Prentsa Oharren banner

Gasteizek merkataritza eta ostalaritza-enpresak ezarri eta modernizatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du

Maider Etxebarriak dioenaren arabera, aurkeztutako proiektuek “inbertsioaren % 25 eta % 40 bitarteko dirulaguntza jaso ahal izango dute”.

Laguntzek ildo berri bat dute, terrazetarako altxariak erosteko.

Gasteizko Udalak txikizkako merkataritzaren, zerbitzu pertsonalen eta ostalaritzaren arloetako enpresa txikiak —50 enplegatu, gehienez— ezartzeko eta berritzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du. Eskabideak ekainaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dira eta deialdiak 300.000 euroko aurrekontua du. Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak azaldu duenez, “sektorearen eskaerak aintzat hartu ditugu eta aurkeztutako proiektuek inbertsioaren % 25 eta % 40 bitarteko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte. Dirulaguntzak ahalik eta lokal gehienetara iristea espero dugu, atzeraeraginezkoak izango direlako gainera. Zehazki, 2020ko uztailaren 18tik hil honetako 18ra bitartean egindako gastuak ordainduko dituzte”.

Laguntza-ildoaren helburua da hiriko enpresa txikien lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea. Honako hauei zuzentzen zaie deialdia: abian jartzeko edo berritzeko inbertsioa egiten duten saltokiak, tabernak, jatetxeak, hotel txikiak, eta zerbitzu pertsonalen negozioak —hala nola ile-apaindegiak eta estetika-zentroak—. Diruz lagundu daitezke, besteak beste, ekintzak hauek: lokalak zaharberritzekoak, ekipoak hobetzekoak —jarduera nagusiarekin zerikusia duten makinak eta altxariak, eguzki-oihalak, pertsianak, aire-garbigailuak eta manparak—, eta pandemiak eragindako aholkularitza-gastuak.

Berrikuntza gisa, deialdiak ildo bat dauka Udalak baimendutako mahai hankabarrak ekipatzeko elementuak erostea diruz laguntzeko. “Pauso hau ematen dugu ostalaritzari laguntzeko, terrazak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dituelako. Laguntza hauekin eguzki-oihalak, mahaiak, aulkiak, aldi baterako itxiturak edo lorontziak erosteko dirulaguntzak emango dira”, gehitu du Etxebarriak.

 

Share