Prentsa Oharren banner

Udalak 174 plazara handitu du erdi eta goi mailako teknikarientzako enplegu-eskaintza publikoa

Gasteizko Udaleko A1 eta A2 taldeetarako sustapen eta enplegu-eskaintza deialdiko lanpostuen kopurua handitzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; erdi eta goi mailako teknikarien lanpostuak dira.  Hasiera batean 132 lanpostu eskaini ziren, eta orain beste 42 gehitu zaizkie; beraz, orotara 174 lanpostu barne hartuko ditu deialdiak.

Bi arrazoi dela medio handitu ahal izan da deialdia: batetik, udal plantillan sortu diren lanpostu hutsak, prozesua 2017aren bukaeran hasi zenetik izan diren erretiroen ondorioz; bestetik, aldi baterako kontratu-programak sendotzeko prozesua, horiek egiturazkoak bihurtu baitira.

LEParen barruan sartu berri diren 42 lanpostuen artean gizarte lanarekin lotutako 11 lanpostu daude, Psikologiako goi mailako teknikarien 6 lanpostu, Administrazio Orokorreko goi mailako 5 teknikari, 4 arkitekto, jarduera soziokulturaletako erdi mailako 4 teknikari, baita beste alor batzuetakoak ere: ingeniaritza, hizkuntza-normalizazioa, kirol koordinazioa eta aukeren berdintasuna, besteak beste.

Enplegu-eskaintza publikoa osatzen duten txandei dagokienez, honela banatzen dira 42 lanpostuak, Enpresa Batzordearekin adostutakoaren arabera: bi barne-sustapenekoak dira, beste bi desgaitasuna duten pertsonen txandakoak, eta gainerakoa 38ak eskaintza irekikoak.

“Handitze honek funtsezko abantaila du: administrazioaren eraginkortasuna. Prozesu bakarrean ia heren batean handitu ahal izan dugu hasieran egindako eskaintza, 42 lanpostu horietarako LEP berezirik deitu gabe. Denbora eta dirua aurrezten ditugu, baita horrelako enplegu-eskaintza publikoa antolatzeak eskatzen duen ahalegin logistikoa ere. Hartara, aurrera egingo dugu agintaldi honen bukaerarako aldibatekotasun-tasa digitu bakarrera jaisteko helburua lortzeko bidean“, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Dagoeneko amaitu dira erdi eta goi mailako teknikarientzako LEPari dagozkion azterketak, eta orain merezimenduak balioesteko fasea egiten ari da; oinarrien arabera, bada lanpostuen eskaintza handitzerik, eskaintzen diren lanpostu berriak hasieran eskainitakoen berdinak badira. Gainera, eskaintzari gehitutako 42 lanpostu horiek funtzio publikoko berritze-tasen alorrean ezarritakoa betetzen dute.

 

 

Share