Prentsa Oharren banner

Larrialdietarako Arabako Funtsak 70.000 euro zuzendu ditu Kurdistan siriarreko herritarrei laguntzeko, gertatu berri den indarkeria igoeragatik

Siriaren egoera munduko krisi humanitariorik larriena bihurtzen ari da

Egoeraren larritasun bereziarengatik, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bi proiekturi emango diete laguntza errefuxiatuei eta desplazatuei janaria eta tapakiak helarazteko

 

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak eratu zuten Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF) 70.000 euro zuzendu ditu janariak eta tapakiak banatzeko turkiarren erasoaldi militarraren ondorioz Kurdistanen gertatu berri den indarkeria igoerak kaltetu dituen herritarren artean. Larrialdia Siriaren ipar-mendebaldean, Turkiarekiko mugaren ondoan, izandako bonbardaketen eta istiluen ondorioz sortu da; izan ere, haien eraginez oraindik ere milaka pertsona dago behartuta desplazatzera.

Eskualde horretan gerra hasi zela zortzi urte baino gehiago pasa ondoren, Siriako egoera munduko krisi humanitariorik okerrena ari da bihurtzen.

Egoeraren larritasun berezia dela-eta, egoki ikusten da Larrialdietarako Arabako Funtsak eman ohi duena baino diru kopuru handiagoa mugitzea eta bi erakundek egindako proposamenei erantzuna ematea.

LAFi eskaera egin dion erakundeetako bat da Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa, zeinak janariak banatuko baititu Siriako ipar-mendebaldean gaitutako errefuxiatuen eremuetan. Kalkuluen arabera, bakarrik zona horretan, 170.000 ume inguruk behar dute laguntza humanitarioa. Unicefek Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntzarekin duen asmoa da hobetzea 5 urtetik beherako umeen eta haurdun edo edoskitze aldian dauden emakumeen nutrizio egoera.

Bigarren erakunde eskatzailea Asociación Emigrados sin Fronteras da, DOZ Siria toki entitatearekin lankidetzan jarduten duena. Erakunde horrek laguntza ematen die errefuxiatuei eta laguntza eskaintzen du euskal lankidetzak finantzatzen dituen mediku arretarako bulego eta zentroetan. Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntzarekin Alhasaka eskualdean, Malika udalerrian, janariak eta tapakiak banatuko zaizkie 250 pertsonari.

Proposamen horiek aintzat hartzeko, kontuan hartu da Siriako Gobernu eta bere aliatuen eta estatukoak ez diren talde armatuen artean gertatu berri den liskar igoerak areagotu egin duela egoera humanitario larria, lehendik ere bereziki zaila. Armada turkoaren esku hartze militarrak Siriako ipar-mendebaldean izan duen kalte humanitarioaren ondorioz, 160.000 pertsona desplazatu dira joan den urriaren 9an krisia hasi zenetik, militarren aitzinamenduetatik eta liskarretatik ihesi.

 

 

 

 

 

 

Share