Prentsa Oharren banner

Covid-aren ondorioak kudeatzeko proposamenetan zentratuko den Kaleidos Sarearen lehen patronatuaren buru izango da Gasteiz

● Sendotze lokala, harreman ekonomiko berrietarako trantsizioa eta errealitatea aztertzeko indize berriak jorratuko dira jardunaldi teknikoan
Kaleidos Sarearen patronatuaren buru izango da Gasteizko Udala gaur arratsaldean, sarea osatzen duten bederatzi udalerrietako arduradun politiko eta teknikoak bilduko dituen topaketan. Sendotze lokala, harreman ekonomiko berrietarako trantsizioa eta errealitatea aztertzeko indize berriak jorratuko dira Borja Rodríguez Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotziak inauguratuko duten jardunaldi tekniko horretan. Gasteiz, gaur egun sarearen buru denez gero, anfitrioi izango da oraingo honetan, eta modu birtualean egingo da topaketa.
Gasteiz, Sant Boi de Llobregat, Getafe, Malaga, Bilbo, Burgos, Alacant, Santiago de Compostela eta Valentziako udalek osatzen dute Kaleidos sarea, 2000 abian jarritako proiektua, zeinen helburua baita administrazio lokalaren eta herritarren arteko interakzioa hobetzeko lan egitea. Topaketen giltzarria da udalek beren esperientziak eta proposamenak partekatzea, herritarren partaidetza hobetzeko, eta, hartara, bizi diren hiriei buruzko erabakiak hartzeko orduan inplikatu daitezela lortzeko.
“Sare honen bereizgarria da Espainia osoko udalak biltzen dituela, tamaina eta ezaugarri desberdinekoak, kolore politiko bateko eta bestekoak. Denok gara jakitun udalerriaren rola, udal-politikarena, inoiz baino erabakigarriagoa izango dela herritarrek Covid-aren ondoko aroa biziko duten moduan, eta erabakiak hartzen inplika daitezen lan egin beharra dago”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek.
Patronatuaren bileran, konfinamendu betean grabatutako bideo bat aurkeztu da, zeinek zuzenean laburtzen baititu sareko udal batzuen eta besteen proposamenak. Hain zuzen ere, zortzi proposamen zehatz lantzen eta garatzen ari da Kaleidos Sarea, Covid-19aren pandemiak eragindako egoera eta horren ondorioak kudeatzeko.
Sareko hirien ikuspegi estrategikoak partekatzea da gaurko topaketaren helburua, jakitun izanik udalek eragile izan behar dutela, krisialdi honetan, hirietako bizitza suspertzeko orduan. “Pobrezia ekiditea, desberdintasunak murriztea, zaurgarritasunari aurre egitea, gure lurraldea lehiatzeko eta lankidetzan jarduteko posizionatzea, horiek dira Covid-aren ondorengo politika lokalaren ardatzak”, adierazten da bere dokumentuetan.
2000. urteaz geroztik ari da lanean Kaleidos Sarea, atxikitako udalen esperientziak eta ikuspegi estrategikoak partekatzeko, honako hauen inguruan: sentsibilizazio-, partaidetza- eta komunikazio-prozesuak herritarrekin; administrazioen modernizazioa, aurrez aurreko lana eta lan telematikoa txertatuz; hurbileko ekipamenduak birdiseinatzea; harreman ekonomikoen eredu berrietarako trantsizioa; etika publikoko sistemak indartzea; errealitatea aztertzeko indize berriak planteatzea, eta gardentasun-mekanismo guztiak sendotzea.
Share