Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak dei egin diete familiei, 50 ume saharar har ditzaten uda honetan

 

 

 

 

 

 

  • Afanis familien elkarteak eta Sahararren Euskadiko Ordezkaritzak aurten ere ‘Oporrak bakean’ programa antolatu dute, erakundeen lankidetzarekin batera

Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak, Arabako Foru Aldundiak, Ume Sahararrak Hartzeko Familien Arabako Elkarteak (Afanis) eta Euskadiko Frente Polisarioaren Ordezkaritzak dei egin diete Arabako familiei, saharar errefuxiatuen kanpamentuetako haurren bat beren etxeetan har dezaten uda honetan.

Helburua da 11 eta 12 urte bitarteko 50 haur hartzea, Afanisek adierazi duenez, eta helburu hori lortzeko 15 familia gehiago behar dituzte.

‘Oporrak bakean’ aldi baterako harrera programa da, iheslari kanpamenduetan dauden haurrentzat; dagoeneko 44 urte bete ditu. Udako bi hilabeteak Arabako familiekin igaroz umeek eguneroko errealitaterik atseden hartzea da helburua, basamortuan —Algeriako Hamada deritzonean— 55 gradutik gorako tenperaturak jasaten baitituzte udako hilabeteetan.

Halaxe adierazi dute prentsaren aurrean Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Nerea Melgosak, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak, Afaniseko lehendakariorde Irune Lujambiok eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkari ondoko Brahim Abdelfatahek. Lau entitateek lankidetza hitzarmen bat daukate izenpetuta ‘Oporrak bakean’ programa garatzeko. Laguntza medikoa eta elikadura orekatua ere ematen dizkie ume sahararrei; aldi berean, kultura-trukea sustatzen da, eta Arabako gizartea sentsibilizatzen.

Agerraldian, Afaniseko lehendakariorde Irune Lujambiok iragarri du aurten, lehenengoz, web orri propioa daukatela (afanis.org), “ezeren aurretik, familiek jakin dezaten zer den ume horiek hartzea”.  Gainera, harrera egiteko programan parte hartu nahi dutenek telefono hauetara dei egin dezakete: 650 134 011 eta 665 711 947; edo mezu bat bidali posta elektroniko honetara: afanisalava@gmail.com.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiaren esanetan, “Oporrak bakean giza elkartasunezko esperientzia eta gizartea eraldatzeko proiektua da. Saharar adingabeei familia baten berotasuna sentitzeko aukera ematen die, etxetik milaka kilometrora egon arren, eta Arabako familiei kultura arteko esperientzia izateko aukera ematen. Gogora ekarri nahi dugu Gasteiz izan zela aitzindarietako bat Sahararekiko elkartasuna adierazten, eta erakundeen babesaz gain, Arabako familien konpromisoari esker lortu da hori; horregatik, aurten berriro bat egiteko eskatzen diegu”.

Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendari Nerea Melgosak adierazi du, bestalde, “Arabako gizartea hurbilekoa, abegikorra eta solidarioa ” dela, eta ‘Oporrak bakean’ ekimenaren helburuetako bat dela “Saharako kanpamenduen errealitatea hurbilagotik ezagutzea, enpatia izatea eta milaka familiak bertan bizi dituzten baldintza latzei elkartasuna adieraztea, hemen familia oso bat dutela jakinaraziz, hau da, Arabakoa eta Euskal Herrikoa, haien kausaren eta eskubideen alde eginez“.

Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkariaren  iritziz, azkenik, Arabako familiek harrera egitea “esperientzia handia da, eta hain urrun eta desberdinak diren bi familia eta kulturaren arteko zubiak ezartzeko balio du”.

Share