Prentsa Oharren banner

Ogasuneko zinegotziak ohartarazi du Udalaren aurreikuspen ekonomikoek okerrera egin dutela

  • Udalaren diru-sarrerak 60 milioi euro gutxituko direla aurreikusten da

 

Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioek aurreikuspen ekonomikoak aldatzera behartu dute Udala. Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik gaur Udalbatzari jakinarazi dionez, azken asteetan aurreikusten ari zen diagnostiko larriak okerrera egin du. Izan ere, diru-sarrerak 60 milioi euro gutxituko direla aurreikusten da. Horietatik, 15 milioi diru-sarrera propioei dagozkie, eta gainerako 45 milioiak, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsari (FOFEL). Urte hasieran, Arabako Foru Aldunditik 177 milioi euro jasotzea espero zuen Udalak; orain, ordea, 132 milioi izango direla jotzen da.

Ez dut uste inoiz tamaina horretako sarrera jaitsierarik izan denik Udalaren historian“, esan du Iñaki Gurtubaik egoera laburtzearren. “Horixe da egoera. Bilketa jaitsiko da, gizarteak ere hein berean jasango duelako. Hilabete zailak ditugu zain, eta horren aurrean gastu aukerak aztertu behar ditugu“, erantsi du Ogasuneko zinegotziak.

Udal kontuen kudeaketan iraunkortasunari eutsi behar zaiola oinarritzat hartuz, Urtaranen gobernuak hiru ardatzetan antolatuko du plan ekonomikoa: gastuari eustea, malgutasunez jokatzea zorraren amortizazioan, eta ohikoak ez diren sarrerak bilatzea.

Iñaki Gurtubaik zehaztu duenez, gastuari eusteko 38,47 euroko diru-partidak atxiki dira aste honetan. Horrek ez du esan nahi aurrekontu-partidak kentzea, baizik eta horiek zati batean edo osorik erreserbatzea, zuhurtziaz kudeatzearren. “Egoeraren bilakaera eta sail bakoitzaren irizpideak kontuan hartuta, baliteke atxikipen horiek aldatzea. Eta zorpetzeko gaitasuna handitzen bada, horiek askatzeko prest gaude“, zehaztu du alkateordeak.

Atxikitako partiden lehen multzoa aurrekontu-partidan kreditua duten aurrekontu-partidei dagokie, 24,8 milioi euro. Beste multzo bat (3,59 milioi euro) koronabirusa dela eta ematerik izan ez den jarduera eta zerbitzuei dagokie; horiek aldatu edo bertan behera utzi beharko lirateke. Beste 10 milioi aurrekontuko 1. kapituluari (langile-gastuak) dagozkio. Neurriak ez lieke plantillaren oinarrizko ordainsariei eragingo.

Atxikipen horiek azkenean duten bilakaera gorabehera, hiru alor hauetan aurrekontua ez da ukituko, lehentasunezkoak baitira: osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta jarduera ekonomikoa sustatzea.

Gobernu taldeak martxan jarritako plan ekonomikoaren bigarren ardatza zorraren amortizazioaren malgutasuna da. Horrekin lotuta, finantza-erakundeekin negoziatzen hasi da, maileguak amortizatzeko ordainketak atzeratu ahal izateko. Aldi berean, Arabako Foru Aldundiaren zorpetze-ahalmena handitzea erabakiko balitz dekretuz, baliteke Udalak FOFELen bitartez jasotzen duen ekarpena horrenbeste ez gutxitzea.

Azkenik, ohikoak ez diren diru-sarrerak bilatzea da aurreikuspen ekonomiko larriei aurre egiteko hirugarren ardatza. Zehazki, udalaren ondarea saltzeko eragiketak azkartzeko aukerak aztertzen ari dira, beste kontzeptu batzuei dagozkien diru-sarreren galera konpentsatzeko.

Oposizioko taldeek oraingo egoeran laguntzeko erakutsi duten prestutasuna eskertu du Iñaki Gurtubaik. “Adosten dugun guztia herritarren mesederako izango da“, amaitu du alkateordeak.

 

 

Share