Prentsa Oharren banner

Bere bikotekidea sastakatzeagatik larunbatean atxilotutako gizonezkoa epailearen esku geratu da

Bere bikotekidea labana batez zauritu ondoren larunbatean Udaltzaingoak atxilotutako 39 urteko gizonezkoa epailearen esku geratu da gaur goizean.

Gertaera horiek arratsalde erdialdera izan ziren. Koordinazio Zentralak eskatu zuen patruila bat Errege-Erregina Katolikoen kaleko etxebizitza batera joan zedila, emakume bat labanaz sastakatu zutelako. Udaltzainek kalean topatu zuten biktima, aurpegia eta lepoaldea odolduta zeuzkala. Etxebizitzatik ihes egitea lortu zuen, bere senarrak labana batez buruan ebaki bat egin ondoren. Gizona etxebizitza barruan giltzapetu zen, 2 urteko bien semearekin. Egoera hori ikusirik, udaltzainak indarrez sartu ziren bebarrura eta bikotea bizi zen solairuraino igo ziren.

Bikotearen etxebizitzako atearen aurrean zeudela, ustezko erasotzailearekin elkarrizketa bat izaten ahalegindu ziren. Hasieran bazirudien patruilei kasu egiten hasiko zela, baina azkenean etxebizitza barruan giltzapetzea erabaki zuen. Egoera horren aurrean, Udaltzaingoak Ertzaintzaren berehalako erantzuteko patruila baten, anbulantzia baten eta suhiltzaileen laguntza eskatu zuen.

Osasun-zerbitzuek biktima ospitalera zeramaten bitartean, Ertzaintzaren agenteek etxebizitza barruan sartzea lortu zuten, ustezko erasotzailea menderatu zuten –Udaltzaingoak hartu zuen hura zaintzeko ardura– eta haur txikia erreskatatu zuten. Udaltzainek labana aurkitu zuten eta etxebizitzaren miaketa zehatzago bat egin zuten.

Istripuak

Joan den ostiralaz geroztik Udaltzaingoak 37 trafiko-istripu erregistratu ditu, eta horietan 7 pertsona zauritu dira.

Bizikletaz zihoan 42 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen ostiralean, Mediterraneoaren hiribideko bidegorrian auto batek harrapatu ondoren. Talka horren ondorioz, lurrera erori zen eta zenbait lesio izan zituen; bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, baina ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Egun horretan, halaber, istripu bat gertatu zen Nafarroako Errege-Erreginak kalean auto baten eta motozikleta baten arteko talkaren ondorioz. Motoz zihoan 29 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuen.

Handik pixka batera, beste istripu bat gertatu zen Abendaño eta Adriano VI. kaleen arteko bidegurutzean, bizikletaz zihoan 39 urteko gizonezko batek bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

41 urteko emakume bat zauritu zen ostiralean, bere autoan Arriagako Atea kaletik zihoala, beste bi ibilgailurekin izandako istripu anizkoitz batean nahastuta. Anbulantzia batek eraman zuen Txagorritxu Ospitalera.

Bizikletaz zihoan 15 urteko mutil gazte bat ere zauritu zen, El Prado kaleko espaloitik bizikletan zihoala kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Osasun-langileen talde batek artatu eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Gau horretan bertan bizikletaz zihoan beste gizonezko bat ere zaurituta geratu zen, Madril kalean furgoneta batek harrapatu ondoren. Bizikletaz zihoan 22 urteko mutil gaztea Santiago Ospitalera eraman zuten. Furgonetako gidaria bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertzen ari dira, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen ari zelako.

Patinete elektriko bat tartean zela izandako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Patinetez zihoan 56 urteko emakumea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoa hiru gidari ikertzen ari da: 35 urteko gizonezko bat, gida-baimenik gabe gidatzeagatik, eta beste bi, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. 42 urteko gizonezkoa Salburua Bulebarrean izandako trafiko-istripu batean nahastuta zegoen. 57 urteko bigarren auto-gidaria beste istripu batean nahastuta zegoen, Madril hiribidean bizikleta baten aurka talka egin zuelako.

Asteburuan Udaltzaingoak alkoholemiako 7 prebentzio-kontrol egin ditu, eta horietan, 140 gidari inguruk egin behar izan dituzte nahitaezko probak: 5 gidarik emaitza positiboa eman zuten, eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik.

Udaltzaingoak 38 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 15 jarduera egin ditu asteburuan.

Share