Prentsa Oharren banner

Bihar irekiko dira berriro Salburuko eta Ariznabarreko rokodromoak

  • Abetxuku, Adurtza, Astronomo eta Zaramagako pilotalekuak ere asteazkenetik aurrera erabili ahalko dira zuzenean, erreserba eginda

 

Udalaren kirol instalazioak berriro jardunean hasteko bidean beste urrats bat egingo da bihar, bi rokodromo, lau pilotaleku eta squash pista bat berriro irekiko baitira herritarrek zuzenean erabiltzerik izan dezaten, behar diren segurtasun-protokoloak ezarrita.

Rokodromoen kasuan, baldintzak aldatu egin dira edukierari dagokionez (Salburuan, 10 pertsona, Ariznabarrean, 18), baita egin daitezkeen ariketei dagokienez ere. Instalazioetan sartu eta handik irteteko maskara erabili beharko da nahitaez, eta ezingo da ez aldagelarik ez dutxarik erabili. Higiene-baldintzak bermatzearren, material batzuk ezingo dira erabili, eta beste batzuk desinfektatu egingo dira. Esteka honetan kontsultatu daiteke araudi berria.

Ordutegi hauek izango dituzte rokodromoek, astelehenetik ostiralera: Salburuan, 9:00etatik 18:00etara; Ariznabarrean, 18:00etatik 20:45era. Asteburuetan itxita egongo dira.

Bestetik, bihar hasiko dira jarduerak Abetxuku, Adurtza, Astronomo eta Zaramagako pilotalekuetan, zuzeneko erreserba eginda. Atzodanik erreserbatu daitezke, eta leku bakoitzean dagozkion euskal pilotako modalitateak praktikatu ahalko dira. Erabiltzaileek maskara eraman beharko dute, kirola egiten ari direnean izan ezik. Materialak desinfektatu egingo dira erabili aurretik eta ondoren, bakoitzak bere kirol-poltsa eraman beharko du, eta ezingo da espazio komunetan egon.

Bihartik aurrera, halaber, Hegoalde gizarte etxeko squash pista erabili ahalko da zuzeneko erreserba eginda. Horietaz gain, beste pista batzuk irekiz joan dira Mendizorrotzeko eta Gamarrako instalazioetan zein gizarte etxeetan: badminton, tenis, mahai-tenis eta padel pistak.

Gizarte etxeetako ariketa gelak ere atzodanik daude zabalik. Segurtasun-protokoloak ezartzen du maskara eraman behar dela sarbideetan, eta ezin dela ez aldagelarik ez komunik erabili. Edukiera kontrolatuko da, gela bakoitzean horren % 50 ez gainditzeko, eta erabilitako materiala behar bezala desinfektatuko da. Esteka honetan kontsultatu daitezke ariketa gelen erabilera- eta segurtasun-arauak.

Share