Prentsa Oharren banner

Autobus zerbitzu berezi berriek TUVISAko lineak indartuko dituzte puntako orduetan eta beharren arabera

TUVISAk zerbitzuak indartu ditu berriro, nahiz eta bidaiarien eskaria % 50ekoa izan, aurreko urtekoaren aldean. Eskariaren % 80 biltzen duten 2., 4., 5., 6. eta 7. lineetan lanegunetako maiztasunak % 100era igo ondoren, lau zerbitzu berezi berrik errefortzu-lanak egingo dituzte datorren astetik aurrera, puntako orduetan, TUVISAko presidente Raimundo Ruiz de Escuderok gaur jakinarazi duenez. Lehendik une jakinetan errefortzu-lanak egiten zituzten goizeko bost autobus bereziei eta arratsaldeko lauei gehituko zaizkie lau ibilgailu horiek, Jundizeko zerbitzuaz edo bestelako ordezkapenez gain. Lehen orduan eta eguerdian ibiliko dira lau autobus berriak, garraio konpainiako ikuskatzaileek antzemandako beharren arabera.

Ruiz de Escuderok gogorarazi duenez, TUVISAko teknikariek egunero kontrolatzen, aztertzen eta diagnostikatzen dute garraio publikoaren zerbitzuaren egoera, Gasteizen hautemandako garraio-premien eta udal-enpresak dituen bitartekoen arteko oreka lortzeko. “Eskaintzak, oro har, eskariak baino ehuneko 25-30 puntu gorago jarraitzen du”, azaldu du.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak azpimarratu duenez, 140.000 euro baino gehiago inbertitu ditu TUVISAk Covid-19ari aurre egiteko ekintzetan —norbera babesteko ekipamenduak, garbiketa-produktuak, desinfektatze-lanak, eguneroko garbiketa indartu eta areagotzea, segurtasun-manparak eta beste—.

Share