Udalak konpromiso bat hartua du bizitzako eremu guztietan batez ere emakumeek baina baita LGTBI pertsonek ere jasaten duten indarkeria matxistaren aurkako borrokan.

Udalak kanpainak eta sentsibilizazio-eremuak sustatuko ditu, eraso matxisten aurkako eta indarkeriaren biktimei arreta egiteko erantzun publikoaren protokoloa berrikusi eta indartuko du, eta Gasteizen sexu- nahiz genero-aniztasuna sustatzeko neurriak bultzatzen jarraituko du.

Aniztasunean bizikide izatea

Beste alde batetik, Udal Gobernuak giza eskubideak defendatu eta betetzearen alde eta oroimenaren eta bakearen alde jarraituko du lanean, Bizikidetza eta Aniztasun Planaren bitartez.

Bizikidetzarako oinarriak jartzea ez da epe laburreko edo ertaineko lan bat. Horrexegatik, denon artean bizikidetza eraikitzeko prozesuari jarraipena emango diogu, denok partekatuta eta denok parte hartuta, elkar onartu, elkarri entzun eta elkarrekin bakean bizi ahal izateko ahalegin kolektiboa eginez. Gure erronketako bat gizarte kohesionatua eraikitzea da, dauden desberdintasunak konpontzeko ekitatea sustatuz eta pertsona guztiak erkidego horretako partaide senti daitezen baldintzak jarriz”, azaldu du Miren Fernández de Landak.

Bizikidetzarako Behatokia abian jartzea, eskola-bereizkeriaren aurrean hezkuntza-ekitatearen alde esku hartzea, Zurrumurruen aurkako sarea hedatzea eta Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza eta Giza Eskubideen idazkaritzarekin elkarlanean aritzea dira aurreikusi ditugun jarduera batzuk.

Share