Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute eztabaida batean bere bikotekidea jotzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan.

092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen eztabaida gogorrean zeudela Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean eta emakume bat laguntza eske ari zela. Bertara joan zen patruilak ate ondoan topatu zuen biktima, bikotekidearekin batera.  Biek aitortu zuten eztabaidan aritu zirela familia-arrazoiengatik eta une jakin batean gizonak emakumea jo zuela.

Biktimak zeuzkan lesioak ikusita, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotzeari ekin zioten. Patruila batek ospitalera eraman zuen emakumea eta, gero, Agirrelandako polizia-etxera lagundu zion, salaketa egokia jartzera. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur goizean.

Lapurreta indarkeriaz

Udaltzaingoaren agenteek 38 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarrez egindako lapurreta-delitu baten ustezko egilea delakoan.

Lokalaren arduradun den emakumeak lapurreta egiten ari zela harrapatu zuen beste emakume hori eta han atxikitzen ahalegindu zen. Borrokaldi horretan, ustezko lapurrak mehatxu egin eta jo egin zuen, baita laguntzera joandako beste emakume bezero bat ere.

Ustezko lapurrak dendatik irtetea lortu zuen, baina biktimak eskainitako deskribapenari esker, udaltzain motodunek han inguruan topatu zuten eta atxilotzeari ekin zioten. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu zen.

Lege-haustea eta errekisitoria

Udaltzaingoaren agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, kautelazko neurri bat urratu izanaren delituaren ustezko egilea delakoan.

092 zenbakira egindako dei batek Legutioko Atea kaleko ostalaritza-establezimendu batera polizia etortzeko eskatu zuen, zerbitzu horren eskatzaileak adierazi baitzuen bere bikotekide ohiak urratu egin zuela berarenganako urruntze-agindua eta agiraka egin ziola, bere lantokian zegoen bitartean.

Patruila iritsi zenerako, gizona alde egina zen. Biktimak emandako deskribapenari esker, beste udaltzain batzuek kale horretan bertan aurkitzea lortu zuten. Agindu hori indarrean zegoela egiaztatu ondoren, hura atxilotzeari ekin zioten. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Atzo gizonezko bat atxilotu zuten bere etxebizitzan, bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegi batean aurkezteko errekisitoria judizial bat zuelako gainean. Arratsalde horretan bertan epailearen esku geratu zen.

Bi pertsona zauritu dira

Atzo Ballester Apezpikuaren kalean gertatutako auto-harrapaketa baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan auto bat zegoen nahastuta. Talkaren ondorioz, 18 urteko neska gazte bat zaurituta geratu zen, eta larrialdiko osasun-zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Bizikletaz zihoan 38 urteko gizonezko bat zauritu zen, halaber, auto batek harrapatuta, Micaela Portilla eta Koldo Mitxelena kaleen elkargunean, nahiz eta ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Udaltzaingoak atzo beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 18 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 14 jarduera egin dituzte.

Kea eraikin batean

Suhiltzaileak Errege-Erregina Katolikoen kalera joan ziren atzo, etxebizitza batean kea zegoela ohartarazi zutelako. Kearen sorburua sutan ahaztutako kazola bat izan zen. SPEISeko langileek bi pertsonari lagundu zioten, eta osasun-langileek ere artatu zituzten, eta horrez gain, baliabide mekanikoak erabili zituzten etxebizitza eta komunitateko eskailera egurasteko.

Share