Prentsa Oharren banner

(Argazkiaz eguneratuta) Gasteizek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Itunarekiko konpromisoa berritu du, klima-aldaketaren kontrako borrokan helburu zorrotzagoak ezarriz

Gasteizko Udala Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Europako Alkateen Itunari atxikitzea onetsi du Gobernu Batzarrak. Hartara, Gasteizek europar ekimen horrekiko konpromisoa berritu du, klima-aldaketaren kontrako borrokan bide-orri zorrotzagoa ezarriz.

Izan ere, Energia Iraunkorraren aldeko Europako Alkateen Itunak asmo handiagoei heldu nahi izan die azken urteetan, klima-aldaketa arindu eta hari ikuspegi integral batetik egokitzearren. “Hiriak Europa eta mundu mailan jaso dituen errekonozimenduak garrantzitsuak dira, baina orain erronka hiri benetan iraunkorra lortzeko neurriak arrakastaz garatzea da. Bide luzea dugu aurretik, eta ziur gaude egin beharra dagoela. Gure hiriak pauso garrantzitsuak eman ditu karbonoan neutraltasuna lortzeko. Eraikuntzetan emisioak murriztea eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten aldeko apustua funtsezkoak dira modu koordinatuan garatzen ari garen zeregin horretan“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Alkateen Ituna sinatuz, Udalak konpromiso hauek hartu ditu: berotegi efektuko gasen isurketen erreferentziazko inbentarioa eta klima-aldaketarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa prestatzea; itunari atxiki eta bi urteko epean Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana lantzea, eraginak arindu eta horietara egokitzeko alderdiak barne hartuz, eta egoeraren txostena egitea bi urtean behin, ekintza-plana ekimenaren plataforman argitaratzen denez geroztik.

 

2020-2021rako helburuak

Alkateak gogorarazi du Udala dagoeneko prestatzen ari dela udalerriko energia eta klimarekin lotutako bide-orri berria 2030erako, eta 2020-2021erako helburu hauek ezarri direla: 2019ko emaitzen tarteko ebaluazioa egitea, Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plan berria definitzeko abiapuntutzat erabiltzearren; Gasteizko 2030erako trantsizio energetikoko ekintza-plan integratu bat lantzea, berotegi-efektuko gasen emisioen inbentario eguneratua barne hartuko duena, eta 2030erako isurketak eta energia-kontsumoa murrizteko ikuspegia eta berariazko helburua ezarriko dituena.

Orobat, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila klima-aldaketara egokitzeko tokiko plana lantzen ari da, besteak beste, klimarekin lotutako kalteberatasunaren eta arriskuen ebaluazioa eguneratuko duena.

Share