Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak 51 pertsona salatu ditu asteburuan Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik

Haietako 25ek etxeratze-agindua hautsi zuten

 Udaltzaingoak 51 zehapen-proposamen egin ditu asteburuan Covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik.

Salaketa horietako erdia (25) etxeratze-agindua hautsi zutenen aurka izan zen. Beste 14, aldiz, musukorik ez zutelako salatutako pertsonekin lotutakoak izan ziren. Haietako batean, 22 urteko gazte bat atxilotu zuten bere jokabidea salatu zuten udaltzainen aurka eraso egiteagatik eta desobedientziagatik.

Bestalde, beste 8 zigor-proposamen jarri zituzten Teodoro Gonzalez de Zarate kaleko hotel bateko logelan bildu ziren (baimendutako kopurua gaindituta) pertsonen aurka. Gainera, 2 salaketa jarri zizkieten ostalariei beren establezimenduetan musukorik gabe egoten uzteagatik; eta beste 2 lagun salatu zituzten 2 metroko segurtasun-distantzia mantendu gabe erretzen egoteagatik.

Bestalde, udaltzainek adingabeak eta nerabeak zeuden bi kale-edanetan jardun behar izan zuten, Ihurren eta Txagorritxun. Haietako lehenengoan 8 adingabe identifikatu zituzten, eta bigarrenean 5 gazte.

Asteburuan, Udaltzaingoak hiriko irteeretan kontrolak jarri zituen, baina ez zen salaketarik izan.

Beste jarduera batzuk

Udaltzainek atzo eguerdian 59 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ustez 19 urteko semeari eraso egin ziolako. Gertakariak San Kristobal auzoko kalean gertatu ziren, eta etxeko indarkeria-delituaren ustezko egilea zelakoan atxilotu zuten. Lekukoek emandako azalpenak eta biktimak zituen markak ikusita, bertaratutako udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten. Gaur epailearen aurrean agertzeko zitazioa du gizonak.

 

Share