Prentsa Oharren banner

Gasteizek 40.000 euroko laguntza onetsi du tokiko turismo-enpresentzat

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik —Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen du hori—, Tokiko Gobernu Batzarrak 40.000 euroko partida bat onetsi du gaur, produktu eta esperientzia turistikoak sortu eta garatzeko dirulaguntzak emateko. Covid-19aren krisialdiak eragindako tokiko turismo-enpresak sustatzeko balioko du aparteko partida horrek.

Deialdiak bi jarduera-ildo hartzen ditu barne: batetik, iraunkortasuna sustatzen duten produktu edo esperientzia turistikoak sortu, hobetu edo garatzea; bestetik, Arabako hiriburuan topaketak, jardunaldiak eta jarduerak antolatu eta garatzea.

“Gasteizek bere indarguneetan izan behar du konfiantza, orain inoiz baino gehiago ekoturismoaren aldeko apustua egin, eta biltzarren eta familien turismoa, aktiboa eta iraunkorra erakartzen saiatu. Badugu biltzarrekin lotutako azpiegitura eta jardueren sare zabala, eta turismo berdearekin lotutako irudia. Deialdi honen bidez, tokiko turismo-enpresei produktu edo esperientzia turistiko iraunkorrak garatzen lagundu nahi diegu, baita hemen jardunaldiak eta topaketak egitea sustatzen dutenak ere”, zehaztu du lehen alkateorde eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.

Laguntza horiek Gasteizko Udalak ekonomia suspertzeko bultzatu duen planean daude jasota, zeinaren helburu nagusia baita osasun krisialdiaren eragina gehien nabaritu duten kolektiboak babestea, hala nola hiriko merkataritza, ostalaritza, enpresa txikiak eta autonomoak.

Fidelizazioa eta iraunkortasuna

Euskadi turismo-helmugaren hazkundea etengabea eta jasangarria izan da covid-19aren pandemia zabaldu arte. EUSTATen datuen arabera, turismoaren sektorea Euskadin BPGd-aren % 6,1 izan zen 2019an, eta ia 107.000 enplegu zituen, guztien % 11; hazkundea, bestetik, ekonomiaren hazkundearen gainetik zegoen. Sektoreak potentzial handia du, eta aberastasun ekarpen ekonomiko zein kulturala sortzen du. Datu horiek kontuan hartuta,Udalaren helburua da bisitariak urte osoan etortzea Gasteizera, eta horiek fidel bihurtzea, turismoaren itzulera ekonomikoa handitzearren, bai jarduerari bai enpleguei dagokienez.

 

Share