Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak gomendio batzuk argitaratu ditu maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera edo ibiltzera doazenentzat

  • “Ganoraz jokatu. Birusa ez da desagertu eta kontuz jokatzen jarraitu behar dugu”, azpimarratu du Livia Lopezek
  • Oro har, erabiltzen den bidearen eskuinetik zirkulatzea gomendatzen da, zirkulazioaren noranzkoak argi zehaztuz

 

Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Sailak bihartik aurrera paseatzeko edo kirola egiteko hainbat gomendio prestatu ditu, COVID-19 gaixotasunak sortutako krisiaren deseskalada delakoaren barruan Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Plana dela eta. Biztanleriaren talde bakoitzerako jarraibide eta ordutegi espezifikoekin batera, Udalak herritarrek jarraibide zehatz batzuk izatea nahi du, bi pertsona-talderi bereziki zuzenduak: kirol-jarduera neurritsua eta erregularra aurretik egiten ari zirenei, eta kirola egiteko ia ohiturarik ez dutenei.

 

“Entrenamenduak berreskuratzeko edo kalean jarduera fisiko bat hasteko orduan sen ona alde batera ez uztea da gure lehen aholkua. Zalantzarik gabe, albiste ona da kanpoan berriro kirola egin ahal izatea, baina oso gogoan izan behar dugu nondik gatozen eta epidemia horrek gizartean eragin duen mina. Hori dela eta, zuhurtzia eta kontzientzia osoa eskatzen dugu, birusa ez baita desagertu eta kontuz jokatzen jarraitu behar dugulako”, adierazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.

 

Bai oinez ibiltzeko, baita espazio publikoan egingo diren kirol-jardueretarako, osasun publikoaren arloko zenbait jarraibide daude. Lehenengoa zirkulazioa antolatzea da, gainerako pertsonekiko distantzia soziala mantentzen dela bermatzeko. Horretarako, Udalak arau orokor gisa gomendatzen du erabiltzen den bidearen eskuinetik zirkulatzea, zirkulazioaren noranzkoak argi eta garbi zehaztuta gera daitezen.

 

Era berean, gomendagarria da ziurrenik jendea ibiliko den eremuetara ez gerturatzea, ahal den neurrian ordezko bideak erabiltzen saiatuz eta Udalak jarduera-ordutegiek Gasteizko herrietan izango duten eraginari buruz argitaratu dituen zehaztapenak errespetatuz. Running-a edo antzeko diziplinak praktikatuz gero, ezarrita geratu den bezala, bakarka egin beharko dira.

 

Guzti hau kontutan hartuz, honako dekalogoa planteatzen du Udalak kirol jarduerara begira:

 

  1. Erabili arropa erosoa, baldintza klimatologikoetarako egokia eta gainerako pertsonek erraz ikus zaitzaten aproposa.
  2. Helburu eskuragarriak ipini eta zure gorputza entzun.
  • Konfinamenduaren aurretik kirolen bat egiten hasi bazara, ez ezazu utzi zenuen jarduerari berriro ekin nahi izan intentsitate berdinarekin. Ahaztu erritmoak.
  • Kirol berri batekin hasi nahi baduzu, egin modu egoki eta ordenatuan. Gomendagarria da kontserbadorea izatea.
  1. Gorputza “desentrenatuta” dago. Ahal den neurrian lesioak saihesteko, jarduerarako prestatu behar dugu, eta saioaren zati bat aktibatzeko erabili behar dugu. Ondo mugituko ditugu artikulazioak eta leunki luzatuko ditugu giharrak. Ariketa hauek amaitzean ere errepikatuko ditugu.
  2. Ez da beharrezkoa entrenamenduan baimendutako denbora guztia erabiltzea.
  3. Ez entrenatu egunero, atsedena ere erabakigarria da gorputza egokitzeko. Zure hasierako mailaren arabera, 2 edo 3 egunean behin entrenatu dezakezu. Eta gainerako egunetan, paseatzera atera.
  4. Indar-lana egin. Txandakatu zure lasterketak tonifikazio eta indartze ariketekin (sentadilak, flexioak, abdominalak). Egin ariketa horiek ahalik eta gehien errepikatu gabe, utzi neke tarte handia zure giharrei.
  5. Kirola egiteko ordu-tarteak ez dira tenperaturak oso altuak izango diren orduak, baina kontuan hartu ondo hidratatzea garrantzitsua dela. Eraman botila bat eta begiratu eguraldiaren igarpenak irten aurretik.
  6. Etxera iritsi bezain laster, dutxatu, horrela ez hozteko.
  7. Erantzi zapatilak etxera sartu aurretik eta sartu arropa azkar garbigailuan. Interesgarria izan daiteke zapatilak eguzkitan eta balkoi edo leiho batean uztea.
  8. Goza ezazu eta hurrengo egunetarako gogo gehiagorekin geratu.

 

Azkenik, gogorarazi behar da Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin koordinatuta, alarma-egoeraren etapa berri hori zainduko duela, dekretuaren arabera egin dadin eta pertsonen osasuna arriskuan jar ez dadin. Ildo horretan, udaltzainek ezarrita dituzte zaintza bereziko eremuak eta, hala badagokio, zirkulazioa antolatzeko ezarri beharreko neurriak.

Share