Prentsa Oharren banner

Gasteizek Euskadiko hiririk seguruena izaten jarraitu dezan beharrezko diren neurriak hartuko ditu Udalak

Udaltzainen kopurua handituko du, baliabide materialak eguneratuko, genero- eta familia-indarkeriaren kontrako unitateak sendotuko eta Ertzaintzarekiko koordinazioa areagotuko.

Lehen mailako zerbitzu publikoa da segurtasuna. Gasteiz Euskadiko hiririk seguruena dela berresten dute estatistikek, eta hala izaten jarraitu dezan, hainbat neurri hartuko ditu Udalak agintaldi honetan, hala nola udaltzainen kopurua handitu, baliabide materialak gehitu, genero- eta familia-indarkeriaren kontrako unitateak sendotu eta prestakuntza nahiz Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa hobetu.

Kapitulu berezi bat eskaini dio alkateak gai horri udal politikari buruzko eztabaida orokorrean. Lortutako maila handia gorabehera, beti dagoela hobetzeko tarterik, adierazi du Gorka Urtaranek. “Helburua —azaldu du— segurtasun-maila hobetzea da, baita gasteiztarrok dugun segurtasun-pertzepzioa ere”. 

Aurrenik, Udaltzaingoko giza baliabideak gehitzea ageri da. 99 udaltzain eta 20 suhiltzaile berri hasi ziren lanean aurreko agintaldian. Orain bertan, abian da 39 udaltzainentzako beste deialdi bat, eta besterik ere etorriko da.

Bi kidego horietako baliabide materialak eguneratzea da bigarren neurria, hala nola Udaltzaingoko autoak eta motorrak eta suhiltzaileentzako eskailera-kamio bat. Gainera, ekipo informatikoak berrituko dira, baita lan-espazioak ere.

Beste ekintza bat udaltzainen prestakuntza hobetzea izango da, bereziki gizon eta emakumezkoen arteko berdintasunarekin eta LGTBI kolektibokoarekin zerikusia duten gaietan.

Orobat sendotuko dira genero- eta familia-indarkeriaren kontrako unitateak. Azkenik, areagotu egingo da Ertzaintzarekiko koordinazioa. “Ditugun giza baliabideak eta materialak optimizatzen ditugularik, efikazagoa, zorrotzagoa eta gertuagokoa izango da poliziaren lana”, azpimarratu du Urtaranek.

 

 

 

Share