Prentsa Oharren banner

Gasteizek ia 230.000 euro inbertituko ditu elikadura osasungarriari buruzko programetan

Eskola eremuan zein komunitatean elikadura-ohitura osasungarriak bultzatzeko jardueretarako kontratua esleitzea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak. Ikastetxeetan eta gizarte etxeetan garatzekoak diren jarduera teoriko eta praktikoen multzo zabal batek osatzen du ekimena, herritarrek ahalik eta dieta anitz eta osasuntsuena izaten ikas dezaten.

Izan ere, elikadurak berebiziko garrantzia du, horren mendekoak baitira osasuna eta organismoaren funtzionamendu egokia, besteak beste. Hori dela eta, beharrezkoa da bizitzaren etapa guztietan zuzen elikatzea, pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta nutrizio beharrizanak kontuan hartuz une oro. Jardueren kontratua hiru multzotan banatuta dago —guztira 229.534 euro— eta bi enpresari esleitu zaizkio.

Eskoletan, “Ondo gosaldu” eta “Hamaiketakoa eta askaria, indarrak berreskuratzeko” programak sustatuko ditu Udalak; ikasleek otordu horiek osasunean zenbateko garrantzia duten ikasten dute, eta gosaltzeko zein hamaiketakoa egiteko aukera osasungarriak ezagutzen. Lehenengo, nutrizionista batek saio teorikoa ematen die; ondoren, otorduak prestatzen dituzte, ezagutza horiek oinarritzat hartuz.

Gizarte etxeetan eta beste ekipamendu sozial batzuetan ere egingo dira elikadura eta osasunari buruzko lantegiak. Maila teorikoan, elikadura osasungarriari buruzko dinamika parte-hartzaileak baliatuko dira edukiak lantzeko. Bereziki azpimarratuko dira higiene eta osasun neurriak eta elikadurak osasunerako duen garrantzia, eta COVID-19aren pandemiarekin lotuta espresuki, pertsona osasuntsuek sasoian jarrai dezaten eta gaixotu direnak errazago senda daitezen. Maila praktikoan, zenbait plater prestatu eta azalduko dira parte-hartzaileen aurrean, horiek egiten ikas dezaten, “Elikadura eta osasun orokorra”, “Familiarteko sukaldaritza” eta antzeko lantegietan.

Aurreko ikasturteetan, ia 3.500 pertsonak hartu ohi dute parte elikadura osasungarriari buruzko lantegi eta ikastaroetan.

2020-2021 ikasturterako elikadura eta osasunari buruzko 156 lantegi aurreikusi dira hiriko gizarte etxeetan, gehi udalaren beste zerbitzu batzuekin edo beste entitate batzuekin batera antolatutako beste jarduera puntual batzuk. Hezkuntzaren alorrean, 51 eskabide egin dira “Ondo gosaldu” programarako, eta 64 “Hamaiketakoa eta askaria, indarrak berreskuratzeko” programarako. Kontratuaren xedearekin lotuta sortzen diren beste jarduera batzuei ere erantzungo zaie.

Ikasturte honetan, eta osasun egoera kontuan hartuz, prestakuntzaren zati bat bideokonferentziaz egitea aurreikusi da, beharrezkoa izanez gero.

 

Share