Prentsa Oharren banner

Olarizun legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraisteko prozesua aktibatu du berriro Udalak

21 Zabalgunearen kontseiluak zenbait proposamen aztertu ditu eraisketaren ondoren libre geratzen den orubean etxebizitza berriak eraikitzeko

Gaur goizean, 21 Zabalgunearen kontseiluak aurrerapauso garrantzitsua eman du Olarizun legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraisteko prozesuan. Etxebizitzak berriak eraikiko dira orubean.

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik “administrazioak ofizioz berreskuratzea” deritzon figura erabiltzea proposatu du Olarizuko etxebizitzetan identifikazio, hustuketa eta eraisteko prozesuari ekiteko.  Horretaz gain, eraisteko proiektua aurkeztu zaio kontseiluari. Udal sozietateko kontseilukideek, bestetik, legez kanpo okupatutako etxebizitzak hustu eta eraitsi ondoren libre geratzen den orubean etxebizitzak eraikitzeko zenbait proposamen ezagutu dituzte.

“Inguruko auzoko legitimoek zein udal talde gehienok planteatzen genuen irtenbidea argitzen ari da, azken urteetan ahalegin berezia egin baitugu kroniko bihurtzeko arriskua zuen egoera bat desblokeatzeko. Gaur 21 Zabalgunean erabakitakoa oso positibo eta garrantzitsua da egoera konpontzeko”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Udalak gidatuko ditu hustuketa eta eraisketa

Urtaranen gobernuaren proposamenak —zeinak  PPren sostengua izan baitu— lau urrats barne hartzen ditu:

1) 21 Zabalguneak amaitutzat jotzea etxebizitza horien emakida.

2) Etxebizitzen jabetza Udalari eskualdatzea.

3) 21 Zabalgunearen kapital murrizketa onestea (beharrezkoa baita finantza-doikuntza hori egitea).

4) Idatzita dagoen eraisketa proiektua Udalari eskualdatzea.

Kontseiluak akordio hori onetsi ondoren, sozietatearen batzar nagusiak berretsi beharko du, eta Tokiko Gobernu Batzarrak etxebizitzak onartutakoan identifikatu ahalko ditu Udalak okupak. Gero, etxebizitza uzteko duten epearen berri eman beharko diete usurpatzaileei, eta hala egin ezean, etxeetatik egotzi. Hori guztia egin ondoren eraitsiko lirateke blokeak.

“Zenbait aukera aztertu ditugu teknikoki, eta proposamen horrexek ahalbidetzen du irmotasun eta eraginkortasun handiagoz jokatzea. Hirian legez kanpoko okupazioen aurka egiten jarraituko dugu, okupazioak ezagutu ahala salatzen, okupak egozten eta etxebizitzak berriz okupatzea ekiditeko neurriak hartzen”, hitz eman du 21 Zabalguneko lehendakariak.

 

 

Share