Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 otsaila 2020 19:17

Gaur arratsaldean hasi da hiriaren etorkizun urbanistikoari buruzko informazio- eta partaidetza-prozesua, San Martineko udal bulegoen eraikineko ekitaldi-aretoan egin den hasiera-saio baten bidez. Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintzako zinegotzi eta Gasteizko alkateorde Ana Oregik Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapen agiriaren partaidetza-prozesuari buruzko gakoak azaldu ditu, bai eta Udalak defendatzen duen hiri-ereduaren ildo nagusiak ere: “Hiri kohesionatua, inklusiboa eta aintzat hartzen dituena zorua okupatzeko modua, dentsitateak, hiriaren proiektu estrategikoak, nekazaritza-inguruaren garrantzia eta iraungarritasun-irizpideak”.

Datozen bi hilabeteetan Udalak erakusketa eta gaikako mintegiak antolatuko ditu, HAPOren aurrerapena herritarrengana hurbiltzeko, eta beren ekarpen eta iradokizunak jasotzeko.

“Mugi ezazu fitxa Gasteizko etorkizuna diseinatzen!” lemaren pean, partaidetza eta komunikazio planak era didaktiko eta ulergarrian ezagutaraziko ditu udalerrirako hiri plangintza berriaren sei ardatzak: Hiri trinkoa, Nekazaritza-ingurunea, Ondarea, Iraunkortasuna, Ekonomia suspertzea eta Herritarrak.

Haste honetan bertan erakusketa bat hasiko da Zabalganean, eta ondoren Hegoalde, Aldabe, Salburua, Lakua, Judimendi, Iparralde eta Pilarreko gizarte etxeetan ikusi ahalko da; Elorriaga izango da azken lekua, apirilean.

Auzoetan erakusketak egin eta agiria Gizarte Kontseiluari eta beste antolakunde batzuei azaltzeaz gain, sorkuntzazko eta lankidetzazko diseinu-lantegiak egitea aurreikusten du zabalkunde planak, batetik, trenbidea lurperatzeak libre utziko dituen espazioei buruz (Tres Santos eta Borinbizkarra) eta bestetik, bi gai zehatzi buruz: haurtzaroa eta genero ikuspegia.

Ana Oregik gogorazi duenez, plangintza berriak hiru “begirada” hartu nahi ditu aintzat: Batetik, genero-berdintasuna. Bestetik, plangintza berriak ume eta nerabeen ikuspuntua integratuko du, berariazko lantegi baten bitartez. Gainera, Gasteizek irizpide ekologikoak, baliabide-kontsumoaren eraginkortasuna eta bizi-kalitatea kontuan hartuz aztertuko du bere hirigintza-plangintza.

Behin aurrerapenaren agiria jendaurrean erakusteko izapidea bete eta Aholku Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, eta herritarrei, udal mugakideei eta administrazio batzarrei irekitako parte hartzeko fase berria amaituta, irizpideak eta helburuak zehaztuko dira, eta hasierako onespenaren agiria osatuko duten proposamen xeheak.

Udalaren www.vitoria-gasteiz.org/berrasmatu web-orrian eskuratu ahalko da informazio guztia, baita Udalaren sare sozialetan (#reimagina) ere.

Share