Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2019 13:18

Udaltzaingoa 19 urteko mutil gazte bat ikertzen ari da, gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin ote duen jakiteko.

20:30ak aldera, Antonio Machado kaletik ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zuen inguru horretan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek. Udaltzainek gelditzeko agindu zioten, baina gidariak ez zien kasurik egin eta ihes egin zuen abiadura handian eta ausarkeriaz.

Berehala harrapatu zuten ordea, eta bere dokumentazioa eta ibilgailuarena eskatu ziotenean, egiaztatu zuten ez zeukala gidatzeko baimenik, eta hori dela eta, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian. Horrez gain, salaketa-buletin egokiak bete zituzten asegururik ez edukitzeagatik, arauzko epearen barruan IAT ez igarotzeagatik eta drogetan positibo emateagatik.

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan hogeita hiru trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan bost pertsona zauritu dira guztira.

Atzo goizeko lehen orduan istripu bat gertatu zen auto baten eta bizikleta baten artean, Barratxi kalean seinalatutako txirrindularientzako pasabide batean. Talka horren ondorioz, bizikletaz zihoan 33 urteko gizonezkoa lurrera erori eta zenbait lesio izan zituen; larrialdi-zerbitzuek artatu zuten lehenik, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bizikletaz zihoan beste gizonezko bat ere zaurituta geratu zen Maite Zuñiga kaletik zihoala beste bizikleta baten aurka talka egin ondoren. Anbulantzia batean eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

15:00ak baino minutu batzuk lehenago, bizikletaz zihoan 43 urteko emakume bat Santiago Ospitalera eraman zuten, Koldo Mitxelena eta Micaela Portilla kaleen elkargunean auto batek harrapatu ondoren.

17:45ean, Salbatierrabide eta Lasarteko Atea kaleen arteko bidegurutzean, beste istripu bat gertatu zen auto batek eta bizikleta batek elkarren aurka talka egin ostean; bizikletaz zihoan 52 urteko emakumea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Gauean, beste istripu bat gertatu zen Gaztelako Atea eta Fontetxako Gazteluaren kaleen elkargunean auto batek eta ziklomotor batek elkarren aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, motoa gidatzen ari zen 18 urteko mutil gaztea zaurituta geratu zen, eta larrialdi-zerbitzuek bertan artatu ostean, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Azkeneko 24 orduetan 14 salaketa erregistratu dituzte Polizia Judizialean.

Share