Prentsa Oharren banner

“Gasteiz drogarik gabeko hezkuntza esparrua”programaren edizio berria bultzatu du Udalak

 

 

Tokiko Gobernu Batzarrak “Gasteiz drogarik gabeko hezkuntza esparrua” programa garatzeko kontratua esleitu die Ediren S.C. eta Ortzadar S.L. enpresei  gaur goizean. Programa horren bitartez adikzioen prebentzio unibertsala eta kontsumoari lotutako arriskuak gutxitzea lantzen da. Programa 2020ko ekainaren erdialdera arte egingo da, eta 78.632 euroko inbertsioa izan du. Hezkuntza komunitateko eragile ezberdinekin ekintzak jarriko dira abian, eta  adikzio eta kontsumorako jarrerak bultzatu ditzaketen faktoreei (pertsonalak, sozialak zein kulturalak) helduko zaie bereziki.

Ikasleak izango ditu hartzaile nagusi. Parte hartzen duen gela bakoitzak landu egingo ditu ikasleei berdinen zein komunikabideen presioari aurre egiteko aukera emango dieten trebetasunak. Autonomia pertsonaleko alderdiak landuko dira, substantzien kontsumoa saihestu eta atzeratzea xede, esaterako autoezagutza, autoerregulazio emozionala, asertibitatea, erabakiak hartzea edo erresilientzia.  Horretaz gain, hainbat alderdiri buruzko informazioa emango da: legezko zein legez kanpoko substantziak, erabileraren eta abusuaren ondorioak eta gai honetan sare-sozialek izan dezaketen eragina.

Familiei baliabideak emango zaizkie gelan landutako adikzioaren inguruko kontzeptuak hobeto ezagut ditzaten. Irakasleek arloko profesionalen laguntza izango dute klasean landutakoaren osagarri.

“Gasteiz drogarik gabeko hezkuntza esparrua” programaren bidez, tabako, alkohol, kalamu, psikofarmako eta legez kanpoko hainbat droga motaren prebentzioa bultzatzen da.  Halaber, alkohola kontsumitzen dela uste den kasuetan, kontsumoak eragindako arriskua gutxitzeko lan egiten da. Prebentzioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eremu guztian lantzen da; arriskuak gutxitzeko esku hartzeak, berriz, DBHko 4. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondoko mailetara.

 

 

 

Share