Prentsa Oharren banner

Adinekoentzako zentro soziokulturalek aire zabalean egiteko udako programazioa landu dute, 83 ikastaro eta lantegik osatua

Informazio liburuxka honetan

Bihar irekiko da izena emateko epea eskaintzen diren 800 lekuetarako

Adinekoentzako zentro soziokulturalak jarduerak eta programak berreskuratzen ari dira pixkanaka. Duela gutxi informazio, podologia eta ile-apainketa zerbitzuak ireki ziren, eta laster udako programazioa jarriko da abian; aurten, osasun-segurtasuna dela eta, aire zabalean egingo da oso-osorik.

Bihar, ekainak 5, irekiko da izena emateko epea, eta orotara 83 ikastaro eta lantegi eskainiko dira ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean. Guztira 800 leku 60 urte edo gehiago dutenentzat. Askotariko jarduerak izango dira: txikung, biodantza, gimnasia, smartphoneen erabilera, internet, ibilaldiak, etab.

Jardueretan 2-6 saio izango dira, 60-90 minutukoak, eta espazio irekietan emango dira: parke eta lorategietan (Zadorra eta Arana), plazetan (Santa Barbara eta Laudio) edo barruko patioetan (Landazuri), besteak beste.

“Koronabirusa dela eta bizitzen ari garen egoera kontuan izanik, programazioa aire zabalean egiteko moldatu dugu, adinekoek segurtasunez parte hartu dezaten. Jarduerak kalean egiteaz gain, beste neurri batzuk hartuko dira osasuna babesteko, hala nola distantziak ezartzea eta espazioak mugatzea”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Jardueretan izena emateko prezioa merkea izango da, saio kopuruaren araberakoa. Esate baterako, bi saioko lantegiek —ordubetekoak— euro 1 balioko dute, eta sei saiokoek —ordu eta erdikoak— 3,50 euro.

Izen-ematea telefonoz

 Izen-ematea telefonoz egin beharko da, zentro hauetako batean: Abetxuku, Arana, Aranbizkarra, Ariznabarra, Koroatzea, Pilar, Lakua-Arriaga, Landazuri, Herrandarrak, San Kristobal, San Prudentzio, Txagorritxu eta Zaramaga.

Udalaren web-orrian eta adinekoentzako zentro soziokulturaletako sarreran eskuratu daiteke informazio guztia.

Udako programazioaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dira bakarrik bizi diren eta ahultasun egoeran egon daitezkeen adinekoentzat.  “Piztu zure auzoa” programak beste pertsona batzuekin biltzeko aukera eskaintzen die, gaurkotasuneko gaiez hitz egiteko eta laguntza eman eta jasotzeko. Harremanak izatea eta bizipenak eta esperientziak partekatzea da helburua.

Interesdunek Aldabe, Pilar eta Landazuriko zentro soziokulturaletara deitu dezakete informazioa eskatzeko.

Share