Prentsa Oharren banner

21 Zabalguneko lehendakariak Gasteizko bizitegi-eraikinak birgaitzeko arau berria lantzeko lantaldearen lehenengo bilerara deitu ditu kontseilukideak

Atzo eratu zen Gasteizko bizitegi-eraikinak birgaitzeko arau berria lantzeko lantaldea, eta 21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik lehenengo bilerara deitu ditu administrazio kontseiluko kideak. Uztailaren 14an izango da bilera, eta hasteko, arau berria idazteko bildu diren agiri guztiak aztertuko dira, gaur bertan bidali baitizkiete horretaz arduratuko diren kontseilukideei.

Batetik, Hiri Berrikuntzarako Udal Eragintegiaren laguntzen araua bidali zaie, zeina 2011ra arte egon baitzen indarrean. Arau hartan hipoteka-bermeak ezartzen ziren, etxebizitza edo lokala hamar urteko epean salduz gero laguntzak itzul zitezen ziurtatzeko. 21 Zabalgunearen laguntzen araua ere helarazi zaie, zeina 2012tik 2018ra arte egon baitzen indarrean. Bertan zehazten zenez, laguntzek interesik gabeko hipoteka maileguen izaera zuten, eta hamar urteko epearen barruan etxebizitza irabaziekin eskualdatzen bazen, itzuli egin beharko ziren.

Lehendakariak beste agiri hauek ere bidali dizkie kontseilukideei: 21 Zabalgunearen Estatutuak; laguntzen arau berria lantzeko oinarriak, Administrazio Kontseiluak 2020ko otsailaren 24an onetsitakoak, eta laguntzen arauaren zirriborroa, kontseiluari maiatzaren 4an aurkeztua. Azken hori lantzeko 2018ra arte indarrean egon ziren arauak eta onetsitako oinarriak baliatu dira. Berritasun hauek nabarmentzen dira: automatikoki itzuli beharrik gabeko laguntza bihurtzeko aukera kentzea; finantzatzen den kopurua benetako kostuaren % 100era igotzea; laguntzaren zenbatekoa itzultzeko epeak luzatzea, eta itzuli beharrik gabeko laguntzak mantentzeko aukera uztea, Udalaren kudeaketa-gomendio baten bidez.

“Beharrezko informazio guztia bildu ondoren, kontseilukideei bidali diegu, zorrotz aztertzerik izan dezaten eta hilaren 14an arau berria idazteko lanari ekiterik izan dezagun, eraginkortasunez eta efikaziaz jokatu ahal izateko”, adierazi du Ana Oregik.

Share