Prentsa Oharren banner

Onetsi da ASPANAFOA elkartearekiko hitzarmena, minbizidun haurrak dituzten familiei laguntzeko

Gaur onetsi du Udal Gobernuak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Sailaren eta ASPANAFOAren (minbizia duten haurren gurasoen Arabako elkartea) arteko lankidetza-hitzarmena, minbizia duten adingabeko umeen familiei laguntzeko programa garatzeko. Ekimen horri Udalak egin dion ekarpena 5.711,18 eurokoa da.

Programaren helburu nagusia tratamendu onkologikoa jasotzeko Euskal Herriko eta bertatik kanpoko ospitaleetan dauden haurren senideen ostatu-arazoa konpontzen laguntzea da. Halaber, dietak eskaintzen zaizkie familiei, dituzten diru-sarreren arabera, joan-etorriei loturiko gastu osagarriei aurre egin ahal izateko.

Batez beste, familia horiek 500 eta 900 euro inguruko galera izaten dute hilero diru-sarreretan minbizidun adingabeari laguntzeko, aldi berean 500 eta 1.000 euro artean igotzen direlarik gastuak. Kasu gehienetan amak uzten du lana egoerari aurre egiteko.

Gaur onetsitako hitzarmenaren bidez, Udalak arazo onkologikoak dituzten haurren eta horien senideen bizi-kalitatearen hobekuntzan laguntzan du, gaixotasunak familia-errentari eragiten dizkion ondorio negatiboak arintzen baititu.

 

 

Share