Prentsa Oharren banner

21 Zabalguneak beste 259.000 euro ordainduko ditu etxebizitzak birgaitzeko laguntzetan, obra amaiera egiaztatu dutelarik

EAJ, PSE eta PPk udal sozietateari 3,8 milioi euroko irabaziak ekar diezazkion lursail bat lehiaketara ateratzea adostu dute

Ordaintzeke zeuden eta dagoeneko obra amaiera egiaztatu duten etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ordaintzea onetsi du gaur 21 Zabalgunearen kontseiluak. Orotara, udal sozietateak 259.131 euro ordainduko ditu.

Aurreko agintaldiaren amaieran aktibatu zuen Urtaranen gobernuak partikularrei eta auzokoen komunitateei irisgarritasunarekin eta etxebizitzak eraberritu eta birgaitzearekin lotutako obretarako emandako zenbatekoen ordainketa, horiek ordaintzeko beharrezkoa baitzen obra amaierako ziurtagiria aurkeztea (izapide hori ezinbestekoa da 21 Zabalguneak dirua ematerik izan dezan), eta sozietateak funtsak izatea.

2015etik 2018ra egindako laguntza-deialdiek 9,4 milioi euroko aurrekontua izan zuten guztira. Lau urte horietan, auzokoen komunitateek 5,5 milioi euroko obra-amaierak aurkeztu zituzten. 2019ko maiatzean egin zen azken ordainketa, 1,2 milioi, eta aipatutako 5,5 milioi horiek ordainduta zeuden ordurako.

Gutxi gorabehera 3,9 milioi euro geratu ziren ordaintzeke, eta udal gobernuak hitz eman zuen obra-amaierak ziurtatu eta sozietateak funtsak eduki ahala ordainduko zirela. 2019ko azaroan, 21 Zabalgunearen lehendakari Ana Oregik hau proposatu zion kontseiluari: maiatzetik ordura arte ziurtaturik eta ebatzita zeuden laguntzen ordainketa egunean jartzea, hots, 431.747 euro. Harrezkero, ordaintzeke zeuden  laguntzak ordaintzen joan dira.

Duela gutxi, Udalak 500.000 euro transferitu zituen ziurtatzen doazen laguntzak ordaintzeko, eta gaur onetsitako ordainketarekin, pendiente zegoen miloi eta erdi ingurutik 500.000 euro horien balioa duten laguntzak ebatzi dira.

Ana Oregik gogorarazi duenez, “hitz eman genuen bezala, emandako eta ziurtatutako laguntzak ordaintzen jarraituko dugu, sozietateak funtsak izan ahala”.

Horrekin lotuta, 21 Zabalgunearen kontseiluak erabaki du lantalde bat osatzea laguntzen araua berrikusteko. Lehendakariak laguntza-sistema aldatzeko proposamen bat eraman zuen kontseiluak duela gutxi egindako bilera batera, horren ordez etxebizitzak eraberritzeko lanak egiteko garaian laguntza behar handiena duten pertsonengana iritsi ahal izateko eredu berria ezartzearren, behar handiena duten eraikinak birgaitu daitezen, oraingo laguntza-sistemarekin gehienetan kanpoan geratzen baitira.

 

 

Diru-sarrerak lursaila salduta

 

Bestetik, 21 Zabalgunearen kontseiluak onetsi du “Larrein” 13. sektorean lursail bat saltzeko lehiaketa egitea, babes ofizialeko 124 eta 150 etxebizitza artean eraikitzeko (etxebizitzen tamainaren arabera). Horrek 3,8 milioi eurotik gorako irabazia ekarriko lioke udal sozietateari. EAJ-PNV, PSE-EE eta PPk onetsi dute erabakia.

Orobat,  Plaza Arkupedunean 3 areto enkantera ateratzea erabaki du 21 Zabalguneak, 381.000 euroan, Zabalganeko inguru horretako merkataritza sustatzearren.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share